17 ABR. 2024 - 14:00h ‘Ubera’, euskal diasporako zazpi istorio doinu latinoekin kantu bihurtuta Euskal diasporako istorioak bildu eta bertako doinuekin kantuak sortu ditu TikTara musika taldeak bere hirugarren lanean, ‘Ubera’ diskoan. 2020an abiatu zuten proiektua, artean pandemiak eraginda etxean zeudela, eta ikerketa lan sakon baten ostean abestiak sortzen hasi ziren. TikTara taldeko lau kide, disko berriaren aurkezpenean. (Jon Urbe | FOKU) Iraitz Mateo TikTara musika taldeak bere hirugarren lana aurkeztu du asteazken goiz honetan Donostian: ‘Ubera’. Euskal migratzaileek Amerikan bizi izan zituzten esperientziak bildu dituzte, bertan aurkitutako musikarekin uztartuz. Kantuen letrak zazpi istoriotan oinarrituta idatzi zituzten, eta kantu bakoitza herrialde bateko musikarekin lotu dute. Zuzenekoak prestatzen dabiltza, musika, antzerkia eta dantza uztartu nahi baitituzte oholtza gainean. Harkaitz Bastarrika, Amaia Ureta, Ander Zulaika, Iñigo Egia, Jose Gallardo, Aritz Luzuriaga eta Beñat Isasti musikariek osatzen dute Tik Tara taldea. Taldea sortu zenetik «leitmotiv» bat izan dutela kontatu dute: euskal musika bestelako erritmoekin lotzea, batez ere erritmo latinoekin. Zentzu horretan, beren lan berrirako ideia ez zaiela arrotza egin aitortu dute: «Ohituta geunden ezohiko erritmoekin lan egiten».‘Ubera’ izena jarri diote zazpi kantuz osatu duten diskoari. Itsasontziek atzean uzten duten ur arrastoa da ubera, «atzean geratzen den hori», zehaztu dute beraiek. Izan ere, euskal herritarrek Amerikara egindako migrazioen ondorioz gertatutako istorioak bildu dituzte. Zulaikak egin ditu kantuen letrak, baina aitortu dute Ureta izan dela ikerketa lan gehien egin duena. Amerikako euskal etxeetara deitu zuten lehenbizi, «beraien aitona-amonen istorioak kontatzeko eskatu genien», azaldu dute, eta hainbat euskal etxetatik erantzun zieten. EHUko historia fakultatera ere jo zuten ikerketa lana osatzera, eta bertan lortu zituzten hainbat kontaktu, «eta gero, ba internet», onartu du Bastarrikak. Lortzen zituzten izenei tiraka istorioak lotzen joan ziren. Istorio bakoitza herrialde batean kokatu dute, eta bertako musikarekin lotu dute. Brasil, Ekuador, Uruguai, Kuba, Kolonbia, Peru eta Argentina sumatu daitezke taldearen disko berrian. Istorioak sortzeko bidea kontatu ondoren, musika nola sortu zuten azaldu du Bastarrikak: «Herrialde horietako musika entzun, entzun eta entzun. Hori egin dugu euskal musikarekin lotzeko hari bat topatu nahian». Antzekotasun handirik ezHasiera batean, euskaldunek Amerikako kulturan zein eragin izan zuten ikertzeko ahalegina egin zuten, baina ez zuten emaitza handirik lortu. Bertako antropologoek Kolonbian «bambuco» musika estiloak zortzikoarekin lotura dutela esaten zuten, eta TikTarako kideek ez zuten loturarik ikusten. Edota dantza egiteko modu antzekoa dutela hegoamerikarrek eta euskaldunek esaten zuen ikerketa batek, eta musikariek ez zuten horrela hartzen. Diskoan jasotzen diren istorioetako batzuk aurreratu dituzte aurkezpenean. Esaterako, Amerikara joan zen nafar batek apustua egin omen zuen Argentina gurdi batean zeharkatu zezakeela, eta bidaia hori kontatzen du kantu batek. «Euskaldunek euskaldunak ere esklabizatzen zituztela ez da horren jakina, baina hori ere gertatzen zen. Euskal Herrian kaptadoreak zeuden, baserriz baserri Ameriketan aberastuko zirela esan, eta hara iristean pasaportea kendu eta esklabo hartzen zituzten», kontatu du Bastarrikak. Eta istorio hori, adibidez, tango baten bidez jaso dute diskoan. Aurkezpenean migrazioa ere izan dute mintzagai, eta egun gertatzen ari denaren «isla» ere izan nahi duela diskoak esan dute: «Egun euskaldunak behin migratu bezala, Euskal Herrira iristen ari dira migratzaileak, eta inguru enpatiko bat sortzeko balio izatea nahi dugu. Denok gara atzerritarrak azken batean».«Musika estilo honetako talde asko loratzen ari dira Euskal Herrian, eta hori oso pozgarria da», jakinarazi dute. Diskoa eskuratzeko TikTararen sare sozialetara idazteko gomendatu dute, eta plataformetan maiatzaren 27tik aurrera egongo da eskuragarri. Disko fisikoari garrantzia ematen diote taldekideek, «opari bat egiteko objektu oso polita da».