26 DIC. 2023 - 11:30h ‘Arnasaldiak’, Iker Martinez eta Zaldi Herrenaken gaineko dokumentalaren aurrerapena, NAIZen Disko baten grabaketaren kronika da ‘Arnasaldiak’, 2023ko martxoan Iker Martinez eta Zaldi Herrenakek, hainbat kolaboratzailez inguratuta, Andoaingo Garaten grabatu zuten izen bereko diskoarena. Dokumentalaren aurrerapen kantua primizian ikus daiteke NAIZen. NAIZ 2023ko martxoan, Andoain Garate baserriko estudioak hartu zituzten Iker Martinez eta Zaldi Herrenakek, helburu bikoitzarekin. Batetik, hainbat lagun musikarirekin bildu eta ‘Arnasaldiak’ diskoa grabatzea eta, bestetik, esperientzia hori dokumental batean biltzea. Egonaldi horren kronika da ‘Arnasaldiak’, abenduaren 29an Primeran plataforman estreinatuko den dokumentala. Aurretik, baina, NAIZen ikusi daiteke ikus-entzunezko lanaren aurrerapen bat: Iker Martinez eta Zaldi Herrenaken eskutik, dokumentalean agertzen den ‘Egunero’ abestiaren bideoklipa hain zuzen ere. Aurreratu dutenez, ‘Arnasaldiak’ diskoak zortzi abesti biltzen ditu eta taldekideen helburua kantu guztiak zuzenean grabatzea izan da, musikari guztiak batera jotzen ari direla. Hala ikus daitezke ‘Egunero’ kantuaren klipean ere. Ikus-entzunezkoak, bere aldetik, «era dotorean grabatutako abestiak ez ezik taldekideen beldurrak, mamuak, sorkuntza eta talde lanari buruzko hausnarketak» ere biltzen dituela nabarmendu dute, eta «musikak batzen dituen lagun talde baten erretratu xume» gisa deskribatu dute lana. Euskara hutsean grabatua, 44 minutuko iraupena du dokumentalak. Abestien grabaketa eta muntaia Ibai Arrietaren eskutik joan dira, abestien soinua Martxel Arkarazok landu du eta lanean parte hartu duten baita ere Oskar Arlanzon (perkusioa), Joxeba Aranburu (gitarra), Iker Martinez de Zuazo (ahotsa, gitarra, gidoia), Iñigo Ugarte (gitarra, ahotsa), Bull Biain (baxua), Ander Etxaniz (ahotsa, armonika, gitarra, irudiak), Jimmy Irizar (bateria, ahotsa), Kaki Arkarazo (abestien soinua) eta Ane Arrutik (ahotsa, irudiak). Iker Martinezek 30 urteko ibilbidea du musikaren munduan. Latzen taldean hasi zen artean 17 urte zituela, eta Potemkin, Amonal, Lenao eta Keia proiektuetan ere aritua da musikari oñatiarra. Bakarkako proiektua 2017an abiatu zuen ‘Itzalen mundua’ disko laburrarekin, 2019an etorri zen ‘Lurralde berriak’ lan luzea, gerora Zaldi Herrenak osatuko zuten musikariekin grabatua, eta ‘Hegaldiak’ argitaratu zuen 2021ean.