GAIAK

Iztueta esnekiak, baserritik etxera zuzenean

Iztueta Esnekiak sektoreko erreferentzia bilakatu da azken urteetan. Bost belaunaldi daramatzate behiak hazten eta esnea ekoizten eta, azken urteetan, produktua dibertsifikatzeari ekin diote, betiere hasierako filosofiari eutsiz.

Arrautza-budina txokolate izozkiarekin. (NAIZ)

Lazkaoko Iztueta esnekien lelo ezagunari ez zaio arrazoirik falta (“Esnetan bizi gara”), ez bakarrik Intxausti familiak mende oso bat daramalako esnea ekoizten, baizik eta haien lanbidea bizimodu bihurtu dutelako.

Orain dela hamarkada gutxi arte astoarekin partitzen zuten esnea etxez etxe, baina saltzeko modu hori desagertzera behartu zuten, eta Intxaustitarrak garai berrietara egokitu dira, produktua dibertsifikatuz baina hasierako filosofiari eutsiz: jasangarritasuna eta gertutasuna.

Horrela, behi-esnea ekoizten jarraitzen dute, belardietan libre hazitako behiekin. Izan ere, horixe da etxean ikasi dutena, eta animalien eta ingurumenaren zaintza lehenesten dituen eredua jarraitzen dute. Modu horretan sortutako lehengaiarekin hainbat produktu egiten dituzte: esne pasteurizatua, jogurtak eta izozkiak -hainbat zaporetakoak- baita gazta zabalgarria ere.

Kalitate goreneko produktuak dira eta hala baieztatu dute jasotako sariek, tartean 2023an Tolosako Esneki azokan Iztuetaren jogurt krematsuak jasotako lehen sariak.

SALMENTA ZUZENA

Era berean, salmenta zuzenak beren ezaugarrietako bat izaten jarraitzen du, eta Gipuzkoako denda eta supermerkatuetan ez ezik, etxean bertan eta inguruko herrietan dituzten esne-makinetan ere saltzen dituzte beren produktuak. Baserrian antolatzen dituzten bisita gidatuek ere hiritarrekin zuzeneko harreman hori mantentzen laguntzen dute.

Prozesu osoa beraien esku dago, beraz, ukuiluko lanetatik hasi eta dendetako banaketara iritsi arte, hori baita kalitatea eskaintzeko modurik zuzenena.

Arrautza-budina izozkiarekin

Etxean bisita bat daukazula eta ez dakizula zein postre egin? Sekula huts egiten ez duena: flana izozkiarekin. Bost minutuko errezeta bat da, eta edonork egiteko modukoa. Gure kasuan 600 mlko flan ontzi baten moldea erabiliko dugu.

Osagaiak:

500 ml esne

4 arrautza

Azukrea, 5 koilarakada

Iztueta txokolate izozkia

Egiteko modua:

• Lehenengo azukrea karamelizatu behar da. Horretarako, kazola txiki bat su baxuan berotzen jarri eta 2 koilarakada azukre erantsi. Azukrea likido bihurtutakoan, flan ontzira isuri.

• Ontzi batean 4 arrautza bota, 5 koilarakada azukre gehitu eta 30 segundoz nahasi. Jarraian 500 ml esne poliki-poliki gehitzen hasi eta aldi berean mix guztia nahasten segitu. Nahasketa amaitutakoan, dena flan ontzira bota eta tapa itxi. Flan ontzia eltze lasterrean sartu, ura erdiraino iristen zaiola. 5 minutuz egosten edukiko dugu.

• Egosketa amaitutakoan, 30 minutuz utziko dugu bere horretan, lasai. Ondoren, flan ontzia eltzetik atera eta kanpoan utzi beste 5 minutu, hozkailuan sartu aurretik. Hozkailuan 5 ordu edo hurrengo egunera arte utzi.

• Flana moldetik ateratzea geratzen zaigu. Puskatu gabe ateratzeko gomendioa flan ontzia eltze batean marian sartzea da. Bi minutu edukiz gero, ateratzeko moduan da.

• Jarraian plater bat jarri moldearen gainean, eta buelta eman guztiari. Moldea erretiratu eta hortxe dugu flan osoa.

• Postrea goxatzeko, Iztuetako txokolate izozkiaren bola bat gehitu kutxara baten laguntzaz. Prest dugu sekula huts egiten ez duen postrea! On egin!