23 ENE. 2024 - 08:00h Kaiman uharteak; finantzak, hondartzak eta askoz gehiago Karibeko hondartzek eta finantzen munduak famatu dute Cayman azken hamarkadetan. Horren aurretik, baina, oso biztanle gutxi zituzten irlak ziren, britainiar inperioaren eremu urrunetako bat. Egun, tropikoa eta itsasoa maite dute airez zein Karibeko itsas-bidaietan iristen diren milaka lagunek. Urtzi Urrutikoetxea eta Getty Images Europarrak heldu ziren arte biztanlerik ez zuen Karibeko leku bakarretakoa ziren Kaiman uharteak. Bahametatik zein Kubatik Trinidad eta Venezuelaraino doan arkuan taino edo karibe familietako amerindiarrak aurkitu zituzten kolonizatzaile europarrek 1492tik aurrera, baina Kaimanen ez. Ez orduan, ez eta lehenago ere ez da populazioen inolako arrastorik aurkitu. Eta hurrengo mendeetan ere britainiar koloniarik galduenetakoa izan zen, Jamaikako gobernadorearen agindupean zeuden hiru irla urrun. XIX. mendea hasterako mila lagun baino gutxiago ziren oraindik, horien erdiak Afrikatik esklabo ekarritako pertsonak. Ez zehazki Afrikatik ere; Jamaikan eta beste uharte batzuetan zeuden kolono zuriak etorri ziren Kaimanera eta ordurako euren gatibutzan esklabo ziren pertsonak ekarri zituzten. Zernahi dela, haien eskutik uharteetan bizi den afrikar ondarea dago; maiatzean egiten den Batabano jaialdian eta Little Cayman-eko Mardi Gras inauterian bizi daitezke ondoen afrikar tradizio horiek. Duela bospasei hamarkada ere gutxik irudikatuko lukete Jamaikatik gobernatzen zuten lurralde desertikoak horrelako garapena, biztanle-hazkundea eta bisitari kopurua izango zituenik. Alabaina, Jamaikak independentzia lortu zuenean, Kaiman uharteek Londresen agintepean jarraitzea erabaki zuten, zerga-paradisu eta turismorako gune bihurtuta. Ez da martxa handieneko lurraldea eskualdean; festibal bereziren bat salbu, baina irla lasaiok patxada eta urpekaritza maite dutenentzat geltoki ezin hobea dira. Grand Cayman da uharteotako handiena, biztanle gehien dituena (haien erdiak baino gehiago kanpoan jaiotakoak dira, AEBetan batez ere), eta ia bisitari guztiak hartzen dituena. Itsas bidaien ohiko geltokia da Kaiman; Miami, Jamaika eta Yucatan artean; ontzi erraldoi horien iritsiera berehala nabari da George Town hiriburuan eta uharteko lekurik turistikoenetan, bai itsasoan, bai lehorrean. Edozelan ere, Seven Mile Beach hondartza aski luzea da (ez ditu berez zazpi milia, sei eta erdi baizik; 10-11 kilometro dira, hala ere), bertako harea zuriaz eta ur gardenez estuasunik gabe gozatzeko. HISTORIA LABURRA Lehorrean, berriz, bisitari gehienen radarrean ez dagoen arren, merezi du George Townen museo historikoa bisitatzea. Egia da Kaiman irletan ez dagoela ondare arkeologiko oso zaharrik, baina piraten garaian dortokak harrapatzetik (Kolonek Las Tortugas deitu zien irla hauei, bertan gelditu ez bazen ere) XX. mendearen erdialdera arteko ontzigintzara, hiru mendetan bizimodu lasaia izan zuten, 60-70eko hamarkadan hasitako aldaketara arte. NATIONAL GALLERY Museoaren aldamenean, itsas bidaietan datozenentzako oinezko kalea dago. Atzeraxeago, Heroes Square edo Heroien Plaza dago, 2003an eraikitakoa, europarrak hona iritsi zireneko 500. urteurrena omentzeko. Parlamentua dago plazaren alde batean, eta haren aurrean, palmondo itxurako iturria eta uhartearen historiako pasarteen oroitzapenezko murala. Fort kaletik itsasertzera itzulita, Fort George gotorlekuaren aztarna eta haren aurreko Elmslie Memorial eliza daude. Zertxobait aurrerago, iparralderantz, Seven Mile Beach hasten da. Barrurantz jota, National Gallery arte museoa dago, eta errepide nagusiaren beste aldera iritsita, Canaima Bay-ra iritsiko gara: ilunabarretan zerbait hartzeko tokia da; uharteotan, gau-girotik gertuen dagoen txokoa. Hondartzaren iparraldeko muturrean, berriz, West Bay dago, beste zenbait hondartza txikiagorekin. Hara bidean, errepide nagusiaren ondo-ondoan -baina erraza da oharkabean pasatzea- The Old Homestead etxalde kolonial dotorea dago. URPEAN ZEIN LEHORREAN Grand Cayman irlaren iparraldeko mutur honetan etxe pribatuak dira gehienak, baina ekialdean errepidea amaitzen den gunera joanda Barker’s parke nazionala dago, Karibe itsasoaren eta mangladiaren arteko paisaia ederrarekin. Badira turista ugari erakartzen dituzten beste gune batzuk ere; Boatswain’s Beach Marine Park, batez ere. Uharteotako dortokak ikusi eta jaten emateko gune turistikoa da; garestia, baina bisitariek oso gustuko dutena, halaber. Aitzitik, guztiz doakoa da pareko itsaso tartean urpekaritza egitea, eta benetan merezi du. Kaiman uharteak itsaspean dauden mendietatik azaleratu ziren lur-eremuak dira. Cayman Brac irla txikia labar handi bat agertzeraino altxatuta dago; Grand Cayman uharte nagusiak, berriz, U zabal baten itxura hartzen du, erdian badia handi bat duela. Horregatik, posible da George Town inguruko Governor’s Harbour-etik Rum Point-era txalupan joatea; handik gertu Stingray City dago, turistek bisitatu ohi duten manta-arraien bilgune bat. Lurretik, berriz, 40 kilometro baino gehiago dira. Irla lehorra izan arren, ez zaio falta non geratu eta zer bisitatu. Hiriburuaren kanpoaldean 1780an eraikitako Pedro Castle dago, uharteotako eraikin zaharrena, eta Kaimaneko “demokraziaren sorlekua”, bertan egindako bilera batean adostu baitzuten hauteskundeak egitea 1831n. Etxaldea dotore berrituta dago, eta inguruan ere lore ederrez apainduta dago. IGUANAK Errepidean aurrera eginda, Bodden Town dago, irla hauetako lehen hiriburua; herriko sarreran, Guard House parkean harrizko etxola eta kanoiak daude ikusgai. Aurreraxeago, hondartza eder bat, zenbait ostatu eta Mission House etxalde dotorea daude. Herriko irteeran, berriz, piratena omen den hilerriaren paretik pasatu gara irlaren ekialderantz. Fruta eta barazki postu batzuen eta ur garden eta urdin tonu ugariko itsasoaren parean goazela, bidegurutze bat dago: barnealdetik irla erdi-erditik ebakitzen duen errepidea iparraldera doa zuzenean. LOVERS’ WALL Kostatik jarraituta, berriz, East End edo ekialdeko muturrean dena patxada handiagoz doa. Lovers’ Wall turisten argazkirako txokoa da; aurrean, olatuak haitzetan lehertzean airerantz egiten dute jauzi. Distantziak laburrak dira eta iguanekin erne ibiltzeko ohartarazten digute errepideko seinaleek, ekialdeko itsasargi zaharra egon zen parkera hurbildu ahala. Bideak iparrerantz egiten du. Aurrez aurre koralezko arrezifea ageri da urrunean, eta tartean turkesa koloreak; ustekabean bezala ageri dira Kaimaneko inguru honetako bizpahiru resort hotel. Queens Highway (Erreginaren Bidea) izena dauka Grand Cayman inguratzen duen errepidearen iparraldeko tarteak, eta ez da falta Elizabeth II.aren omenez egindako harrizko monumentua ere. George Town-en eta mendebaldean baino jende gutxiago bizi da, eta auto gutxiagorekin, bizikletan ibiltzeko aukera dago. Berriz ere irla hego-ipar zeharkatzen duen errepidearekin topo eginda, Lorategi Botanikora doan bidegurutzea hartu dugu. Kaiman uharteetako bertako landaretza ezagutzeko aukera paregabea izateaz gain, hemengo iguana urdina ikusteko txoko onenenetakoa ere bada hau; baita iguana arruntarekiko duen desberdintasunaz ikasteko ere; baliteke bidean txori mota ugarirekin eta irlako loroarekin ere topo egitea. Kostaldera itzulita, Rum Point-en amaitzen da errepidea; parez pare George Town daukala itsasoaz bestaldean, txalupaz ere etortzeko moduan. Seven Miles-en atzetik, hemen dago Caymaneko hondartza luzeena eta tarteka manta-arraiak ere ikus litezke, baita bertako itsas izar berezia ere.