GAIAK

Udalatx, haize hatx

Biluzik egon dira Euskal Herriko mendiak neguan. Negua udaberriz mozorrotu zen urtarrilean, eta elur eta izotzik gabe iraun zuten erpinek eguzki epeletan. Halako batean Karlotta ekaitza etorri zen, haserre, eta lasai zeuden haitzak kolpatu zituen, egun batzuen buruan negu gordina bueltan ekartzeko.


Udalaitz, Udalatx mendi ederra da (Debagoien bailaran haitz hitzari hatx esaten diote). Euskal Herriko erpinik dotoreenetakoa, alboan, edo gertu, gure aberriko tontor mitiko ezagun asko baditu ere. Dozena erdi kilometrora dago Anboto piramidea, eta hegorago Gorbeia. Ekialderantz Aizkorri mendikatea dauka, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko lur eremuetako tontor multzorik garaiena. Baina Udalatx leku askotatik ikusten da, tentea da, eta 1.117 metro ditu. Gipuzkoa eta Bizkaiko lur eremua banatzen du, eta Aizkorri eta Aralar alde batera utzita, Gipuzkoako mendirik garaienetakoa da.

Txango honetan Udalatx, Udalatx-eko begia eta Besaide muinoa lotzea zen asmoa, baina haizeteak ezinezko egin du itzuli oso hori, eta gailurra eta begia bisitatuta konformatu behar. Arrasateko Udala auzoa da abiapunturik erosoena. Bertatik 700 metro pasatxoko desnibela libratu behar da, eta aldapa tente samarra da gailurra jo arte.

Pista batean barrena egiten da bidea aurrena, motz, eta ‘Udalatx ez ukitu’ leloa erakusten duen ur biltegi zahar batean eskuinerantz hartu behar da. Gain-gainean Udalatx hatx ikusgarria izango dugu beti, eta hura ekialdeko aurpegitik inguratuko dugu, lurrezko zoruan. Kantauriko arte baso dotorean barrena egiten da martxa aurrena, eta harri artean 800 bat metrotik gora. Arte artean eroso goaz, baina, behin basoa atzean utzita, norbaitek leihoa ireki duela dirudi. Karlotta ekaitz sakona hego-mendebaldeko haize ufada bortitzak sortzen ari da, eta zutik mantentzea ere nekeza da toki irekietan.

Iparreko noranzkoan beti, mendebaldera jira egin eta bidea halako kanaltxo batean sartzen da. Harrigarria da bertan sentitzen den bakea. Izan ere, haize-babesean goaz, eta 100 kilometroko haize ufadak zeharo desagertu dira. Azkar Arrasateko begiratokia esaten dioten gailurra ikusiko dugu, gurutze handi batekin (1.073 metro). Baita behinola La Asuncion basilika izan zena, eraitsi antzean gure egunetan.

Azken gandorra bakarrik geratuko zaigu Udalatx gailurra jotzeko. Xenda estu samarra da, amildegiak hurbil dituena, tarteka, eta litekeena da batzuetan besoak erabili behar izatea. Neurriz kanpoko arriskurik ez, hala ere. Gailurrean postontzia, eta ikuspegi dotorearen inguruko informazioa ematen duen mapa agertzen da. Bistak dotoreak baitira; Anboto, Gorbeia, Oiz, Aizkorri, Kurtzebarri… Bereziki ikusgarria da Kanpazar mendate alderantz jausten den amildegia, oso tentea. Bizi dugun aro modernoarekin zerikusia duten errepide eta trenbide ugari ere ikus daitezke, zoritxarrez.

UDALATXEKO BEGIA

Udalatx tontor multzo polita da. 1.117 metroko punta da garaiena, baina Arrasateko kaskoaz gain (1.073 metro) Kurtzezarreko punta (1.092 m.), Erdikoatxa (1.026 m.) eta Atxaurrutxugane ere nabarmentzen dira (979 m.). Azken bi horiek Gipuzkoa eta Bizkaia banatzen dituen mugaren gainean daude, hain justu. Besaide muinoa ere ondo ikusten da Udalatx gailurretik, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba banatzen diren txokoa. Haraino bidea ez da luzea, baina harritsua bai, Udala auzotik datorren pista hartu arte, eta Karlottaren haserreak Besaiderainoko txangoa beste baterako uztea aholkatu digu.

Trukean Udalatxeko Begia deitzen dena ezagutuko dugu. Gailurretik bada bidexka bat, hego aurpegitik. Pausoa zaintzea komeni, eta tentuz jaistea. Bost minutuan iritsiko gara, eta haitzulo ikusgarriarekin txundituta geratu. 10-12 metroko altuera izango du, eta 20 metro pasatxoko sarrera. Sakonean 25 bat metrokoa izango da, eta antzina aterpe izango zen begi hau abere eta gizakientzat. Barrutik Anbotoko piramidea ikusteko, merezi du ahaleginak, nahiz eta Udalara bueltatzeko berriro gailurrera itzuli beharko dugun, eta egindako bidea desegin, txango hasierara iristeko.