03 MAY. 2024 - 00:00h Egurrezko kupelean egindako sagardoa berreskuratzen Usurbilen Altzairuzko upelak ia erabat baztertu du egurrezko ontzia eta honen inguruan belaunaldiz belaunaldi gorde den ezagutza. Ondare hori ez galtzeko, Euskal Herriko Egurreko Sagardo Txapelketaren bosgarren edizioa antolatu dute Usurbilen, ekainaren 9an, aurten lehenbiziko aldiz Aginagako eliza zaharrean. Egurrezko ontzietako sagardogintza berreskuratzeko antolatu dute txapelketa ekainaren 9rako. Argazkian, RBLD sagardo upategia. (RBLD) J.S. Sagardoaren kulturaren inguruan Usurbilen dagoen afizioak parerik ez duela gauza jakina da. Oria bailarako herri honetan, bost sagardotegiz gain, 30 etxe baino gehiagotan egiten dute urtero sagardoa. Eta ez hori bakarrik, egurrezko ontzian egindako sagardoak garrantzi berezia izan du beti; horregatik hasi ziren duela urte batzuk Euskal Herriko Egurreko Sagardo Txapelketa antolatzen, Alkartasuna Baserritarren Kooperatibaren eskutik. Txapelketaren antolatzaile eta kooperatibako kide den Jakoba Errekondoren hitzetan, «sagardogintzaren historian egurrak garrantzi handia izan du eta gure aurreko belaunaldiek ederki zekiten egurrezko ontziak erabiltzen. Baina altzairuzko ontziak zabaltzen joan ahala, ezagutza hori galtzen joan da eta une honetan ia erabat galduta dago. Horregatik hasi ginen txapelketa antolatzen, sagardogintza tradizionala berreskuratzeko». Egurrezko kupelean egindako sagardoa iraganeko zerbait dela uste dutenen aurrean, Errekondok etorkizun handiko gauza dela uste du. «Argi dago sagardogintzaren etorkizuna dibertsifikazioan oinarrituko dela, eta alor horretan egurrak zeresan handia izango du, sagardo monobarietalei edo ondutakoei egurraren ezaugarriak gehitzeko aukera emango baitie». LEKU ETA DATA BERRIAK Hasiera batean maiatzeko Sagardo Egunarekin batera egiten zen txapelketa, 2022an abendura aldatu zuten, San Tomas azokaren bueltan antolatzen zen etxean egindako sagardoaren lehiaketarekin bat eginez. Iaz, ordea, bi txapelketak ez nahastea erabaki zuten eta, urtebeteko hausnarketa egin ondoren, ekainean antolatzea erabaki dute, hainbat berrikuntzarekin. Nagusia, lekualdaketarena da. Orain arte herriko plazan egin izan den txapelketa, hemendik aurrera Aginagako eliza zaharrean ospatuko da. Zergatik? Honela azaldu digu Jakoba Errekondok berak: «Aginagako eliza berria eraiki zenean, bertako gazteek eraikin zaharra guztiz eraberritu zuten, kultur ekitaldiak aurrera eramateko. Gure iritziz, oso toki dotorea da txapelketa hau egiteko, solemnea, eta ekitaldiak indarra hartzeko oso egokia izan daiteke». Beste berrikuntza nagusia antolaketari dagokio, helburua parte-hartzea bultzatzea baita. Horretarako, hiru epaimahai osatuko dira, bakoitza pertsona ezagun batek zuzenduta: Maider Larrañaga sommelierra (Arteaga Landetxea, Arrasate), Dani Corman (Basque Culinary Center, Donostia) eta Irati Amondarain enologoa (Andoain). Aurtengo edizioa, beraz, ekainaren 9an egingo da, igandea, 10.00etatik 13.00etara. Parte-hartzaile bakoitzak maiatzaren 31 baino lehen aurkeztu beharko ditu botilak Usurbilgo Alkartasuna kooperatiban. Baldintza bakarra, egurrezko kupelean egindako sagardoa izatea da. Beraz, afizionatu zein profesional mailan lan egiten dutenek parte hartu ahal izango dute. Interesatuek Kooperatibarekin jarri beharko dute harremanetan (sagardoa@ni.eus). Irabazleak 1.000 euroko saria eta Antton Olariagaren garaikurra jasoko ditu. Txapelketa eguna iritsi bitartean, maiatzaren 19an, Usurbilgo Sagardo Egun famatuaren txanda izango da. Zaleentzat egun seinalatua da hori, batez ere aurten, antolatzaileek erreleborik aurkitzen ez badute azken edizioa izan daitekeelako.