26 AGO. 2023 - 05:00h Txosnen apainketa, aldarrikapen ugari eta memoria historikoa Aste Nagusian Euskara, euskal presoen eskubideak, kritika politikoa eta duela 40 urteko uholdeak erabili dituzte konpartsek aurtengo Aste Nagusiko txosnak apaintzeko. Urtero bezala, txosna dotoreenak Kanpaia saria eraman du eta, noski, gutxien ahalegindu denarentzat izan da Eulia saria. Trikimailu, Txori Barrote, Txinbotarrak eta Hontzak konpartsen txosnak. (Andoni CANELLADA | FOKU) Marcel Pena BILBO Aste Nagusiko atrakzio nagusietako bat da Areatzan zehar (Arriagaren atzealdetik Udaletxeko zubiraino) jarritako txosnen dekorazioa ikusiz gozatu ahal izatea. Txosna horietako bakoitzak arrazoi politiko, sozial, historiko edo ludikoekin apaindu ohi du bere espazioa eta urtero Aste Nagusiaren amaieran, Bilboko Konpartsen federazioak ondoen apaindutako txosna saritzen du... baita zeregin horretan gutxien ahalegindu dena ere. Euskara, euskal presoen eskubideak, ekologismoa edo kritika politikoa dira txosnetako fatxada asko hartzen dituzten gaiak jaietako hamar egun hauetan. Horren adibideetako bat Hontzak da, bere eszenaratzea gehien lantzen duen konpartsetako bat, eta aurten ere EAJren aurka egin du “El Oasis Vasco”-ri eskainitako txosnarekin. Pa... Ya! konpartsak mural handi bat eskaini dio aldarrikapen politikoari. Zehazki, Otxarkoagako Pottokiek txiki-txiki egiten duten osasun publikoaren balioa azpimarratzen dute, urrez bustitako IMQren instalazio batzuk babesten dituzten Urkullu “Gargamel” eta bere katu Ortuzar “Azrael” protagonista direla. Uholdeak Itzela da Txori Barrote konpartsak euskal presoen etxeratzea eskatzeko muntatutako txosna ere. Okil handi bat, txosnaren ikurra, barraren gainean ageri da, ondoan “Bada ordua” leloa duela. Euskararen alde lan egiten duten hainbat txosnak aldarrikapen honekin zerikusia duten leloekin bete dituzte euren guneak: Algara, Hau Pittu Hau, Hor Dago Abante... Azken honek “Euskaldunon Egunkaria”-ren itxiera ere gogoratu du, Auzitegi Nazional espainolak hedabidea ixtea agindu zuenetik 20 urte bete direnean. Gai horiez gain, aurten txosna askok erabaki dute duela 40 urteko uholdeak gogoratzea euren apainketarekin; besteak beste, Satorrak, Eguzkizaleak, Txinbotarrak eta Trikimailu konpartsek. Azken honek erabaki du benetako “Etorkizunerako Itzulera” egitea bere txosna dekoratzeko eta Robert Zemeckisek zuzendutako filmeko irudiekin dotoretu dute barraren atzeko partea, 1986ko abuztuaren 26ko zoritxarreko egunera bueltatzeko. Txosnan Marty McFly-k eta Emmett Brown doktoreak erabilitako DMC DeLorean-en erreplika bat ikus daiteke. Olatu honen gainera igo da Kaskagorri ere. Ohi bezala, Bilboko gazteen konpartsaren txosna Aste Nagusiko altuena da, eta «gazte olatuak» bultzatutako txalupa baten agintean dagoen Asterix errebeldearen hogei metroko marrazkia du ikusgai. Banakako omenaldiak ere eskaini dizkiete hainbat txosnak azken urtean albiste izan diren Bilboko eta Euskal Herriko lagun batzuei. Adibidez, joan den uztailean erretiroa hartu zuen Martxelo Otamendi, hiru hamarkadaz “Berria” egunkariko zuzendaria izan dena, eta Polonian kartzelatuta urtebete baino gehiago daraman Pablo Gonzalez kazetaria gogoratu ditu Hor Dago Abante! konpartsak. Urtean zehar zendu diren konpartsakide batzuk ere omendu dituzte euren konpartsek. Hain zuzen, Lurdes Luke Bilboko Konpartsak federazioko presidentea izan zena eta Miren Basaldua mugimendu ekologistako erreferentea, hurrenez hurren, Satorrak eta Bizizaleak konpartsen txosnetan gogoratu dituzte. Kanpaia eta Eulia sariak 2007tik Bilboko Konpartsek Kanpaia eta Eulia sariak banatzen dituzte, txosnen dekorazio «dotoreenari» eta «traketsenari» ematen zaizkienak, hurrenez hurren. Sari horien helburua txosnen dekorazioa hobea izan dadin bultzatzea da. Egitura eta konpartsa bakoitzaren ahalmenak kontuan hartzen dira Kanpaia eta Eulia zeini eman erabakitzean. Aste Nagusiaren aurtengo edizioan, konpartsen botoek eta epaimahai artistiko batek erabaki dute txosna dotoreena eta grazia gutxien duena zeintzuk diren. Joan den asteazkenean jakinarazi ziren aurtengo Kanpaia eta Eulia sariak. Aurtengo Kanpaia saria Trikimailu konpartsak eraman du, “Etorkizunerako Itzulera” txosnaren dekorazioagatik. Sari hau irabazi duten lehenengo aldia da aurtengoa. Eulia saria, aldiz, Irrintzi konpartsarentzat izan da, zeinak eskarmentu handiago duen sariketa honetan: joan den urtean ere irabazteaz gain, guztira bost aldiz «irabazi» dute Eulia. Saritutako bi txosnek garaikur horiek ikusgarri jarri dituzte eta hor izango dira Aste Nagusia bukatu arte. Gaurdaino, Hontzak konpartsa da Kanpaia sari gehien irabazi dituena, sei aldiz, hain zuzen; azkena iaz lortu zuten “Jaungoikoa eta Lagi Zarra Money Making Machine” izeneko txosnarekin. Eguzkizaleak konpartsa, lau sari dituena, bigarrena da ranking honetan. Euliari dagokionez, Irrintzi da kategoria honen garailea, Satorrak eta Moskotarrak konpartsen aurretik; azken biek bitan jaso dute garaikur hori.