25 ENE. 2024 - 11:12h Musika Bulegoa: «2023a urte ona izan da zuzeneko musikarentzat» Euskal musikaren sektoreak aho-zapore onarekin itxi du 2023a. Hori da Musika Bulegoak egindako hausnarketatik atera duen ondorioa, baina datu onek ez dute errealitatea itsutu: eredu berrietara egokitzea, lan baldintzak hobetzea eta lankidetza indartzea dituzte erronka. Gartiburen kontzertu jendetsua, Miribillan. (Aritz LOIOLA | FOKU) NAIZ Musika Bulegoak (EHMBE) Euskal Herriko musika sektorearen 2023. urteko balantzea aurkeztu berri du. Hausnarketa kolektiboko ariketa batean, hainbat eragile galdekatu ditu euren inguruan bizi duten errealitatea eta dituzten sentipenak biltzeko, eta ondorioak aho-zapore ona utzi diela aitortu dute: «Industria, artistak, kontzertu-aretoak, grabazio-estudioak, diskoetxeak eta musikagileak bat datoz 2023 zuzeneko musikarentzat urte ona izan dela baieztatzean». Euren hitzetan, jaialdien sendotzeak, disko nobedadeek, programazioaren gorakadak eta musika proposamen berriek «ziklo berri baten hasiera» markatu dute 2023an, «pandemian sortutako ziurgabetasunak atzean utziz», eta, hala, industriak fakturazio-zifra hobeekin amaitu du urtea: Durangoko Azokak 173 disko berri hartu zituen (iaz baino gehiago), aretoetara publiko gehiago iritsi da, konposizioaren esparruan lan berriak argitaratu dira eta euskarazko musika proposamenak ere ugaritu egin dira, Musika Bulegoaren arabera. «Hori guztia musikaren eszenak duen osasun onaren isla da, lorpen handiak lortu baititu», ospatu dute, «baina erronka garrantzitsuei ere aurre egin behar die», jarri dute azpimarra. Sorkuntzarekin konpromisoa EHMBEk sektoreko hainbat eragileren hausnarketak partekatu ditu prentsarekin. Besteren artean, Zuriñe F. Gerenabarrena konpositoreak helarazitakoak. Honen arabera, musika garaikideko zikloak finkatu, obra berriak aurkeztu eta orkestrek enkarguak izan dituzte. Interprete zein konpositoreek sorkuntzarekiko erakutsitako «konpromisoak» musika panorama «aberastu» egin duela nabarmendu du, eta horrek «etorkizun oparoa» iragartzen duela aurreikusi. Gerenabarrenak belaunaldi arrakala ere izan du hizpide, ordea, eta aldarrikatu du beharrezkoa dela «hezkuntza bultzada bat eta erakundeek laguntza puntualak baino gehiago ematea». Bere aldetik, Elkar Musika zigilutik 2023. urtearen emankortasuna 2024ra ere hedatuko dela aurreikusi du Andres Camio ‘Jitu’ argitaratzaileak, baina, musika kontsumoaren gorakada eman bada ere, gogora ekarri du «streaming-a nagusitzen dela musika kontsumitzeko medio lez, eta, beraz, formatu fisikoko salmentek behera egiten jarraitzen dutela, fabrikazio-kostuen igoera geldiezina jasaten jarraitzen dugula gehituta». Hor ere bada, beraz, aurrea hartu beharreko erronka. Kontzertu aretoek irakurketa baikorra egin dute agurtu berri dugun urteari buruz. Bi arrazoi eman dituzte: «Aretoetara datozen pertsonen kopurua handitu egin da eta tokiko taldeen programazioa ere handitu egin da», nabarmendu du Gotzon Uribe, Kultura Live Euskal Herriko Musika Aretoen Elkarteko presidente eta Bilboko Kafe Antzokiko programatzaileak, baina honek ere ez du ezikusia egin erronka berrien aurrean. Aipatu duenez, «urte honetarako gure erronka hazkunde hori bermatzea da, kontzertu-aretoen berezko kategoria, administrazio laguntza jasotzea eta euskal eszena berrien zabalkundean parte hartzea». Kontsumo ohiturak eta lan baldintzak Amaia Ispizua, Get Ineko promotore eta MIEko (Musika Industriaren Elkartea) lehendakariordeak ere hartu du parte hausnarketa kolektibo honetan. «Ohitura aldaketa bortitzak, neurrigabeko inflazioa, ospe handiko jauzi izugarri azkarrak, kontzertuak bertan behera uztea sold out-ekin batera eta pandemiaren ondoren etengabe hazten ari den programazioa» hartu ditu begian. Hori dela eta, «oraindik ezin da esan sektorea egonkortuta dagoenik», ohartarazi du, eta honek ere zenbait erronka jarri ditu mahaigainean: sektorea profesionalizatu, lan-erregulazioa, genero-berdintasuna eta hori lortzeko artista berriei laguntzea. Euren aldetik, musikariek lan baldintzak hobetu eta sare egonkorrak sortzeko beharrean jarri dute azpimarra. Korrontziko Agus Barandiaranek 2023an, barne antolaketari eta hitzarmenen aldarrikapenari dagokienez, «musika industriaren sendotzea» eman dela esateaz batera bere kezka adierazi du: «Datu bat falta da: zenbat musikari bizi diren beren arteaz eta zenbat irabazten duten emanaldi bakoitzeko». Industriaren «itxurazko oparotasunaren» eta musikarien lan baldintzen artean dagoen desberdintasuna nabarmendu eta «paradoxa hori onartzearen eta jorratzearen garrantzia» azpimarratu du. Sara Zozayak, bere aldetik, estilo aniztasuna areagotu eta euskarazko musika proposamen berriak sortu direla txalotu du, 2023a artistentzat «urte oparoa» izan dela nabarmenduz, «baina kokatu egin behar da, eta pentsatu behar da espazio bilaketa hori ez dela erraza guztientzat». Bere esanetan, «management enpresa handi batean dagoen artista batentzat errazagoa da kontzertuak programatzea, baina sistema horren barruan dauden musikarientzat oso zaila da bira bat antolatzea». Horregatik, «musikan hasi berrientzat sare egonkorrago bat osatzeko beharra» aldarrikatu du. Hausnarketa guztiak bilduta, EHMBEk ondorioztatu du euskal musikaren panoramak aho-zapore onarekin itxi duela 2023a, baina aurrerantzean kontsumo eredu berrietara egokitu beharrari, musikarien lan baldintzak hobetzeari eta sektoreko hainbat aktoreren arteko lankidetza indartzeari egin beharko diotela aurre. «Aurten, gai horiei heltzeko eta orain arte lortutako aurrerapenak sendotzeko funtsezko urtea izango da», amaitu du.