GAIAK

Osakidetzak preeklanpsia baheketa ezarriko du ekainetik haurdun dauden emakume guztientzat

Ekainetik aurrera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako emakumeek aukera izango dute, haurdun daudela, preeklanpsia hautemateko baheketan parte hartzeko. Helburua konplikazioa goiz tratatu ahal izatea da, erditzean arazorik eragin ez dezan.

Baheketa ekainetik aurrera ezarriko dute. (IREKIA)

Osakidetzak, ekainetik aurrera, preeklanpsiako baheketa berri bat egiteko aukera eskainiko die haurdun dauden emakumeei. Baheketa horri esker, hipertentsio arterialarekin lotutako konplikazio hori garatzeko arriskua identifikatu ahal izango dute. Preeklanpsiak haurdun dauden andrazkoen % 2ri eragiten dio, eta alterazioak eragiten ditu plazentaren funtzionamenduan. Lakuako Gobernuaren Osasun sailak iragarri du baheketa berri hau maiatzaren 22an egingo duten Preeklanpsiaren Mundu Egunaren bezperan jarriko dutela martxan.

Preeklanpsia konplikazioak garatzeko kausa garrantzitsuenetakoa da, eta erditzean hiltzea eragin dezake, amen zein jaioberrien kasuan. Izan ere, herrialde garatuetan, amen hilkortasunaren bigarren kausa da. Osakidetzaren preeklanpsia bahetzeko programa berriarekin, konplikazio hori garatzea % 70 baino gehiago murriztea espero dute, horrela amaren eta jaioberriaren osasuna hobetuz.

Baheketak haurdunaldiaren lehen hiruhilekoaren ohiko kontrolean hainbat proba egitea aurreikusten du, amaren arrisku-faktore jakin batzuen erregistroa, tentsio arteriala hartzea, ekografiaren datuak eta odol-analisiaren datuak barne hartuz. Datu horien konbinazioari esker, preeklanpsia garatzeko probabilitatea kalkula daiteke, haurdun dagoen emakumeak konplikazio hori garatzeko arrisku handia edo txikia duen adieraziz.

Kalkulatutako arriskua handia bada, haurdunaldiaren 16. astetik 34. astera bitartean egunero aspirina-dosi txikia har dezan adieraziko zaio emakumeari. Tratamendua segurua da amarentzat eta haurrarentzat, eta bereziki eraginkorra preeklanpsia modu goiztiarrenak prebenitzeko.

Programa hori Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak eta Biobizkaia Osasun Ikerketa institutuak gidatu dute, eta Uribe, Galdakao, Barakaldo-Sestao eta Ezkerraldeko erakunde sanitarioek asistentzia-mailan parte hartu dute.