GAIAK

Milaka gazte bildu dira Arberantzen eta Amikuzen EHZren 28. edizioan

Aurtengo Euskal Herria Zuzenean (EHZ) festibalaren 28. edizioan milaka gazte bildu dira Arberatzen eta Amikuzen, jendarte eredu alternatibo bat hedatu asmoz.

Giro onean iragan da festibala. (Guillaume FAUVEAU)

Euskal Herria Zuzenean (EHZ) festibalaren 28. edizioa ospatu dute hiru egunez, Arberatzen eta Amikuzen. Bertan, ehunka gazte batu dira, izan ere, EHZ hainbat borroken topaleku izan da eta hainbat balore eta aldarri argitan ezarri ditu.
Kontzertuak

‘Broken Brothers Brass Band’ txarangak eman zion hasiera festibalari Arberatzeko plazan, eta ondoren, ‘Euskabaret’-ek segitu zuen. ‘Tshegue’, beste hainbaten artean, taldearen kontzertua ostiral gaueko esperotakoena izan zen.

Larunbatean, euri tanta batzuk erori ziren arren, eguneko programazio osoa mantendu zen plazan bertan. Bestalde, Gorka Urbizu, Nakar eta Su Ta Gar taldeen kontzertuek gaua berotu zuten.

Gaitero eta ziganteek eman zioten azken egunari hasiera. Eguerdian, Euskal Herriko Laborantza Ganbarako zikiro tradizionala bete zen. Gauean, Rüdiger, Vincen Garcia eta Bloñ kontzertuek ikusmin haundia sortu zuten eta Old School Funky Family-ren kontzertuarekin eman zion aurtengo edizioari amaiera.

Aldarriz jositako festibala

Urtero bezala, EHZ hainbat borroken topaleku da eta hainbat balore eta aldarri argitan ezartzen ditu.

Hausnartzeko tartea izan zuten festibalariek Arberatzeko eskolan. Larunbatean, jende asko bildu zen Frantziako immigrazio legea eta Europako paktuari buruzko hitzaldira. Ondoren, Eider Beobidek irakurri eta Xalba Ramirez-ek musikatu zuen Mohammed el-Kurd poeta palestinarraren RIFQA poesia bildumaren irakurketa izan zen. Urrengo egunean, igandean, Livani Angajoxue kanakiar militante independentista bere herriaren egoeraz mintzatzera etorri zen.

‘Aniztasunaz irauli kultura erein’ lelopean

Hamar urte pasa dira, ‘Aniztasunaz irauli, kultura erein’ lemapean antolatu zenetik festibala, eta urte horretan, 2014an, halaxe zioten bertako militanteek: «Gure leloa sinplea bezain garrantzitsua da: ez da populu ala kultura bat bestea baino gehiago balio duenik».

EHZ sortu zenetik, hainbat balore eta ideia defendatu ditu eta bere heinean praktikara eraman izan ditu, kultur aniztasuna, euskara, feminismoa, ekologia, antikapitalismoa, elkartasuna edo justizia soziala, esaterako.