26 MAR. 2024 - 19:00h ZETAK taldearen bideoklip berria, Marala eta Itziar Ituñoren eskutik: ‘Entre carn i os’ ‘Entre carn i os’ abestiaren bideoklipa kaleratu du ZETAK talde nafarrak. Marala taldearekin elkarlanean eta Itziar Ituño ikus-entzunezko protagonsita dela, lehen aldiz katalanez egindako abesti bat sartu du Pello Reparazek. NAIZ ZETAK taldeak ‘Entre carn i os’ abestiaren bideoklipa kaleratu du astearte arratsalde honetan Marala talde kataluniarrarekin elkarlanean. Itziar Ituño aktoreak da laneko protagonsita. Pello Reparaz musikari, konpositore eta ekoizleak kantuaren atzean dagoen inspirazioari eta kolaboratzaileen aukeraketari buruzko xehetasunak partekatu ditu. Reparazen arabera, abestia Kataluniako herriarekiko esker oneko keinu gisa sortu zen, ZETAKek eskualdean jaso duen harrera beroa aitortzeko: «Inoiz ez genuen disko batean katalanez egindako abesti bat sartu, eta beharrezko keinua zela uste dut. Gurea ez den herrialde batek ematen digun maitasun hau jasotzea bizitza osorako gordeko dudan oparia da». Letra sortzeko, Xavi de la Iglesia, Blaumut taldeko kidearekin elkartu da ZETAK. Reparazek de la Iglesiaren «trebezia poetikoa» goraipatu du, eta bere estiloa talde nafarraren testuinguruan «modu naturalean» txertatu izana nabarmendu du. Marala taldea lankidetza honetarako aukeratzeari dagokionez, ‘AAZTIYEN’ albumeko beste kolaborazio nabarmenekin batera, Reparazek dio «ikuspegi artistiko» batetik hartutako erabakia izan dela. «ZETAKen ahotsa indartu nahi zen katalanezko kantuak eskaintzeko ariketa batean, eta Marala ezin hobeto egokitzen zen ikuspegi horretara». Gainera, «emakumeek gidatutako Kataluniako proiektu artistiko batekin lankidetzan aritzearen garrantzia» azpimarratu du, «sormen prozesuan aniztasunak duen balioa» azpimarratuz. «Interesaren eta maitasunaren arteko elkargunea aztertzen duen abesti bat da. Abestiak aurkikuntza emozionalaren sentsazioa harrapatzen du eta ZETAKen imaginarioko elementuekin fusionatzen da esperientzia bakar eta hunkigarri bat sortzeko», adierazi du arbizuarrak.