GAIAK

Eñaut Elorrietak ‘Bidasoa’ abestiaren «luxuzko moldaketa» egin du

Eñaut Elorrietak ‘Fantasia’ (2022, Elkar) albumean argitaratu zuen ‘Bidasoa’ kantuaren «luxuzko moldaketa» egin berri du. Euskadiko Orkestra eta Amoranterekin batera grabatu du bertsio berria eta kantuaren irabaziak Irungo Harrera Sareari bideratuko zaizkio.


Eñaut Elorrietak ‘Bidasoa’ kantuaren bertsio berria sareratu berri du. Abestia ‘Fantasia’ (2022, Elkar) albumean argitaratu zuen eta, oraingo honetan, «luxuzko gonbidatuak» lagun dituela egin du grabaketa, Elkar-etik jakinarazi dutenez. Izan ere, Iban urizar ‘Amorante’-k eta Euskadiko Orkestrak hartu dute parte bertsio berrian; Amorantek tronpeta jo du kantuan eta Euskadiko Orkestra Fernando Velazquezen zuzendaritzapean aritu da. Orkestrarako moldaketa ere Velazquezena da.

Elkar-etik jakinarazi dutenez, kantuaren grabaketa 2023ko San Juan egunean egin zen Euskadiko Orkestraren Miramongo (Donostia) egoitzan, eta enkontru berezi hori Arriguri-k jaso zuen iruditan.

Nahasketak Haritz Harreguyk egin ditu Usurbilgo Hi gain estudioan eta masterizazioa, aldiz, Bartzelonako Cool V Mastering-en egin du Victor Garciak.

Kantuaren hitzak Uxue Alberdi idazle eta bertsolariarenak dira, eta Bidasoako muga zeharkatu nahi duten etorkinek bizi duten drama du hizpide. Horrela dio kantuak: «Zer eskatzen zaio paisaia bati?/ Zer ahazten du urak? Zer daramaki?/ Nola egin gorputz bat zati-zati?/ Zenbat hegi ditu Bidasoak?. / Muito obrigado, alaikum Salam:/ Baztango zainetatik ur beltza edan./ Muga ur xirrixta bat da, ilbeheran./ Nori abesten dio Bidasoak?. / Bidasoak, Bidasoak, Bidasoak daki».

Jakinarazi dutenez, kantu honen bitartez lortzen diren irabazi guztiak Irungo Harrera Sareari bideratuko zaizkio.