GAIAK

Pozalagua, lurpeko katedrala

1957an gertatu zen. Dolomia harrobi batean lehergailu baten eztandak zulo bat egin zuen mendian, lur azpian milaka urtez hermetikoki zigilatuta egondako mundu liluragarri bat agerian utzi zuena: Pozalagua.

Haitzuloko irudia.

Berezia eta ederra da, benetan, Pozalaguako haitzuloa. Eta xelebrea da, halaber, bere aurkikuntzaren inguruko istorioa: 1957ko abenduaren 28an aurkitu zuten, kasualitatez, Dolomitas del Norte S.A. enpresak dolomia harrobian leherketa bat eragin ostean. Sorpresa handia izan zen, haitzuloaren tamainaren adinakoa: 125 metroko luzera, 70eko zabalera eta 20ko altuera.

Bilbotik 52 kilometrora dago, Armañongo Parke Naturalaren bihotzean, Ranero tontorrean, Enkarterrietako Karrantza udalerrian, eta 1991n zabaldu zuten bisitarientzat.

Zutabe deigarriak, estalaktitez jositako sabaiak... Bisitaria liluratuta gelditzen da sartu eta berehala. Gainera, ohiko estalaktitez eta estalagmitez gain, estalaktita “eszentrikoak” ere aurki daitezke Pozalaguako leizean. Horma eta sabaiak sustrai edo adaxka lehorren formako estalaktitez josita daude. Izan ere, hor datza kobaren misterioa eta garrantzia. Horrek bereizten du besteetatik. Munduan eszentriko gehien dituen koba da Karrantzakoa; hurrengoa Australian dago.

Eszentrikoak oso formazio bitxiak dira, ez direlako beherantz hazten, alboetara baizik, eta, ondoren, gehienek berriro ere gorantz egiten omen dute. Kristalizazioa, eremu magnetikoak, kapilaritatea... Fenomenoaren arrazoia ez dago argi, adituak ez datozelako bat. Eta, ondorioz, zenbait teoria daude.

Laku desagertua

Dirudienez, duela hainbat urte laku bat egon zen bertan. Txikia zen, hogei zentimetroko sakonera baino ez zuen urak, baina 1976an, harrobiko azken leherketak arrakalak sortu zituen kobazuloko lurrean, eta zirrikitu horietatik desagertu zen ura. Jada ez da tanta bat bera ere geratzen.

Aurrera egin ahala, bisitaria Auditorioa izeneko aretora iritsiko da, non organo itxurako zutabea ikus dezakeen. Akustika ezin hobea dagoenez, garai batean bisita gidariek zutabea kolpatzen zuten hagatxo batekin, toki jakin batzuetan joz soinu berezia egiten zuelako. Alabaina, ohitura hori bertan behera gelditu zen, zutabea hondatzen zelako.

Versalles aretoa

Versalles aretoa ere oso garrantzitsua da, estalaktita eszentriko gehienak hantxe daudelako. Ohiko estalaktitak eta koral forma dutenak trinkoak di≠ra, baina eszentrikoak eta haga itxura dutenak makarroien antzekoak dira, hutsik daudelako barrutik.

Gertu dago haitzuloko beste harribitxia: Torca del Carlista sima. Gainazaletik, 60 metroko putzua du eta, ondoren, 90 metroko erorketa askea. Barruan, zulo itzela. Sorgin itxurako zutabea, magdalena erraldoiak diruditen estalagmitak... Deigarriak dira formazioen itxura eta koloreen kontrastea. Zati zuriak kaltzio karbonatozkoak dira; gorrixkagoak, ordea, burdin oxidozkoak. Mundu magikoa dirudi. Ikusgarria eta magnetikoa erabat.

Haitzulotik kanpo ere badago zerikusirik. Adibidez, dolomia harrobi zaharrean egindako anfiteatroa, orain dela urte batzuk eraikitakoa. Harmailak diamante hari batez landu ziren, eta kareharria eta dolomia perfekzioz moztu zituzten, marmol itxura hartuz. Gainera, zebra dolomia azaleratu zen.