15 FEB. 2024 - 08:00h Bora Bora, Polinesiarik exotikoena Erraz ulertzen da zerk erakartzen dituen ezkonberriak munduko lekurik erromantikoenetako batera, arreziferaino doazen ur gardenen gaineko bungalowetako irudiekin. Baina badago aukera, urpean zein lehorrean gozatzeaz gain, polinesiar kultura bizi-bizirik dagoen Pazifikoko uharte bat ezagutzeko. Airetik hartutako irudi ikusgarria. (Getty Images) Testua: Urtzi URRUTIKOETXEA Argazkiak: U.U. eta Getty Images Airetik hurbiltzean, Otemanu eta Pahia mendien basaltozko tontor eskergak eta, txikiagoa izanda ere, Mataihua-aren ingerada pikoa ageri dira leihotik. Gailur zorrotzen ukitu dramatikoa leuntzen doa beherantz, oihana itsasoraino iristen, harribitxien itxurako urdinen nahasteak laztantzen dituela Bora Borako itsasertzean. Azularen eta berdeen tonuen paletek janzten dute uharte nagusiaren inguruko aintzira, arrezifeak eta motu irlek mugatutako turkesa berdekararantz jotzen duten urdin argietan. Berez, Bora Borako uharte nagusian ez dago aireratzeko pistarik; aireportua pareko motuan dago, Mute irlan, airetik ikusitako ikuskizuna parez pare gozatzeko moduan. Inguruan, arrezifearen luzeran, beste irla txiki eta luze ugari daude munduko hotel eta resort esklusiboenetakoekin, baita ostatu txikiagoak ere. Gehienak gune pribatuak dira, baina badaude txango bidez edo itsas-taxi edo txalupekin iristeko moduko motuak ere. Bora Borako aintzira ezagutzeko beste modu atsegin eta merke bat kayakak erreserbatzea da; urpean ibiltzeko tresnak hartuta, koral zoragarriak edo kolore guztietako arrainak behatzeko era paregabea da. Vaitape da uharteko herri nagusia, eta bakarra, egia esan. Inor ez da bertan geratzen, aireportutik hona iritsitakoan oporlekura joateko baino ez dira Vaitapetik pasatzen, edo bestelako beharrizanen bat (dirua, erosketak) izanez gero oporraldian zehar. Eta hala ere, benetan leku interesgarria da, munduan hain urrun dagoen paradisu gisako txoko honetako eguneroko bizimodua ezagutzeko. Eskola, administrazioa, eliza eder bat, frutaz eta barazkiz betetako bide bazterreko saltokiak, eta tahitiera herritarren ahoetan. Frantziaren agindupean eta frantsesaren presiopean, luxuzko turismoak milaka lagun lehorreratzen dituen lekuan ere, bertako kultura eta hizkuntza bizi-bizirik dauden lekua da Vaitape. HEGOALDEKO BITXIAK Matira Beach, Bora Boran bertan dagoen hondartza bakarra da, Vaitapetik hamar kilometro hegoaldera. Funtsean, turismorako txoko nagusia da, aintzirako motuetara joan gabe. “Hiriburuan” legez, Matiran ere, errepidearen beste aldean, egun batzuk emateko ostatu eta apartamentuak aurki daitezke, baina betiere aurretiaz erreserbatzea komeni da, eta horren arabera hartu hegazkina. Ezin ahaztu 30 kilometro inguruko perimetroa daukan uharte txikia dela, erdialdeko mendiek bestelako handitasun itxura emanda ere. Matira, edozelan ere, leku atsegina da, hondartza munduko ederrenen artean dago, goizean goizetik uretan zein lehorrean planak egiteko. Ratiti Point muturrak mugatzen du hareatza luzea mendebaldean, harea zuria eta ur gardenen irudi paregabea emanez. Mundu guztiko turistekin batera, polinesiar familiak ere honaino etorri ohi dira egun pasa. Badiaren ilargi erdian ibilian, ostaturen bat, jatetxe eta pizzeria txiki pare bat eta urpekaritzarako zentroa igaro ditugu, baina hain da luzea, ezen bakarrik egoteko aukera ere zabala baita. Matiraren ekialdeko lurmuturrean biltzen da gune turistiko nagusia, Intercontinental hotelaren itsaso gaineko bungalowekin, bestelako hotel txikiagoak eta zenbait jatetxe, food-truck eta negozio turistikorekin. Hemen dago Bora Borako hegoaldeko muturra, haizepeko (ekialdeko) mandatik joanda are txoko interesgarri gehiago ageri dira; Pitiuu Ufa motuan, esaterako, akuarioa eta snorkelerako -maskara eta hodiarekin urpean aritzeko- gunea dago. Txango antolatua hartu liteke; merkexeago gure kontura egin dugu, egun erdiz kayaka alokatu eta bertaraino etorrita, Bora Borako aintzirako harribitxiak bertatik bertara ezagutzeko eran, Polinesiako urpeko txokorik ederrenetako batean. ZEIN LEHORREAN Irlaren ekialdetik igotzen den errepideak trafiko gutxi dauka. Oinez, bizikletaz zein motorrez bisitatu liteke, Pāopāo, Araarapupu edo Mataorio lurmuturretan geldialdia eginda. Aintzirako motuen parean dortoka, koloretako arrain, koral artean edo marrazoekin igeri egiteko aukera dago. Begirada itsasotik aldendu eta barnealdera zuzenduz gero, Pahia eta Otemanu tontor ikusgarriak bertatik bertara ageri dira; uharte osoan errepidea kostatik doan arren, Amanahunek asfaltoak barnera egiten du itsasalde biak lotuz, eta bidean ikuspegi paregabea eskainiz. Arreziferaino joanda, berriz, Meridian hotel garestia dago alde batean motua bereganatzen. Bertan ostatu hartzea poltsiko gehienentzat ezinezkoa bada ere, baditu aukera onargarriagok, Lagoonarium gunea, kasu. Paradisuan antolaturiko txokoa blitz legez, kaioletan mugatu gabe bertako arrainak eta marrazoak urpean ikusteko aukera ezin hobea da. Bora Borako uharte nagusitik txalupa bidez iristen da, eta han erraz asko eman liteke egun osoa igerian, urpean, harea zurian gozatzen, edo Bora Borak bestelako perspektiba batez gozatzen, motutik uharte nagusira begira. Mata Pupu mendi txikixeagora igotzeko abiapuntuetako bat ere hegoaldeko txoko honetan dago. Mendi handiagoetaraino igotzeko bidezidorra hartzeko, berriz, Vaitapetik abiatzen den bidexka hartu behar da lehendabizi. Mataorioren osteko bihurguneak Anau herrixka xumea dakarkigu, kalean jateko aukeraren bat badago bertan, polinesiar herri txiki bateko bizimodua ezagutzearekin batera. Herriko kanpoaldean, esate baterako, Bigarren Mundu Gerran prestatutako kanoiak ikusgai daude (Japonia ez zen honaino irisi, baina Pazifikoko irla garrantzitsuenetan berebiziko aldaketak ekarri zituen). Irlaren iparraldeko muturretik gertu dagoen Bora Borako itsas museo txikiak historiako pasarte honi ere erreparatzen dio, polinesiarren itsas tradizio luzea azaltzearekin batera. Tā'ihi Point da uhartearen iparra markatzen duen gunea, manta arrainak bertatik bertara ezagutzeko leku bikaina. MAUPITI IRLA TXIKI ETA IA TURISMO GABEA Bora Bora bera bakarrik goza liteke, zuzenean Tahititik etorrita. Litekeena da, ordea, aireplanoak beste geldialdiren bat egitea Huahine edo Raiatea irletan. Berez, ez dago Tahaa uharte ederrarekin batera arrezifea partekatzen duen irla honekiko itsas konexiorik, tarteka uharte bateko eta besteko herritarrek konexiok izan arren. Are urrunago geratzen da Maupiti irla txiki eta ia turismo gabea, polinesiar bizitza arrunta ezagutzeko. Hegaldi bakanen bat ez eze, tarteka ferrya egon izan da Bora Bora eta Maupiti uharteen artean. Zernahi dela, Sozietate artxipelagoko irletatik egunero daude hainbat hegaldi Tahitira, eta Bora Bora da turistetako askok nahi dutena, noski. Prestakuntza apur bat behar da barne-hegaldiak eta ostatuak ondo koordinatzeko, resortetarako sosik izan ezean; baina, txukun antolatuta, bizpahiru egun gutxienez eman dituztenetako gutxi damutu dira Paradisuko txoko honetan egindako geldialdiaz.