GAIAK

Oiartzungo Yakovlev 42 taldea epaitegira deitu dute Guardia Zibilak haien letrak salatu ostean

Oiartzungo Yakovlev 42 punk taldeko sei kide eta kide ohi deklaratzera deitu dituzte, Guardia Zibilak haien letren edukiari salaketa jarri ostean. Taldeak bere sare sozialetan eman du egoeraren berri eta askatasun kulturalaren aurkako erasotzat jo du jazotakoa.

Taldearen kontzertuetako bat. (Yakovlev 42)

Yakovlek 42 punk taldeko kide eta kide ohiak deklaratzera deitu dituzte, Guardia Zibilak haien aurkako salaketa jarri ostean. Taldeak bere sare sozialetan jakitera eman duenez, 6 musikari dira deklaratzera deitu dituztenak, ikertu gisa.

Ohar batean azaldu dutenez, beren «ikuspegi ideologiko berarekin bat ez datozen guztienganako gorrotozko diskurtsoa elikatzen ari» direla leporatzen diete, betiere «Gipuzkoako Guardia Zibilak egindako txostenaren arabera», abestien letra «guztiz irangarri eta intoleranteak idazteagatik», «gure kontzertuetan zenbait jokabide erakusteagatik» eta «indarkeria etengabe goraipatzeagatik».

 

Maiatzaren 6an joan beharko dute 6 musikariek Donostiako Instrukzioko Epaitegira deklaratzera, «itxuraz gorroto delituaren erantzule gisa», jakitera eman dutenez. Taldearen esanetan, ikerketa akusazio bilakatuko balitz, «urtebete eta lau urte arteko espetxe zigorra eska dezakete kide bakoitzarentzat».

Zabaldu duten oharrean «adierazpen askatasunaren eta askatasun kulturalaren aurkako erasoa» pairatzen ari direla salatu nahi izan dute.

Yakovlev 42 Oiartzungo punk talde bat da. Haien estiloa «bizia eta beldurrik gabea» dela diote, erraz bururatzen diren letra zuzenekin. Izenak 2003an Espainiar estatuko militarrek izandako hegazkin istripuari egiten dio erreferentzia.

2016an hasi zuen taldeak ibilbidea eta urte horretako maiatzaren 14an eman zuten lehen kontzertua, Kaos Urbano eta The Bobby's taldeekin batera. Handik gutxira ‘Oreretako elkartasun doinuak’ lanean parte hartu zuten, beste 17 talderekin batera preso politikoentzat dirua biltzeko.

‘Streetpunk antifa’ lehen diskoa Ion Odio eta Endika Suturaren eskutik Oiartzungo Ijito-Baita estudioetan nahastu eta masterizatu zuten 2016ko apirilaren amaieran. Bost kantu baino ez zituen maketa txiki horrek harrera ona izan zuen.

Hurrengo urtean taldekide berri bat batu zitzailen, baxu jolea, eta ordura arte zeregin horretan zebilen kideak gitarra hartu zuen, bost kideko taldea bilakatuz. Urte berean, hots, 2017an, ‘La pesadilla continua’ lana kaleratu zuten, aurreko diskoaren ildo bera jarraitzen zuena, hamabi kantu berrirekin. Sortu zirenetik urtean behin diskoa atera dutela esan daiteke, 2020ra arte: 2018an ‘Secuestro express’ plazaratu zuten, 2019an ‘Antolatu, borrokatu, egin!’ eta azkena, 2020an kaleratutako ‘Vuestro pecado’.

2019an ordura arte abeslari izandakoak taldea utzi eta beste kide batek bete zuen bere tokia. Orain, egun taldekide direnak zein aurretik kide izan zirenak deitu dituzte deklaratzera, taldeak berak jakitera eman duenez.