05 DIC. 2023 - 06:00h Entrevista Izaro Andres Zelaieta Musikaria «Ez da hain meritokratikoa gu nor garen, gero nolakoak garen baizik» Fase desberdinak bizi izaten ditu artistak. Izaro Andres Zelaietak (Mallabia, 1993) ‘Limoiari eztia’ bota zion dokumentalean lehendabizi, eta ‘Cerodenero’ diskoa dator orain, bere buruarekin «justizia» egiteko. Azken kantua bukatzearekin bat sendatu omen zen guztiz ordura arte bizitako garai ilunaz. ‘Cerodenero’ diskoa aurkeztu berritan, birarako prest dago Izaro (Gotzon ARANBURU | FOKU) Este navegador no soporta el elemento audio. Iker Gurrutxaga Donostia «Zulo efimero»-a aipatzen duzu ‘Zero’ kantuan, prozesu efimeroa izan da diskokoa? Ez, batere ez. Guztiz kontrakoa izan da. Emozioen mendi bezala deskribatu duzu diskoa. Irudi publikoarena, esposizioarena, ez zenuen espero horrela izan zitekeenik? Ez, keba. Gainera, ez da irudia bera txarto eramatearena, baizik eta une batez horren gaineko kontrola galtzearena izan da gauza. Buruan beti izaten dut hedapen fisiko mugatu bat dugula, hau da, zure besoa heltzen da toki bateraino eta hori da organikoki lortu dezakeezuna. Baina gainesposizio bat dagoenean, zure irudia zurea izateaz aparte mediatikoa denean, bat-batean zure besoa kilometroak luzatzen hasten da. Zer gertatzen da hor? Bada, zure besoari kosk egiten badio norbaitek, nabaritzen duzula eta konpontzen duzula egoera hori. Baina, zure besoaren ehungarren kilometro mamu horretan zer gertatzen den ezin duzunez kontrolatu, bada, buruan zarata sortzen hasten da zure beso hori nola gobernatuko ote duzun galdezka. Ezin da. Hortaz, niretzat oso garrantzitsua izan da besoa hartu, atzamarren parean guraizez ebaki, eta hortik kanpo dagoen hori, nahiz eta ni izan, ez dela nirea ikustea. Handitu nahi duen proiektu baten zioetako bat hori baita, horrelako gauzak ezagutzen joatea, alegia. Jakina, eta bada gure lanaren zerbait. Saihestezina den zerbait da, musika egiten duzu eta komunikazioan bizi zara. Hortaz, komunikazio hori etengabe pertsonekin da eta, une batez, pertsona horiek dira hainbeste, pertsonak izatetik masa izatera pasatzen dela dena. Konplexua da masa horrekin nola harremandu ikastea. Masa, gehi haien mugikorrak, gehi haien mugikorretan dagoen interneta. Masa infinitu bat da eta zu guztiz finitua zara. Orduan, oreka topatu behar izan dut hor. Sareetatik erretiroa edo erretiro mediatikoa egin duzu. Zaila izan zen hasieran? Ez, kar-kar. Super gustura egon naiz, eta gauza pila bat eta lan pila bat egin dugu tarte horretan. Horrez gainera, nire bizitza erabili dut, aspaldian erabili ez dudana. Lan honetan dabilenak badaki zenbaterainoko sakrifikatua den honetan aritzea, bai denboraz, bai planez, buruz… Niretzat ‘agua de mayo’ balitz bezala izan da. Distantzia bat hartu dut berriz ere itzultzeko. Eta, orain, itzulera hori beldurrik gabekoa da? Badaukat bertigo pixka bat. Eta ez da hainbeste publikoarena, mediatizazioarena baizik. Azkenean zure informazioa eraldatzen doa, nahiz eta zuk ez kontatu, bolboraren moduan, deskontrolatu egiten da dena. Bada, deskontrol horrekin bizitzen ikasi behar da. Hori bai, sekulako gogoa dut publikoarekin elkartzeko, urtebete pasatu dela azkeneko alditik [hasperen egiten du]. Ibilbidean lehen pausoa ‘Iparraldera’ ematen dugu. Zer da zuretzat iparraldea? Nongotasunaren erlatibitatea da kantu hau. Uste dut ez dela fisikoki zuzena, baina uste dut badela toki bat munduan, punturik iparraldekoena dena eta hortik iparralderago joan ezin dena, hegoaldera soilik joan zaitezke. Hau horrela ez bada, idatzi iezadazue. Kontua da, niretzat iparraldearen kontzeptua zen, nonbait oinez hasi iparralderantz eta munduari buelta eman eta berriz ere toki berera itzuliko zinatekeela. Hau da, dena dela erlatiboa eta denak garela norbaiten iparraldea. Nik iparralde fiktizio hau asmatu dut, non beste dimentsio batean nagoen, baina esan nahi dudana da ni edozein tokitan nintzatekeela bertako, toki horretan jaio izan banintz. Erlatibitate hori erakutsi nahi nuen, gure perspektiba askotan eraikitzen baita gure esku ez dauden gauzekin. Ez da hain meritokratikoa gu nor garen, gero nolakoak garen baizik. Mendietan, iparraldeko aurpegia izaten da normalean igotzeko zailena. Hori ere buruan zenuen? Bai, zailena eta hotzena. Horregatik nahi nuen mendiaren igoera alde horretatik hasi. Trekking moduko bat iruditu zait ‘Campamento base’ bitarteko guztia. Horma bertikala ‘X eta besteak” kantuarekin hasten da, eskalatu beharrekoa da hori. ‘Ez dakit zenbat denbora daramadan hemen’ paretari begira hausnartzen dabilen Izaro da, igo egin beharko duela ondorioztatzen duena. Eta eskalatzaileek paretan lo egiten duten moduko atsedenaldi bezala ulertu behar da atzetik datorren ‘Aguacero’, hauskortasunaren kantua. Meritu handiko zerbait iruditzen zait hori, normalean pareta handiak igo behar diren une psikologikoetan zu zeharo apurtuta zaudelako. Bada, gogor igo behar den unea da “X eta besteak”, eta gero iristen gara ‘Campamento base’-ra. Bideoklip bat ere egin duzu, kantu guztiak hartzen dituena, 30 minutukoa. Izaro 3.0 bat da, erokeria bat zela esan zidana zuzendari batek edo bestek. Baina Ander Etxebestek erronka onartu eta udan grabatu genuen guztia. Aurten 30 urte beteko ditut abenduaren 31n, eta 30 minutu ere horregatik irauten du. ‘Iparraldera’ kantuan ‘Kill Bill’ pelikulari keinu bat egin diozue? Badu hortik, baina eskiatzea eta, batez ere, aurora borealak ziren erreferentzia. Egia da nire lantalde guztia beti pelikula horretako gifak bidaltzen dabilela eta norbaitek mono horia izan behar zuela ere esan zidala. Hirugarren borrokalari bat ere izan zitekeen. Izarill Bill. ‘Ez dakit zenbat denbora daraman hemen’ kantuan, berriz, korrika ikusi zaitugu. Bai, eta hor zatitxo bat baina ez da ikusten. Gelditzeko eskatzen duen kantua; zure buruari stop esaten diozu? Hor jabetzen naiz mundua oso bizkor doala eta ni geldik nagoela. Hor erreferentzia moduan ‘Stranger Things’ telesaileko Eleven izan nuen, ur pixka bat duen ‘Void’ beltz horretara doanean. Bera fisikoki toki batean dago eta ukitzen dute, esnatzeko esaten diote, baina ez dago bertan, bera dago han, void hartan. Bada, nik sentsazio hori izan nuen. Nahiz eta etxean norbait laguntzeko izan, nahiz eta esan «lasai Izaro, hemen gaude», ni nengoen han, eta hara ez da inor heltzen. Hortaz, bazen sentsazioa ez nekiela zenbat denbora naraman bertan eta handik atera behar nuela. Goazen pareta igotzera. Gotzon ARANBURU (FOKU). Pianoa protagonista da eta koro eta ‘tarareoak’ ere bai. Lehendabizikoetan dezente daude halakoak. Badakizu nor den kantu honetako koroetan dagoena? Jokin Pinatxo. Koro sakonak nahi nituen, basoa, kobazuloa, oihartzuna… Eta esan nuen, Janus Lester. Hogeita hamar pista grabatu zituen koroekin. Oso nekagarria den zerbait da erta hor daude ‘a full’. Pianoa aipatuta, erreferentzia bat ere bada honen atzean. Akaso gehien hunkitu naizen kontzertua Tom Odell artista ingelesarena izan da, Londresen eta bandarekin eman zuena. Bada, kantu hau idazten nenbilen bitartean, ni Tom nintzela irudikatzen nuen, pianoa ahal nuen moduan joz. Hau da, Tom eta Garazi (Esnaola, piano-jotzailea) nintzen aldi berean. Grabatu nuen ahal nuen moduan eta Garaziri eraman nion berak magia egin zezan. Zaldi bat korrika, otso bat korrika, desesperazio puntu horrekin, hori irudikatzen nuen. Elurretan? Elurretan. Hotza egiten du baina zuk beroa duzu, korrika doazelako. Banuen halako sentsazio bat korrika egin eta aurreratzen ez nuenarena. Pianoaren ukitu hori, pop britainiarrera eramaten gaituena, ‘Aguacero’n ere badago. Garai beretsuan konposatuta daude? Bai, bai, bai. Pianoarekin jolasten noiz hasi zinen? 2021 bukaeran hasi nintzen pianoarekin jolasten. Iker Laurobak harmonia pixka bat erakutsi zidan, zer egiten nenbilen jakiteko gutxi gorabehera, normalean dena belarriz egiten baitut. ‘Delirios’ ere pianoz konposatu nuen, baina ez nekien instrumentua jotzen. Orain askatasun gehiago dut akorde mailan eta horrela, eta beste tesitura bat zabaldu dit. Oso aberasgarria zait hori. Nire banda ere oso pozik dago; haientzat tono errazak erabiltzen ditut, eta gitarran ez. Sortzerakoan ere beste sentsatzio batzuk izango dituzu zuk. Soinua beste bat da, postura ere bai… Guztiz desberdina da instrumentuarekin duzun hartu-emana. Kuriosoa da zenbat aldatzen zaituen zu ere instrumentu batek. ‘Aguacero’ abestian amorru pixka bat ateratzen hasten zara eta bada esaldi bat gogorra egin zaidana zugandik etorrita: «Tienes que darme calor». Maitasunaren iraultza aldarrikatzen duzun aldetik, ulertzea kosta zait. Hor konpromisoaren muga marrazten da. Iruditzen zait gaur egun maitasuna, eta, pixka bat dena, oso azalekotzat hartzen dela. Batek egin nahi duen horren barruan sartzen ez denean zerbait, ez du egiten. Nik uste dut ahaztu egiten zaigula oso garrantzitsua dela bai maitasunean, bai askatasunean eta baita bestelako gauzetarako ere konpromisoa. Konpromiso baten barruan askotan dago «Tienes que». Niretzat garrantzitsua zen hori azpimarratzea, askotan jendeak ez duelako eman nahi soberan ez duen horretatik. Batzuetan gauzak egin behar dira maitasuna eraiki ahal izateko, konpromiso batek hori eskatzen du. Hau da ahultasun osoan dagoen norbaiten tokitik idatzitako zerbait, euri-jasari eusten dion katedrala, azala tenpuran duena, begiak itzalita dituena. Ezin da berdin tratatu gabezia batetik datorren norbait edota gabeziarik ez duen norbait. Hor egon nahi baduzu, zuk erabaki baduzu neguaren erdian etortzea, beroa eman behar didazu. Konpromiso batek hori du. Gaur egun maitasuna, eta, pixka bat dena, oso azalekotzat hartzen da. Batek egin nahi duen horren barruan sartzen ez denean zerbait, ez du egiten. Ahaztu egiten zaigu oso garrantzitsua dela bai maitasunean, bai askatasunean eta baita bestelako gauzetarako ere konpromisoa. Bideokliparen zati honetan, jabetu naiz ertz gogorreko formak direla dekoratuan ageri diren elementu zuriak. Argi neukan ertz gogorrekoak izatea nahi nuela, ahal bazen asimetrikoak eta geometria arraroekin, eta ahal bazen hutsuneak izan zitzatela. Blokeka eraikitzea, angelu zuzenen zorroztasun eta hotz guztiarekin. ‘X eta besteak’ kantuaren ekoizpena orain arte egindako guztitik desberdinena da. ‘Oso blanco (plata)’-k jarraipena zuela ikusi nuen hemen. Bai, ezta? Zer den bizitza bera… ‘Om’ diskoa ekoizten eta grabatzen ibili ginenean, ez nien sintetizadore bat bera ere sartzen utzi. Baxua eta bateriarekin dagoeneko gehiegi egiten zitzaidan, ez zela organikoa sentitzen nuen. Bada, orain honekin gozatzen dut. Bateria elektroniko bat diskoan edukiko nukeenik pentsaezina zen, eta begira orain. Merina Gris pixka bat ere ikusten nuen hemen, zu haiekin ikusi zaitugulako eta haietakoren bat zure inguruan ere badabilelako. Baina, nola ez, Billie Eilishen mundua ere bai. Bai, Finneas (O'Connell, Billie Eilishen anaia), Billie… Niretzako Billie bai izan dela oso iradokitzailea eta inspiritzailea, musika elektronikoa askotan ahots oldarkor batekin lotzen nuelako edota ahots apurtu batekin, eta justu berak kontrakoa egiten du. Billieren kantuak entzutean lehendabizi gozoa iristen zait eta gero gainerakoa, beraz, niretzako ere hori nahi nuen, zentzu horretan nahi nuen ekoitzi elektronika, ‘Izarofriendly‘ izan zedin. Prentsaurrekoan aipatu duzu nola dantzaren bitartez transmititzen diezun musikariei ekoitzi nahi duzun ideia hori. Ulertzen dut erritmoa markatzeko modu bat dela. Erritmoaren azentua markatzeko paparrarekin egiten dut mugimendua, eta hankekin gainerakoa. Orduan, gutxigorabehera hor joaten gara. Hasieran kostatuko zen hau horrela lantzea, ezta? Musikarien aurpegiak poema hutsa ziren. Orain, Garazik dantza egiteko eskatzen dit, ulertu ahal izateko buruan dudan hori. Horretarako, normalean, kanpoko ekoizle bat ekartzen da, baina harekin ere konektatu egin behar da, jakina. Arrisku bat dago kanpoko ekoizle bat hartzen duzunean. Pertsona horrek psikologo lanak egin behar ditu pixka bat, bere pertsona kanpoan utzi behar du. Ekoizle batek ez du bere gustu musikala pertsona baten ideietan barreiatu behar, baizik eta pertsona horri barruan duena irakurtzeko dago. Bideoko dantzan ikusten ditugunak, buruan zenituen pausuak dira edota Jaiotz Osari askatasun osoa eman diozu? ‘X eta besteak’ kanturako Rihannaren ‘Superbowl’-eko ikuskizuna izan genuen erreferentzia bezala eta baita beste bideo batzuetako koreografiak ere, horiek ziren aldagarriak. Hortik aurrerakoa berak egin zuen, bukaera salbu, hori nik horrela izatea nahi nuelako. ‘Campamento base’ kantuan, berriz, alderantziz. Han banekien nola hasi nahi nuen, lurrera erori nahi nuela eta bat eta beste eta koreografia bat zetorrela atzetik. Zuzenekoetan ez dugu ‘Superbowl’ baten estiloko ikuskizunik izango, ezta? Ez daukagu horretarako dirurik, oso zaila da. Dantzari asko beharko lirateke baita ere. Hala eta guztiz, niretzako frustragarriena da zuk ideia horiek guztiak buruan izatea baina baliabiderik ez. Betiko borroka da, denona, zerbait egin nahi eta errealitatea dator atzetik. Guk ezin dugu Kursaalen hiru hilabetez entseatu; bertara joan eta ahal duguna egingo dugu. ‘X eta besteak’-en bideoklipeko lehen planoa, harrigarria da. Nola dago eginda? Nik Ander Merinori esan nion orri zuri baten puntutxo bat hurbiltzen joan eta puntu hori ni izatea nahi nuela. Infinitu bat nahi nuen. Baietz esan zidan, egin zuen, zati hori bidali zidan eta audioan entzuten zen «etxera noa». Bua. Gotzon ARANBURU (FOKU). Kosta zitzaionaren seinale. Optika aldetik zaila da, edizioan ere bai… Postprodukzioan egina dago eta horrela ere oso zaila da. Kantuaren hitzei helduz, nor da X? Zerrenda nahiko luze bat da, nire trauma txikiena. Prozesu interesgarri batean banan-banan bidaiatu behar izan nituen, nire psikologoaren laguntzaz. Dokumentalean ere azaltzen dut, une batez nire erretena bete egin zen, hosto asko pilatu zen bertan eta urik ez zen pasatzen. Ez da arbola bat jausi dela edota lurrikara batek erretena apurtu duela, ez, hostoz hosto betetzen joan dela da kontua. Hortaz, niretzat lanketa bat izan zen dena hostoz hosto garbitzea. 2016tik hona nigan klik bat egin duten gauzak, baztertxo batera eraman nautenak, ez nuen uste hainbeste zirenik eta ez nuen uste hainbeste neukanik esateko haien inguruan. Zerrendatu eta kantu bat egitea zer izan da, sendatzeko modu bat? Bai, sendatzeko modu bat izan da. Nik, pentsatu izan dut, zaunka egin didaten uneetan eta zaunka erantzun ez diedanetan, ez naizela defendatu. Eta kulpa moduko bat sentitu dut horrekin, baina konturatu nintzen bueltan zaunka egitea ez zela ni defendatzeko nahi nuen modua, zaunkarik egin gabe ni neu ondo egotea zela defentsarik onena. Hala, kantu honekin, suntsitu ez nazaten egindako lana erakusten dut, nik ez dut zaunka egin didana suntsitu nahi, haien gorrotoa iritsi ez dadin erreinu bat eraikiko dut. Pentsatu izan dut zaunka egin didatenean eta zaunka erantzun ez diedanean ez naizela defendatu. Eta kulpa moduko bat sentitu dut, baina konturatu nintzen bueltan zaunka egitea ez zela ni defendatzeko nahi nuen modua, zaunkarik egin gabe ni neu ondo egotea zela defentsarik onena. Diozun modura norbait suntsitsu daiteke. Diozu kasurik ez eginda, ezta? Baita ere, fokua zuk nahi duzun horretan jartzea da gakoa. ‘Campamento base’-ra iristeko ahalduntze kantu bat da hau? Bai bai, guztiz. Niretzako, ‘X eta besteak’ oso kantu inportantea da, nire pertsonan eta nire ibilbidean badelako auto-justizia kantu bat. Bada, nolabait ere, «kito, hau egin zuretzat» esaten duen abestia. ‘Campamento base’ akaso norbaiti sinpleagoa irudituko zaio, baina geruzetan galdu zaitezke hemen ere. Bai eta ez. Niretzat oso zaila izan da baxuak duen presentziagatik. Zati batzuetan baxua eta ahotsa bakarrik daude eta distantzia handia dago tonoz. Oso desberdina da baxua kotxean entzun, mugikorrean entzun, entzungailuetatik entzun… ez da berdin entzuten, asko galtzen den instrumentua da. Hortaz, entzuten duzun gailuaren arabera, abesten ari naizenean badirudi ez noala tonoan, aipatu dudan distantzia horregatik. Soinuaren inguruko kezka zuzenekoetan, diskoan… zuri ere etorriko zaizu gainera ziurrenik, ezta? Hau da, guztiaren gainean egon nahi duzun horietakoa zara. Bai bai, guztiaren kontrola edukitzea gustatzen zait. Oso gogorra da, oso zaila ere bai. Ea, gogora etortzen zaidan esaldia… Biblian edo uste dut aipatzen zela: «Emaidazu pazientzia aldatu ezin dudanarekin bizitzeko, emaidazu indarra aldatu ahal dudana aldatzeko eta emaidazu jakituria jakiteko biak bereizten». Batzuetan ez da oso ongi jakiten hori bereizten. Bideoklipera itzuliz, abesti honetako dantzan oso ‘Single ladies’ ibili zarete. Iepa! Guztiz ‘Single ladies’. Ez da koreografian baina bai kontzeptuz, kolorez… Eta musikalki, berriz, Zahararen mundura eramaten nau, Martí Perarnau IV-ren unibertsora. Bere buru horretara, ezta? Kuriosoa da inguruak nola eraikitzen zaituen eta norberak nola eraikitzen duen ingurua. Gustatzen zait sentitzea disko bat egiten dudanean lagun pila batekin egiten dudala. Topatzea Zahara pixkat eta abar. Bulego taldearen kolorea topatu dut ‘Ixildu mese’ kantuaren teklatuan. Kantu hau niretzat aurrekoa baino askoz ere Zaharagoa da. Bakoitzak bere Zaharak ditu. Pandemiaren itolarri guztia ikusten da hemen, esaterako, Kursaaleko kontzertuen gorabehera denak. Buruan dituzunean mila gauza aldi berean gertatzen, beren artean zentzurik ez dutenak, eta bukle moduan sartzen direnak zure buruan. Guztia gogor eta gordin bukatzea nahi nuen. Nire buruan aipatu dituzun teklatu horiek zeuden eta ni horren gainean abesten, bikotea ere zoratu egin nuen ziurrenik. Torturak egiterakoan aipatzen da halako zaratak erabiltzen direla, goiko notak dituzten soinu errepikakorrak, delirio puntura iristeko. Bada hori zen kantuaren kontzeptua. Kontzertuen ezeztatzeak eta abar datoz hor, baina, beste aldetik begiratuta, zu pribilegiatua izan zara. Zuk zure beldurrak dituzu, normala da, apustu handiak egin dituzulako tartean, baina dena aurrera eramateko moduan izan zara. Bai, bai, hala da. Dena aurrera eraman ahal izan genuen, nire lankideek lanean jarraitu ahal izan zuten, bira mantendu genuen, eta, gure bira hori, nahiz eta neke hori guztia egon tartean, gure salbazioa izan zen. Gainerako pertsonek ezin zuten elkarrekin egon eta guk bai, laneko zentzu horretan beste pertsonekin egoteko aukera genuelako. Gogoratzen dut ezin nintzela amamaren etxera bazkaltzera joan, eta Gabonen bueltan zen hori, baina bera Principal Antzokira etorri zitekeen nire kontzertu bat ikustera, Gasteizen bizi delako. Hortaz, nik nire amama Gabonetan oholtzatik ikusi nuen, butaka batean eserita eta musukoarekin, eta niretzako hori oso gogorra izan zen. Gero normala ‘El mundo no es un buen lugar’ esatea. Pareta igo duzuneko momentua da hori. Amorrua oso fokalizatuta egoten da eta ezin duzu inoiz erabili gauzak neurtzeko irizpide moduan. Ez du perspektibarik, energia foku handi bat da, helburua barrua hustea baino ez duena. Hala, amorruak gezurretik izaten du asko. Hartara, niretzako garrantzitsua zen gauza mingarri horiek ateratzea, baina paretaren kontra eta ez inoren kontra. Hala, pareta hori igo eta gailurrean, hari begira, egiten duzun hausnarketa da abesti hau. Dena perspektiban jartzen duzu, amorru horretan daudenak gure pribilegioen barruko gatazkak direla ikusten duzu. ‘Limoiondo’ kantuarekin dator beste magala, hegoaldekoa. Bi kantu hauetan, gailurrekoetan, ahotsa da protagonista, baina oso desberdin abesten duzula uste dut. «Limoiondo» kantuan zure belusezko ahotsa entzun dezakegu. Berotasuna datorrelako da?? Zenbat nabari den ni non nagoen hobeto. “Limoiondo” dator eta askoz hobeto nago, bideoan ere nabari da, aurpegian nabaritzen zait. Hemen erreferentzia nagusia Norah Jones eta bere piano gozoa ziren, baita bere ahots gozoa ere. Perkusioa, kontrabaxua… oso organikoa, nire hasierako Izarora eramaten nauena. Kantuaren koloreak Bob Dylan eta ‘Blowin' in the wind‘ ekartzen dizkit gogora, Woodstock izpiritua du. Inozentzia dago tartean? Hasierako Izarok bazuen hortik, bai. Inozentzia dago tartean, guztiz. Kantu honen bideoan taldean aldaketaren bat egon dela ere ikusi dugu. Iker Lauroba pixka bat arraro topatu duzue, ezta? Kaotikoa izan zen kontua. Musikariak ospitaleetan jartzen diren oinetakotako ‘patuko’ modukoekin daude fijatzen bazarete eta ni oinutsik. Ziklorama batean grabatzen gabiltza eta hori ezin da zapaldu, zuria delako eta bestela berriz margotu beharko litzatekeelako. Hortaz, ziklorama batean sartzean edo oinetakoak kendu behar dira edota patukoak jarri. Niretzat une horretan esanahi bikoitza dute babes horiek. Alde batetik, ziklorama hori ni izango banintz, zenbat jende pasa ote den gainetik batere konturik izan gabe, hau da, zenbat marka utzi dituzten gero nik kudeatu edo berriz margotu behar izan ditudanak. Nire bandakoek ez zuten sekulan zapatillekin zapalduko ziklorama hori. Nire zaintzaren mugarri dira nire lantaldekoak. Bestetik, aipatu grabaketa horretan Iker Lauroba ez dela agertzen urgentziazko ebaketa bat izan berritan zelako, dibertikulitisa eta peritonitisa jasatearen ondorioz. Zerbait dibertigarria dirudi eta Ikerri halako zerbait parean egokitzen zaio, baina ez, gauza oso serioa izan zen eta une horretan kirofanoan zegoen. Hala, zentzua bikoiztu genion patukoen erabilerari eta berari omenaldi moduko bat egin bideoan. Nire zaintzaren mugarri dira nire lantaldekoak. ‘Udara, udara’ itsaslabar batean eserita irudikatzen zaitut eta bideoan ere horrela ikusi zaitugula esango nuke. Espazio handi bati begira, ur masa handi bati begira, ezta? Niretzako mantra modukoa da. Estatu Batuetan bada esaera moduko bat ispilu aurrean hiru aldiz «Bloody Mary» errepikatzen baduzu, ispiluan munstroa agertzen dela diona. Bada, nire kasuan, guztiz kontrakoa da. Hau da, hiru aldiz udara esaten bada, sendatu egiten zarela. Asko errepikatzen baduzu eta konbentzituta, antsietate egoera kritiko batean zaudenean-edo, sendatzea lortzen dela esango nuke. ‘Las llaves de tu casa’ sareetan ikusi dugu, esposizio garaian zuen etxea erakutsi zenuten. Bikoteari egindako kantua den arren, aipatzen den giltza hori, ate denak irekitzen dituena, izango bazenu, zein ate irekiko zenuke? ‘Barbie’ pelikulan, enpresaren eraikineko soilairu batean, Barbie diseinatu zuen emakumearen mamua bizi den etxea dago eta bertan ikusten dugu tea prestatzen edo dena delakoa egiten. Bada, nik munduko, inframundu edota metamunduko giltza izango banu, nire amama Eliren mamua bizi den etxera joango nintzateke. Urte dezente da hil zela eta haren falta urtetik urtera gero eta gehiago sumatzen dut. Bideoko azken kantuetan planoen atzeko aldea erakutsi duzue, lantalde osoa erakutsi nahi izan duzue. Hamabi kantu, hamar janzkera eta hamar orrazkera. Hamabi kantu, hamabi hilabete. Lan handia jantziterian, orrazkeran… Lan handia egon da guztia irudikatzen. Astebeteko grabaketa izan zen, sei hilabeteko aurre-grabaketa lana, urtebete nik nire buruan guztia diseinatzen. Eta super harro nago lana egin dugun moduaz, ez soilik egindako lanaz. Elkarri laguntzen egin dugu lana eta era ia-ia eroso batean, eta hori guztia erokeria bat iruditzen zait, errodaje oso gogorra izan zelako. Lan taldea horregatik nahi nuen erakutsi, fantasiaren zutabeak erakutsi nahi nituelako, dena eraikitzen denaren aldamioko kideak. Eñaut Gaztañaga soinuan, Ander Etxebeste bideoan, Jaiotz Osa dantzan… Baina artearen sorkuntzan ondoan izan duzuna, azpi-azpitik etxea eraikiz, Claudia Chocarro izan da. Une batez beste bi esku, beste bi begi eta beste burmuin bat behar nituen hau dena aurrera eramateko. Bidean Claudia topatu nuen, artistikoki gustu oso antzekoak ditugu biok eta gorputzez ere oso antzerakoak gara. Hala, estilismoak askotan berak probatzen ditu eta kito. Uneren batean erabaki bat hartu behar bada eta bertan egotea ezinezkoa bazait, badakit Claudiak niri gustatzen zaidan erabakia hartuko duela. Hortaz, niretzat oso garrantzitsua zen hori, eta baita bere ikuspegi artistikoa ere. Janzkerekin duen gustua sekulakoa da. Elkarri laguntzen egin dugu lana eta era ia-ia eroso batean, eta hori guztia erokeria bat iruditzen zait, errodaje oso gogorra izan zelako. Lantaldea horregatik nahi nuen erakutsi, fantasiaren zutabeak erakutsi nahi nituelako, dena eraikitzen denaren aldamioko kideak. Zuzenekoak badatoz, segituan datoz. Bideoan kantu batzuetan eskuko mikrofonoarekin ikusi zaitugu eta beste batzuetan ezer ez duzula. Diademako mikrofonoa erabiliko duzu? Ez. Nahikoa lan izango dut, koreografiak lantzerakoan mikrofonoa ezkerreko eskura aldatu behar izan dudalako eta ez dakit gustura erabiltzen mikrofonoa esku horretan dudanean. Nahikoa lan izan da, abentura bat da eta hori egiteko gogoz nago. Publikoari eskertu izan diodan zerbait da artistari zuzenean ikasteko aukera ahalbidetzea, guk zuzenekoetan ikasten dugulako gehien. Egiten ikasten da eta nik arriskuak hartzeko beldurra publikoari esker galdu dut. Aretoak bete samar dira, baina gero bestelakoak etorriko dira? Batez ere batzuentzat sarrerak ordaintzea zaila zen. Urtea luzea da eta egongo dira modu desberdinetako aukera asko gu ikusteko. Urtea aurrera doan heinean, mundu guztiak izango du gu ikustera etortzeko aukeraren bat. Zenbatzen ari zara falta diren orduak? ‘Todas las horas que quedan? Van a pasar, es inevitable’. Saiatzen nabil astiroago igaro daitezen, erritmoa berriz ere nahikoa frenetikoa bihurtzen ari delako. Abiadura hartzen ari da guztia, eta hilabete hau pixka bat astiroago joatea eskertuko nuke. Oraintxe pixka bat ‘Cerodenero’ pare bat sartu eta arnasa hartu. Yetiarena egiten saiatuko zarela diozu hemendik aurrera, nahi duzunean ikusiko zaitugula, alegia. Beraz, ikusten zaitugun zuzeneko horietan disfruta dezazula. Mila esker!