GAIAK

Trukean 50 urtez landutako musika eskainiz jaso du Errobi taldeak Adarra Saria

Ostiral honetan egin da Adarra Sariaren ekitaldia. Errobi taldeak jaso du, Donostiako alkatearen eskutik, eta 50 urteko ibilbidean sortu dituen kantu ezagunenak eskaini ditu saria hartu osteko kontzertuan.

Errobi taldeak kontzertua eman du Adarra Saria jaso ostean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Donostia Adarra Sariaren ekitaldia egin da ostiral honetan Gipuzkoako hiriburuko Victoria Eugenia Antzokian eta, iragarria zegoen bezala, 50 urte bete dituen Errobi talde lapurtarrak eskuratu du. Jendez bete da antzokia eta Errobik kontzertu batekin bueltatu die eskertza.

Ile-urdin azaldu dira Anje Duhalde eta Mixel Ducau, taldeko frontman-ak, urteak ez baitira debalde pasatzen, eta, 2024ko Adarra Saria hartu berritan, iraungitzen ez diren Errobiren kantuak eskaini dizkiete Victoria Eugeniara erdu diren entzuleei.

Egindako bideari aitortza egiteko modu bat izan da saria, sustatzaileek nabarmendu zutenez. Donostia Kulturako Musika teknikariak osatutako Aholku Batzordeak hartu zuen erabakia eta, horren arabera, «Errobi taldea erabakigarria izan zen rock progresiboa eta psikodelia Euskal Musikan barneratzeko».

Are, nabarmendu zuen lapurtarrek zubi bat eraiki zutela belaunaldien artean, eta sortu zituzten abestietako asko gehitu direla herri ondarean.

Saridun zirela jakin zutenean, Errobi taldeko kideek adierazi zuten «esker onez eta ohore handiz» hartuko zutela «duela mende erdi hasi eta hazi» zuten lana aitortzen duen garaikurra. 

Ostiralean 19.30ean egin den ekitaldian jaso dute Marijose Rekalde eskultoreak egindako sariaren garaikurra, Eneko Goia alkatearen eskutik.

Sariaren ibilbidea

Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuen Adarra Saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari diren artistak aitortzeko. Errobirekin batera, Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik, Berri Txarrak taldeak, Kepa Junkerak, Amaia Zubiriak, Joseba Tapiak eta Zea Mays taldeak jaso dute Adarra Saria.