27 MAR. 2024 - 09:57h Hontzak, gaueko ilunpetan so Uharte batzuetan eta Antartidan izan ezik, mundu osoan ikus daitezke hontzak. Munduan, 250 bat hontz espezie daude. Euskal Herrian, zazpi: hontz handia, hontz ertaina, apo hontza, zingira-hontza, urubi arrunta, mozolo arrunta, eta Tengmalm hontza. Mozolo arrunta. (Juan Luis MUGERTZA) Testua eta argazkiak: Juan Luis Mugertza Nolakoak dira hontzak? Hontza munduan dagoen hegaztirik liluragarri eta enigmatikoenetakoa da, eta munduko harraparirik zaharrenetakoa. Eozeno sasoikoa ei da, alegia, duela 65 milioi urtekoa; erregistro fosilak daude. Gaueko harrapariek sekulako garrantzia dute basoko bizi-katean, eta gizakien ezinbesteko aliatu bilakatu dira karraskarien aurkako borroka etengabean. Halarik ere, sekulako beldurra eragin digute mende askotan, eta gupidagabe suntsitu izan dira, kokaleku ugaritan desagertzeraino. Hontzak gautarrak direlarik ere, badaude egun argiz, zein gauez aritzen direnak. Oro har, ez dute habiarik egiten, beste espezie batek abandonatutako kabia aprobetxatu ohi dute, edo zuhaitz-zuloetan hartzen dute aterpe. Bizitza osoan bikotekide bakarra izaten dute, gorputz-jarreraren eta bokal-hotsen bidez (uluak) elkarren artean komunikatuz, batez ere estaltze garaian. Haien lumajeari esker, ezin hobeto kamuflatzen dira inguruan, eta ehiztari oso trebeak dira. Bitxia da burua biratzeko duten gaitasuna: 270 gradu arte bi noranzkoetan (eskuinera eta ezkerrera), baita gora eta behera ere (90 graduko angeluarekin). Hori posible da egokitzapen anatomiko izugarriari esker, haien orno zerbikalen kopurua gizakien bikoitza da-eta (14 dituzte, guk 7 bakarrik ditugun bitartean). Honek ehiza-angelu handiagoa izatea ahalbidetzen du. Hontzen ezaugarri aipagarrienetako bat iluntasunean ikusteko duten gaitasuna da. Haien begi biribil handiek argi txikiena ere antzemateko aukera ematen diete, eta horrek harrapakinak ehizatzen laguntzen die gauez. Hontzek hegaldi isila izaten dute, lumajearen ezaugarri bereziei esker. Hegoen lumek ertz leunak dituzte, eta horrek hegan egitean zarata txikitzen du. Honela, harrapakinengana hurbil daitezke hauek jabetu gabe. Gaitasun fisikoez gain, hontzak jakituriaren ikur ere izaten dira kultura askotan: adimenarekin eta ezagutza sakonarekin lotzen dira. Mitoak eta sinesmenak. Gauean duten presentziak eta beraien begirada sarkorrak jende askoren arreta eta irudimena bereganatu dituzte mende askotan. Izan ere, hontzek historian zehar kultura askoren jakin-mina eta interesa piztu dituzte, jakinduriaren eta ezagutzaren sinbolo bihurtuz. Hori dela eta, hontzei buruzko mitoak eta herri-sinesmenak ezin utzi aipatu gabe hegazti hauek ahotan hartzean. Hainbat tradiziotan hontzak sekretuen zaintzaile eta heriotzaren mezulari hartuak izan dira. Isilean hegan egiteko duten gaitasunak eta ikusmen zorrotzak ehiztari maltzur eta argitsu izatearen ospea eman diete. Gizakiaren haratago ikusteko gaitasun horrek intuizioarekin eta, nola ez, aztikeriarekin, erlazionatu ditu hontzak historiaren sasoi guztietan. Kultura indigena askotan, hontzek izpirituen munduan babes eta gidaritza espirituala emateko fama izan dute. Pentsatzen da ametsetan edo introspekzio uneetan hontzak agertzea mezu garrantzitsu baten seinalea izan daitekeela. Feminitatearekin eta amatasunarekin ere lotu izan dira tradizio batzuetan. Beraien itxura dotoreak eta kumeak zaintzeko eta babesteko duten jarrera arduratsuak energia femeninoarekin eta amaren irudiarekin lotu dituzte. Kultura askotan, hontza heriotzan eta ondorengo bizitzan ere oso presente egoten da. Izan ere, haietariko asko hilerrietako zuhaitzetan atseden hartzeak eta gauarekin duten loturak trantsizioaren eta eraldaketaren ikur bihurtu dituzte. Uste da hontzek arimak hil osteko beste bizitzara gida ditzaketela, eta bizidunak izpiritu gaiztoetatik babestu. Hontzak misterioa eta magia direla eta, izaten dira ezagunak amerikar tribu batzuetan. Esaterako, hontz batekin amesteak berehalako heriotza ekarriko zuela uste zuten antzinako apatxeek, eta beste tribu batzuentzat, hontz bati txistuka deitzean berak erantzun ezean, heriotza gertu zegoen seinalea zen. Greziarrek eta erromatarrek uste zuten sorginak hontz bilaka zitezkeela, eta horrela haurtxoen odola urrupa zezaketela. Greziar mitologian hontza Atenearekin lotuta dago, jakinduriaren jainkosarekin, Ateneak beti eramaten baitzuen hontza bere sorbaldan. Euskal Herrian ere, hontzen inguruan badugu gure ustea: «Hontzak etxe ondoan marraska mea egiten duenean, “ui, ui”, etxe artako norbait ilgo da» esaten zen. Horrek txakurren baten uluekin bat egiten bazuen, huts egiterik gabeko seinalea zen: heriotza hor zegoen. Zorionez, hontzen inguruko mitoak eta kondairak indarra galtzen joan dira, eta, dagoeneko, ez dira animalia beldurgarriak edo gaiztoak, kontserbazio arazo larriak dituzten espezie sentikorrak baizik, gure errespetua eta kontzientzia eskatzen dutenak. Atsotitzak eta hontza:Ontzak egunez kantatzen badu, euriaren seiñale.Ontzak jotzen baldin badu, defuntua ingurun.Ontzak urretxindorrari kantatzen irakatsi nahi.Ontzak eguardiko amabitan kantu ezkero, berrogei egun onak edo txarrakHontza txorien igesi.Hontzak begiak eta sasiak belarriak.Hontzari ez beha lumari.