Este navegador no soporta el elemento video. 08 FEB. 2024 - 11:45h Iritsi da Ostegun Gizena eta hasi da inauterietako eromena Tolosan Tolosarrak dagoeneko murgildu dira inauterietan. Ostegun Gizenarekin egin du eztanda festak, eta ez du etenik izango datorren asteartera arte. Patxi Amianok azken urtea izan du inauterietako alkate gisa, eta lekukoa pasa dio Ainhoa Onsalori datozen edizioetarako. Plaza Zaharra, jendez lepo. (Gorka RUBIO | FOKU) Txupinazoa jaurtitzeko unea, Aiz-Orratz elkartearen eskutik. (Gorka RUBIO | FOKU) Kabi Alai elkarteko «bordondantzariak», udaletxeko balkoian. (Gorka RUBIO | FOKU) Txarangaren doinuekin dantzan jarri dira tolosarrak. (Gorka RUBIO | FOKU) Plaza Zaharrean ez zen inor gehiago sartzen. (Gorka RUBIO | FOKU) Txupinazoaren ondoren festa Alde Zaharreko kaleetara zabaldu da. (Gorka RUBIO | FOKU) Patxi Amiano inauterietako alkateak erretiroa hartu du. (Gorka RUBIO | FOKU) Kabi Alai elkarteko dantzariak eta «korporazioa». (Gorka RUBIO | FOKU) Última actualización: 08 FEB. 2024 - 14:01h Maddi Txintxurreta Korreo kaleko Maritxu dendaren eskaparateak, koloretako txilabekin, Ataungo Talogileen postuak, Alcatraz barraka arrakastatsuenaren argiek, pankartek eta, batez ere, Udal Txistulari Bandaren Inauterietako zortzikoak iragarri dute: Tolosa inauterietan da. Ostegun Gizena ez da mozorrotzeko eguna, koloretako txilabak janzteko eguna baizik, ahalik eta deigarrienak, koadrilako kideren bat galduz gero, urrutira ikusi eta erraz identifikatzeko modua ematen dutenak. Beti izaten da ‘guiriren’ bat –‘guiriak’ izan daiteke, lasai asko, Arrasatekoak-edo–, baina astegunak, festaren hasierak, tolosarrenak izan ohi dira. Bero zen giroa gauerditik, Vista Alegre txarangako kideek orduan bota baitute lehen txupina Triangulo plazan, baina eguerdiko hamabietako ekitaldian lehertu da festa. Garaiz iritsi ez direnak Plaza Zaharra gurutzatzeko lanak izan dituzte, koadrila gazteenak bizi ibili baitira lekua hartzen. Plaza bete da eta, itxuraz, bete-beteta dira tolosarrak ere. Europako Parlamenturaino iritsi omen da notizia: herriko egungo agintarietako asko «gizenegi» omen haien ardurak egoki betetzeko, nabaritzen omen da herriko kiroldegia hainbat hilabetez itxita egon dela eta Tolosan edozein aitzakia dela ona jan-edanarekin ospatzeko. Kabi Alai elkarteak izaten du urtero txupinazoa gidatzeko eta saltsa eta umorea jartzeko ardura, udal korporazioaren paperean sartuta, eta aurten ere berak hartu du Estrasburgon ernatutako kezkak herritarrei helarazteko ardura. Hala, jakinarazi du Europako Parlamentutik hiru mediku etorri direla Tolosara, eta agertu dira osasungintzako profesionalak Plaza Zaharreko jende-saldoaren aurrera, udaletxeko arkupetara, antzerkia egitera. Barrez erantzun dute herritar gehienek, baina izango da irudia bortitza egin zaionik ere, umorea –eta lodifobia– zerk zedarritzen duen hausnartuz: alkate eta zinegotzi guztiei banan banan gerri bueltak neurtu dizkiete, eta erabaki zein dagoen karguan jarraitzeko moduan eta zein ez. Gero eta kilo gehiago, orduan eta ahalmen gutxiago herriko erabaki garrantzitsuenak hartzeko. Antzerki horrekin, ondorioztatu dute Patxi Amiano alkateari jubilatzeko ordua iritsi zaiola. Udaletxetik aitortu du legegintzaldi «luzea» izan dela, eta «beste norbaitek» egin behar duela aurrera. Horrela, datozen urteetan Ainhoa Onsalok hartuko dio lekukoa inauterietako alkate gisa; emakumea izango da lehen aldiz. Aiz-Orratz, kuttunen «Azterketa medikoak» bukatuta, udaletxeko balkoira igo dira denak, eguerdiko hamabiak iritsita. Pleno aretoko balkoira atera aurretik, urduri ziren Aiz-Orratz elkarteko kideak. Kabi Alaik elkarte hau izendatu du inauterietako «kuttun» eta berak zuen, beraz, suziria botatzeko ardura. Haurren parte hartzea bultzatzeko azken 50 urteetan egin duten lana eskertu nahi izan diete Aiz-Orratzekoei. Izan ere, 1960ko hamarkadara arte haurrek ez zuten lekurik Tolosako inauterietan, eta elkarte hau izan zen haurren danborrada antolatzen hasi zena, lehenbizi, eta haurrentzako jaialdia urte gutxi batzuk beranduago. Lehenengo arnasbeheratu, gero sakon arnasa hartu, eta jendaurrera atera dira: «Gora Tolosa! Gora inauteriak!» ‘Pun!’ egin du txupinak eta salto jendez betetako plazak. Hasi da musika, haizeak lagundu du konfetia hegan mantentzen, karameloak kamisetak tiratuta harrapatu dituzte haurrek... Hemendik eta asteartera arte, mozorroek, musikak, koloreak, irudimenak eta umoreak hartuko dute herria, etenik gabeko festan. Hona hemen inauterietako egitaraua.