20 AGO. 2023 - 15:25h Zientzialariek ohartarazi dute kutsadurak osasun mentaleko arazoak areagotzen dituela Londresko King's Collegen landutako ikerketa baten arabera, kutsadurarekiko esposizio handiak areagotu egiten du buruko osasun baliabideen erabilera: %27 aurrez diagnostikorik ez duten pertsonen kasuan eta %38 dementzia dutenen kasuan. Londresko irudi bat, behelainoaren azpian. (GETTY) NAIZ Atmosferaren kutsadurak, berotze globalaren eragileetako bat izateaz gain, gizakien buruko osasunean eragiten du, Londresko King's College-en azterlan berri batek argitu duenez. Ikerketa horren arabera, kutsaduraren esposizio handiak osasun zerbitzuen erabilera areagotzen du, bereziki dementzia arazoak dituzten pertsonengan. «Atmosferaren kutsadurak, gure osasun fisikoan ez ezik, buruko osasunean ere badu eragina», ohartarazi dio EFE agentziari Amy Ronaldsonek, Londresko King's College-ko Psikiatria, Psikologia eta Neurozientzia Institutuko doktoreak eta ikertzaileak. Ronaldson doktoreak, Ioannis Bakolis Bioestatistika eta Epidemiologiako irakaslearekin batera, zuzentzen duen azterlanaren arabera, «kutsadurak areagotu egiten du buruko osasun zerbitzuen erabilera», eta behar medikoa sortzen du. Dementziaz diagnostikatutako 5.000 pertsona baino gehiagoren portaerak ikertu dituzte. Hain zuzen, hiriaren hegoaldean bizi diren pertsonekin egin dute lan, eremu honetan poluzio maila handia dagoelako: «Dementzia duten pertsonen zerbitzu psikiatrikoen hazkundearekin lotuta dago poluzioaren eraginpean egotea», ondorioztatu dute bederatzi urte luzetan garatu duten azterlanean. Horrela, ikerketaren arabera, kutsadurarekiko esposizio handiak areagotu egiten du osasun baliabideen erabilera; diagnostikorik gabeko pertsonen beharra %27 igotzen da, eta dementzia dutenen artean, %38. Mehatxu globala Nazio Batuen Erakundeak (NBE) dioenez, kutsadura da «mehatxu global handiena», eta uste du urtero zazpi milioi heriotza goiztiar eragiten dituela mundu osoan. Ikerketak adierazten duenez, nitrogeno dioxidoa eta partikula esekiak dira agente patogeno nagusiak. Eguneroko trafikoak, fabrikek edo etxeko jarduerek eragiten dituzte, besteak beste. Bakolis doktorearen esanean, «berriki frogatu dutenez, partikula txiki batzuk sudurretik sartu eta burmuinera irits daitezke». Azterketaren ondorioak beste hirigune handi batzuetarako ere balio dezakete, hala nola Milan edo Madrilen kasuetan, Munduko Osasun Erakundeak (OME) gomendatutako batez besteko kutsadura-mailen gainetik baitaude.