GAIAK

Kuttune taldeak iragana, oraina eta geroa batu ditu ‘Zer ote da?’ disko berrian

Kuttune taldeak bigarren diskoa plazaratu berri du, ‘Zer ote da?’. Oinarria euskal folklorea badu ere, iragana, oraina eta etorkizuna uztartu nahi izan dituzte, ikerketa lanaren, fusioaren eta espermientazioaren bidez, hurrenez hurren. Bihar eskainiko dute lehen konzertua.

Taldeko hainbat kide, diskoaren aurkezpenean. (Oskar MATXIN | FOKU)

«Fusioa da Kuttuneren esentzia», azaldu du Nerea Quincocesek taldearen bigarren diskoaren aurkezpenean. Bederatzi musikarik osatzen dute proiektua, Quincocesek gidatuta, eta ‘Zer ote da?’ lana plazaratu berri dute Elkar argitaletxearen eskutik. Hain zuzen ere, Quincoces bera arduratu da lan berriko konposizio eta moldaketa gehienetaz, eta taldeko ahotsa eta perkusio jolea ere bada.

Bilboko Poza Lizentziatuaren kalean dagoen Elkar disko eta liburu dendan egin dute lan berriaren aurkezpena, asteazken honetan. Andres Camio ‘Jitu’ Elkar argitaletxeko musika departamentuko arduradunak azaldu du euskal folkorea dela lanaren oinarria, iragana, oraina eta geroa batera uztartzeko baliatzen dituzten fusioa, ikerketa lana eta esperimentazioarekin batera, betiere.

Izan ere, Quincocesek adierazi du egun inguruan badaukagula beste jatorri batzuetako musikaren eragina, hala nola, Afrika iparraldeko doinuena, eta arrasto hori nabaria dela ‘Zer ote da?’ diskoan.

Halaber, taldearen buruak azaldu du diskoa Jose Antonio Urbeltz musikologoaren liburu batean oinarrituta dagoela. Hamabi kanta dira guztira, erdia konposizio eta moldaketa propioak eta beste erdia kantutegietatik hartutako abestiak. Gaineratu du «arbasoek utzi diguten kulturan oinarritutako» musika dela sortzen dutena, betiere Kuttuneren bereizgarri den fusioaren eraginarekin.

Quincocesekin batera, beste zortzi musikarik osatzen dute Kuttune: Jordi Acusa baxu elektrikoaz eta moldaketetaz arduratzen da; Charlie Santiago ahotsez; Pablo Dávila albokaz eta klarineteez; Aingeru Torre saxofoiez eta ‘Zure begi ejerra’ kantuaren moldaketaren egilea da; Tania Loza piano joleak koruak ere egiten ditu; Pablo Bueno gitarjolea ere aritzen da koroetan, eta disko fisikoan datozen argazkiak bereak dira; Unai Olabarrik bateria jotzen du; eta Irene Gil de Sotok txirula jo eta koruak egiteaz gain, letretaz ere arduratu da. Diskoaren azala Alejandro Quincoces margolariak egindako koadroa da.

Gil de Sotok aurkezpenean olerki baten bidez azaldu du berarentzat diskoaren esentzia zein den: «Iragana... Zer ote da? / Gaur garenaren zergatia / Izango garenaren muin harria / Gure sena. Gure erroa. Gure ildoa».

Bere hitzetan, «diskoaren haria transmisioa da».

Adierazi du kaleratu berri duten lanean garrantzia «gure paisaiari, tradizioei eta emakumeen rolari» eman nahi izan dietela, letrei erreparatuz gero agerian geratzen denez.

Gaur bertan kaleratu dute disko berria eta ohiko plataformetan ere badago eskuragarri formatu hori nahiago dutenentzat, baina hiru single plazaratuak zituzten lehendik, aurrerapen gisa. Diskoa ixten duen ‘Airezko etxea’ izan zen lehendabizikoa, Jon Maia bertsolariarekin batera zuzenean grabatutakoa.

‘Ondo bizi liteke’ kaleratu zuten lehenengoaren ondoren eta, azkenik, diskoari izena ematen dion ‘Zer ote da?’ zabaldu zuten. Azken kantu honi bideoklipa ere egin diote, Mecca Recording Studioren eskutik.

Kontzertuak

Zinema Ikusezinari buruzko zikloan egingo dute lana aurkezteko lehen kontzertua, gaur bertan, Bilboko Alondegian 19.00etan. Horrez gain, Durangoko Azokan beste emanaldi bat eskainiko dute, azaroaren 11n, 19.00etan. Aurkezpenean jakitera eman dute laster egongo direla salgai sarrerak, taldearen webgunean bertan.