GAIAK

Izaro bueltan dator disko eta bira berriarekin

«Aro berri bat. Bueltan naiz». Horrela iragarri du sare sozialetan Izaro Andresek hurrengo proiektua. Disko berria kaleratuko baitu abenduaren 8an eta 2024ko urtarrilean abiatuko du aurkezpen bira. ‘Zero’ introa zintzilikatu du astelehen honetan plataforma digitaletan.


«Zero / hasiera edo / ez hotza ta ez bero / zulo efimero», horrela hasten da ‘Zero’, Izaro Andresen lan berriaren ‘introa’. Abenduaren 8an argitaratuko du bere lan berria, eta aurkezpen bira urtarrilean hasiko da. Sarrerak astelehen honetan jarri dituzte salgai.

Urtarrilean itxi zuen musikari mallabiarrak ‘Limones en Invierno’ (2020) diskoaren bira arrakastatsua. Hilabeteak eman ditu sare sozialetan ezer argitaratu gabe eta orain, iraila hastearekin, disko berria plazaratzera doala iragarri du.

Abenduaren 8an iritsiko omen da, eta 2024ko urtarrilean abiatuko du aurkezpen bira.

Lehen kontzertu horietarako sarrerak salgai dira astelehen honetatik (irailak 4) aurrera. Data batzuk aurreratu ditu jada: Urtarrilaren 2an, Bilboko Euskaldunan; 3 eta 4an Donostiako Kursaalean; 13an Las Palmaseko Insular aretoan; eta 20an, Pozuelo de Alarconeko Teatro Miran.

Otsailari dagokionez, 3an Gasteizen (sarrerak azaroaren 23an jarriko dira salgai); 9an Bartzelonako Apolo aretoan (irailaren 5an salgai); 18an Iruñeako Baluarten; eta martxoaren 2an Sevillan. Xehetasun gehiago Izaroren web orrialdean.

Lan berriaren aurrerapen gisa, ‘Zero’ introa zabaldu du plataforma digital guztietan. Badator estudioa arduratu da ikus-entzunezkoaz eta argazkiez.