28 JUL. 2023 - 10:00h Ordainpeko eremuan sartuko dira gaur, elkarteen eguna kari, Baionako Bestak Bigarren gaua giro ederrean igaro ondoren –aparteko ezustekorik ez zela izan baieztatu du Prefekturak– ordainpeko eremuan sartuko dira Baionako Bestak. 12 euroko eskumuturra eraman behar dute 16 urtetik gorako guztiek, baionarrek salbu. Elkarteen Eguna ospatzen dute ostiral honetan. Peñek haien egoitzak zabaltzen dituzte bestetako giroa gau eta egun bermatuz. (Patxi BELTZAIZ) NAIZ Pirinio Atlantikoen Prefekturak goiz honetan plazaratu duen agiriaren arabera bestetako bigarren gaua giro lasaian igaro da Baionan. Bilan horren arabera labana zeraman pertsona bat atzeman zuen bart Poliziak. Alkoholemia neurtzeko kontroletan 450 auto gelditu zituen Poliziak eta zortzi gidarik alkohol tasa gainditzen zutelako isuna jaso zuten. Bestetako lehenengo gaua, ordea, espero baino jendetsuagoa izateaz gain askoz gorabeheratsuagoa suertatu zen. Izan ere, «guztiz baieztatu gabeko» eraso sexista pairatu zuen emaztea artatu zuten asteazken gauean Samu zerbitzuan. Horretaz gain, «garezurreko traumatismoa» jazo zuen beste batek, «apartamendu batean, hots bestaren eremu eta girotik kanpo» gertatu zen beste eraso sexista batean, betiere Estatuaren delegazioak emandako informazioaren arabera. Oroitzearren, Baionako bestetan hainbat neurri plantan eman dituzte azkene urteotan, erasoa pairatzen duten emazteek norengana jo izan dezaten. Hala 2017. urteaz geroztik bortizkeria sexista ekiditeko protokoloa aplikatzen dute. Pundu morea duen afixa gero eta toki gehiagotan ikusten da, eta peña askok beraien egoitzak «safe toki» (toki seguru) gisara identifikatzen dituzte. Horretaz gain profesionalak eta militanteak txandakatzen dira Aturriko campusaren ondoan kokatzen den Maina zerbitzuan. Xapito zurien azpian harrera egiten diete emazteei 16.00etatik 21.00etara. Ordu horretatik eta goizaldekon 04.00ak arte Itaia talde feministak bere gain hartu du aurten lehen aldikoz emazteekiko bortizkeriaren arazoari gauean ere behatzeko lana. Ordainpeko eremua Lehenengo bi jardunaldiak gaindituta, ostiral honetan ordainpeko aroan sartuko dira Baionako bestak. Goizeko 10.00etatik aitzin aurten 12 euroan saldu duten eskumuturra erakutsi beharko dute 16 urtetik gorako bestazale guztiek. Baionarrek, ordea, doan eskuraru dute pultsera. Gero eta gehiago internet bidez erosten da eskumuturra. Edonola ere, bai posta bulegoetan, baita Ipar Euskal Herria eta Landetan ezarritako 70 salmenta postuetan aukera izan da aitzinetik pultsera hori erosteko. Baionarrek beraiek udaletxean bertan ahal izan dute eskumuturra hartu, haien kasuan doan. Izan ere, gaurdanik eta igandera arte hesiturik den besta eremuan sartu nahi duenak azkene aukera dauka, orotara zazpi bat salmenta kutxa zabalik baitira aipaturiko eskumuturra erosteko. 82 peña daude Lapurdiko hiriburuan Ostiral honetan elkarteen eguna ospatuko dute Baionan. Hala, urtean zehar hiriaren alde jarduten duten elkarteen lana nabarmenduko dute aipamen berezia egiten bestetako aktoreei. Baionako bestek kutsu herrikoia atxikitze aldera ezinbestekoa baita 3.000 bat herritar biltzen dituzten 82 peña horiek egiten duten lana. Horretaz gain, berdin karrika animazioa edota kultur eta kirol ekimenak bermatzen dituzten beste talde askoren ekarpena gehitu behar zaio: konpartsak, musikariak, dantzariak... zerrenda luzea da. Kale giroak garrantzi handia du Baionan, horren adierazle mila bat musikari aritzen dira bestek irauten duten bost egunetan bestak alaitzen. Horietatik 74 Udalak kontratatutakoak dira. Hor sartzen dira 34 fanfarre edo banda, 30 talde tradizional eta 10 abesbatza.