02 DIC. 2023 - 19:09h Suediako zaporedun sagardo bat saritu dute Sagardo Forumaren nazioarteko lehiaketan Larunbat honetan egin dute Donostian Sagardo Forumaren Nazioarteko IV. Sagardo Lehiaketaren sari-banaketa. 262 hautagaietatik, Suedian egiten den zaporedun sagardo bat izan da sariduna aurtengo edizioan. Larunbat honetan eman dituzte Sagardo Forumaren sariak Donostiako Kursaal aretoan. (Sagardo Forum | EUROPA PRESS) NAIZ Suediatik etorritako zaporedun sagardo bat nabarmendu da Sagardo Forumaren Nazioarteko IV. Sagardo Lehiaketara aurkeztu direnen artean. Sari-banaketa larunbat honetan izan da, Donostiako Kursaal Jauregian. Mundu osotik etorritako dastatzaile ospetsuek bederatzi kategoriatan aurkeztutako 262 sagardoak dastatu dituzte. Horietatik 202k 59 urrezko domina, 67 zilarrezko domina eta 76 brontzezko domina jaso dituzte, antolatzaileek ohar batean jakinarazi dutenez. Guztira, Alemania, Austria, Belgika, Txekiar Errepublika, Txile, Estatu espainola, AEB, Finlandia, frantziar Estatua, Erresuma Batua, Italia, Letonia, Norvegia, Herbehereak, Polonia, Portugal, Suedia eta Uruguaitik etorritako edariak hartu dute parte lehiaketan. Oraingoa, ‘Best of Show’ saria Promologik-eko Replicant Pinot Noir sagardo suediarrarentzat izan da, eta Astigarragako Zapiain sagardotegiak lehen postua lortu du ‘Sagardo Naturala’ kategorian. ‘Garraztasuna nagusi duen sagardoa’, ‘Mikaztasuna nagusi duen sagardoa’, ‘Premium sagardo aparduna’ ‘Udardoa’, ‘Zaporetakoa edo mistoa’, ‘Sagardo berriak’ eta ‘Postrerako sagardoa’ kategorietan ere banatzen dira sariak lehiaketa honetan eta epaimahaia Euskal Herriko nahiz nazioarteko 39 epailek osatutakoa da.