21 ENE. 2024 - 06:00h Maite Idirin, herriari, euskarari, ahizpatasunari ahots eztiz kantatu zien abeslaria Ugaon sortu eta Angelun zendu den artistak ibilbide oparoa egin zuen handik aurrera, bere ahots eztia Euskal Herriko txoko guztietara eramanez. Angeluko Saint Leon elizan izango da agurra, asteazken honetan, 10.30etan. Maite Idirin artxiboko argazki batean. (Sylvain SENCRISTO) NAIZ Atahualpa Yupanquik 1968. urtean Bilbon emanaldia eman zuenean, opari galanta egin zien Buenos Aires antzokia bete zuten entzuleei, baina are opari handiagoa euskal kantagintzari eta, oro har, herri honen kulturari, kantaldi horrek bultzatu zuelako Maite Idirin gitarra hartu eta argentinarraren itzaletik bidea egiten hastera. Ugaon sortu eta Angelun zendu den artistak ibilbide oparoa egin zuen handik aurrera, bere ahots eztia Euskal Herriko txoko guztietara eramanez. Itzal handiko artista izan da Maite Idirin, euskaraz –edo euskarari, edo herriari kantatzea– ariketa zaila zen garai ilunetan argia ekarri zuen belaunaldiko kide nabarmena. «Jende askok aipatu izan dit kantu haiek [60 eta 70eko hamarkaden artean egindakoak] oroitzen zituela oraindik ere, emozio anitz sortzen ziela kantuen entzuteak», adierazi zuen Lapurdiko abeslari bizkaitarrak 2015ean, bere hastapeneko kantuen bilduma bat aurkeztu zuen egunean. Jon Garmendiak aurkezpen horri buruzko albistean aipatu zuenez, Idirinen kantuek eragin latinoamerikarra zuten, musika eta poesia elkarrekin uztartuz «pobreenen aurka egindako bidegabekeriak eta euskal kultura espezifikoaren alde lanean zebiltzanen aurka egiten ziren desmasiak salatzeko». Baionatik Parisera Herri honen kontrako desmasiak salatzeak eta herri honekiko konpromisoak behartu zuen, musika ibilbidea hasi eta gutxira, lehenengo Baionara eta gero Parisera alde egitera. Ordurako artista ezaguna zen, 1968ko abenduan Eibarko sariketako bakarlarien artean garaile suertatu baitzen, Estitxurekin batera, eta haren publizitateari esker han-hemen emanaldiak ematen hasi zen. Erbesteak bizitza aztoratu bai baina musikarako gogoa ez zion apaldu, eta Pariseko Auzo Latinoan zegoen Migel Arozena gipuzkoarraren Candelaria kafe antzokian euskal kantak abesten aritu zen hiru bat urtez. Artean disko txiki pare bat argitaratu zuen. Soziologia ikasketak egiteko ere baliatu zituen urte gogor haiek. Maite Idirin Info7 Irratian kolaboratzaile aritu zen hainbat urtetan. Astero-astero irratiaren Urruñako estudioetara joaten zen bere goxotasunarekin musika klasikoaz luze hitz egitera. GARAn ere kolaboratu zuen Euskal Herrira buelta 1973an Euskal Herrira itzuli zen, Jokin Apalategi senarrarekin eta Ur semearekin, eta liburu-denda zabaldu zuten Baionan. Elkar argitaletxearen hasierako pausoetan ere zeresan handia izan zuten Idirinek eta Apalategik. Ugaotarrak emanaldi ugari eskaini zituen urte horietan Ipar Euskal Herrian, eta beste hainbeste Hegoaldean, handik bi urtera Franco diktadorea hil zenean. Garai horretakoak dira ‘Hazia sortzen denez lurpean jarria...’ (1975) eta ‘Ahizpatasuna’ (1979) disko luzeak, biak ala biak oso txalotuak. 1975ean Baionako kontserbatorioan musika ikasketak hasi zituen, eta 1979an Lapurdiko hiriburuko kantuko urrezko domina jaso zuen. Ondoren, Bordelen ikasten jarraitu zuen, eta 1981ean hango urrezko domina lortu zuen. Denbora izan zuen, dena den, urtebete lehenago argitaratutako ‘Nuklearrik ez, eskerrik asko. Lemoiz gelditu!’ disko kolektiboari ekarpena egiteko. Musika klasikoaren bidetik, astindu berria eman zion bere ibilbideari, eta soprano gisa hiru disko atera zituen: ‘Euskal Kamerata’ (1988), ‘Groupe Vocal Presence’ (1996) eta ‘Felipe Gorritiren omenez’ (1996). Azken diskoak, ‘Gabon kantak’ (2012) eta ‘Maite Idirin kontzertuan’ (2013) izan zituen. Handik gutxira, 2014ko maiatzean, ohorezko euskaltzain izendatu zuten. Agurra Angelun Idirinen senideek jakinarazi dutenez, Angeluko funeariumean egin ahal izango da azken bisita abeslariari; asteartean egun osoan zehar, eta asteazkenean goizeko 10.00ak arte. Ehorzketa meza Angeluko Saint Leion elizan iaznen da urtarrilaren 24an, asteazken honetan, goizeko 10.30etan.