GAIAK

‘Ama’ diskoa aurkeztu du Tenpora taldeak, sei abesti berriz osatutako lana

Tenpora musika taldeak hamar urte bete ditu aurten, eta urteurrenarekin batera beren laugarren diskoa kaleratu dute: ‘Ama’. Sei kantu berri eta aurrez jotzen zuten baten bertsioa bildu dituzte disko berrian, eta taldearen izaerari eutsiz zuzeneko kontzertuetarako gogoz daude.

Tenpora taldea, sortu zenetik hamar urte igaro direnean. (Jon Urbe | FOKU)

Duela hamar urte sortu zen Tenpora musika taldea, eta urteurren biribilean, hamar urte bete dituztenean, kaleratu dute beraien laugarren diskoa, ‘Ama’. Donostian egin dute aurkezpena asteazken honetan, eta bi harik zeharkatzen dute diskoa: pandemiak eta amek.

Hasier Oleagak, Itsaso Etxebestek, Juantxo Zeberiok, Beñat Barandiaranek eta Elene Arandiak osatzen dute taldea, eta beraien sorkuntza prozesua ere taldean ulertzen dutela kontatu dute: «Kantuak sortzeko gure prozesuaren oinarria talde lana da, elkarrekin kantuak moldatzen goaz». Letrak, aldiz, Harkaitz Cano eta Karlos Linazasororenak dira.

Hamar urte eta hiru disko igaro badira ere, Elene Arandia abeslariak kontatu du bost musikariak elkartzearen arrazoia bera dela oraindik ere: «Egunerokoan egiten ez duguna egitea, denbora eskaintzea musikari, gustatzen zaigulako». Lan berrian bilakaera bat sumatu daitekeela kontatu du abeslariak, baina izaera mantentzen dutela, eta baita helburua ere: gozatzea.

Bi single aurrez atera bazituzten ere, diskoarekin batera kaleratuko dute single berria eta «diskoari aurpegia jarriko dion bideoklipa», taldekideen esanetan. ‘(Ia) aholkurik gabeko eskutitza’ kantuari egin diote bideoklipa eta aitortu dute inoiz ez dituztela horrenbeste baliabide jarri bideoklip baterako.


Estiloari dagokionez, ez dute aurreratu nahi izan zer aurkituko duen entzuleak: «Ez zaigu gustatzen diskoa deskribatzea, bakoitzak bere interpretazioak egitea nahi dugu. Eta, guztiz objektiboak izatea ere kostatzen zaigu».

Ama, adiera unibertsalean

Bi kantuk dute ‘Ama’ izenburutzat, eta baita izenburuak ere. Zeberiok aitortu du bere ama hil zen unean konposatu zuela, eta hasieran zalantzak zituztela izenburu hori jartzearekin ere, «ez genuen gehiegi pertsonalizatu nahi», baina azkenean, «ama» kontzeptua unibertsala ere badela erabaki zuten.

«Gauza asko laburbiltzen ditu ama kontzeptuak: ama lurra, bizi emailea, denok dugu ama bat, emakumea…», kontatu du Zeberiok. Eta disko honen konposizioa bere amaren heriotzari guztiz lotuta joan dela kontatu du: «‘Ama’ kantuaren bertsioa etxean pianoarekin grabatzen ari nintzenean deitu zidaten ama hil zela esanez, elementu askok ekarri du azkenean izen hau izatea».

Bere amaren heriotza soilik ez da ageri ordea kantuetan, izan ere, ‘Faltan somatzen dut’ kantuaren letra Linazasororena da. «Garai batean egunero soneto bat bidaltzen zigun Karlos Linazasorok lagun batzuei, nik bat inprimatu egin nuen eta pianoaren gainean izan dut denbora luzean. Ama hil zenean, bertatik kantu bat egin behar nuela bururatu zitzaidan», kontatu du, eta Karlosen ama hil zenean idatzitako sonetoa dela zehaztu.

Grabaketari dagokionez prozesu luzea izan dela esan dute, urtebete iraun du. «Patxadaz eginiko lan bat izan da, lehendabizi oinarrizkoa guztiok batera grabatu genuen, eta ondorenera joan gara bakarkako grabaketak gehitzen». Aitor Etxebarriaren lana goraipatu dute, bera izan baitute bidelagun: «Kontzienteki eta gustura aukeratu genuen bera, bere lana eta bere lan egiteko modua asko gustatzen zaigulako, eta bere esku hartzea nabari da diskoan».

Zuzenekoak

«Tenpora zuzeneko talde bat da, gure indarra eta gai guztia zuzenekoetan dago», adierazi du Barandiaranek, eta beraien lehen kontzerturako gogo biziz daudela gaineratu; martxoaren 15ean izango da, Tolosako Leidor aretoan.

Taldean bost badira ere, harizko lau musika tresna joko dituzten lau gonbidatu eta koroak egingo dituzten beste bi abeslarik ere parte hartuko dute lehen kontzertu horretan. Taldekideen ustez, «diskoaren sonoritateagatik» merezi du.

Maiatzean Villabonan eta Beasainen izango dira, ekainean Andoainen eta Lazkaon, eta oraindik kontzertuetarako datak lotzen dabiltza.