01 SET. 2023 - 00:00h Orixol, gure mendien isilpeko txokoak Arabako ipar-ekialdean dago Kantauriar isurialdeko altxorra. Aramaio herria, Oriol, Ipizte, Udalatx eta beste atx, haitz askok babestua, paradisu berde-berdea da. Haitzek isiltasuna eta isilpeko txoko dotoreak gordetzen dituzte lanbropean; adibidez, Santa Krutz abadearen kobazuloa. Bidean, paraje ikusgarriaz goza daiteke. Testua eta argazkiak: Andoni Urbistondo Aramaio Arabako udalerri handienetakoa da tamainaz. Euskaldunena ere bai. Kantauriar isurialdean dago, Debagoiena bailaran, baina bertakoak arabar harro sentitzen dira. Belaze berdez jositako Suitza txikia dirudi Aramaiok, han eta hemen barreiatzen diren auzo txiki eta baserri dotoreekin. 300 bat metrora dago Ibarra, udalerriko auzo nagusia, eta haren gainean, zaindari, mendi dotore askoak: Oriol (Orixol bertakoentzat), Ipizte, Udalatx, Tellamendi… Atx, haitz ikusgarrien paradisua da hau; Anbotoko piramide perfektuaren seme-alabak dira txoko dotore honen jagoleak. Mila metrotik gorako tontorrak dira denak, eta libratu beharreko desnibela handi samarra da. Aramaioko Etxaguen auzotik abiatuko dugu txangoa. Oriol mendiko ertz luzea izango dugu buruz gain une oro, baita leizeko Atxak eta Ipizteko gailurra, pago eta haritz baso itxiak gordea. Lainoa dago, eta lanbro izpiak ere bai, baso bide hostotsua hezetuta baita. 800-900 metrotan dago lanbroaren muga, baina ez dauka jasotzeko itxura handirik. Iparra da nagusi uda honetan Euskal Herrian, eta haize horrekin jakina da gurean zer eguraldi izaten den, Kantauriar isurialdean behintzat. Ipizteko atxak inguratuko ditugu, Kasatxo aterpea igaro ostean. Mendebalderantz, aurrena, eta hegorantz, ondoren. Ipizte eta Tellamendi mendien arteko lepoan Anbotok agertu behar zuen gure begien aurrean, agintari, baina Marik gaurkoan ezetz erabaki du, ez dugula Anboto ikusiko. Ez Anboto, ez Gorbea, ez eta Udalatx ere. Bideak, baina, ez du interesik galtzen. Hosto basoan barrena egiten da aurrera, udazkena bailitzan, eta onddo eta gibelurdinak xendaren ondoan topatu ditugu, lodi. Lastima kapazua ez ekarri izana! Maldatxo bat gaindituta, Ipizte gailurrera iristen da (1.057 metro). Zuhaitzez inguratuta dago, eta ez dauka ikuspegi on-onik. Lanbroa jolasean dabil, batzuetan hautsezin, besteetan iheslari, Kantauri eta Mediterraneo isurien borrokaren lekuko. Hego norabidea hartu behar da, garbi, Oriol aldera, baina lehenago, eguneko geldialdi garrantzitsuena. Santa Krutz abadearen koba Ipizteko atxen magalean, kobazulo berezia dago. Hara iristeko bidea jakin behar da, eta dakien norbaitekin joatea komeni, kobaren magalean Aramaioko bailara eta amildegi handia baitaude. Ipizte gailurretik bost minutu eskasera dago Manuel Santa Krutz abadeak babes hartu zuen zuloa, karlistek erabaki zuten heriotza zigorretik libratzeko. Santa Krutz abadea karlista petoa zen, liberalen aurkakoa, eta haien aurkako ekintza armatuak gidatzen zituen. Liberalen kontrario, aurrena, karlistena ere bilakatu zen ondoren, haien erabakiekin ados ez. Triskantza handi samarrak gidatu zituen liberalen aurka, eta Lapurdiko Larhun mendiaren magalean babesten zen, atxiloketa saihesteko. Halako batean, ordea, harrapatu zuten, eta heriotza zigorrera kondenatu. Aramaioko Udaletxean preso hartu zuten, baina leihotik ihes egitea lortu zuen gerrikoari lotuta eta zaindaria engainatuz. Aixola errekastoan orduak eman omen zituen gordeta, eta zirrikitua ikusitakoan mendian gora egin, hango baserritarrek lagunduta. Ipizte magaleko Nardi koban babestu zen, errekastoan orduak igaro ondoren, hil edo biziko egoeran baitzen. Koban egunak igaro zituen, erreskatatu zuen baserritarraren semeak jana eta edaria ematen zizkiola; eta zaintza lasaitu zenean, Larhun aldera hanka egin zuen berriz. Nardi koba oso berezia da. Bertara iristen zaren arte ez da ikusten, eta hain da estua, ezinezkoa baita aurreraka zeharkatzea. Atzerantz egin behar da bidea ezinbestean, irtengune batzuen bitartez. Tentuz, betiere. Hiruzpalau metroko lur zati lau bat dago bestaldean, eta gure begien aurrean, amildegi handia. Gordeta egoteko toki onen bat baldin bada, Nardi koba berezietan berezia da. Xendara bueltatuta, Ipiztetik Oriolera GR-12 edo Euskal Herriko bidean barrena aurrera egingo dugu. Ipizte tontorreraino xenda zena, askoz bide zabalagoa eta garbiagoa da orain, galtzada erromatar itxurakoa. Euskal Herriko aberastasun klimatikoaz jabetu gara bertan, tarte txikian zoru hezetutik erabat lehorrera jauzi egin baitugu. Hego-mendebalderantz begiratu eta Otxandio, Legutio eta Ulibarriko urtegi erraldoia ikusi ditugu, lanbroa atzean uztearekin bat. Ipar haizeak indarra galdu du, nonbait, Udalatx, Anboto eta beste zeharkatzen, eta hego isurian lanbroa desagertu egin da. Azken ahalegina Oriol eta Ipizteko lepoan azken ahalegina. Bi kilometro eskas Oriol gailurreraino. Ipizte baino askoz ikusgarriagoa da Oriol, ez baitauka zuhaitzik inguruan. 1.132 metroko gailurra da, eta eguratsak argitze aldera egin badu ere, Ipiztetik iparrera Udalatx zeharka agertu zaigu begien aurrean. Anboto handia, aldiz, egoskor, lanbropean. Etxaguen auzora bueltatu beste lanik ez daukagu. GR-12an barrena, aurrena, Kurtzeta leporantz, Aramaio eta Legutioko lurrak banatzen dituen lepoa. Hara iritsi aurretik hartu behar dugu atzera iparrera buelta, Aramaioko Etxaguen eta Gantzaga auzoetarantz. Ordu erdi pasatxo, 2.7 kilometroko tartea egin, pistan barrena ia beti. Oriol azpitik pasatuko gara, eta orduan jabetuko gara mendi honek, itxuraz biribildua eta apala izanda ere, amildegi handia daukala magalean dauden auzoetaraino: 700 metro pasa, hain zuzen ere. Neguan, elur eta hotz egunetan, korridore zenbait ere sortzen dira Oriolgo ipar horman. Etxaguen auzoan ur freskoa ematen duen iturria eta aska topatuko ditugu, lokaztutako oinetako eta hanka zuztarrak lasai garbitzeko. Sabela berdintzeko gogoa ere bai, bost ordu pasatxoko mendi bueltaren ondoren.