GAIAK

Bestazaleen esku dira bost egunez Baiona itxuraldatuko duten ospakizunen giltzak

Tokia ez da aldatu, bai ordea ordutegia. Gaueko 22.00ak arte itxaron gabe, besten irekiera ofiziala arratsaldera aurreratu dute aurten Baionan. Eguzkia lagun, jendez lepo bete da Herriko Etxearen plaza, jai giroan murgiltzeko aukera parez pare zabaltzen duten giltzen jaurtiketan parte-hartzeko.

Iaz jipoituta hil zuten Patrice Lanies omendu dute bestazaleek ‘Txoria txori’ ereserkia kantatuz. (Patxi BELTZAIZ)

Berezia izan da Baionako besten irekitze ofiziala. Parisko Olinpiar Jokoak tartean besten data aldaketa heldu zen lehenik. Horren ondotik, gaueko 22.00ak arte itxaron gabe, hasiera ekitaldia arratsaldeko 17.00etara aurreratzea deliberatu zuen Herriko Etxeak.

Eguzkia lagun, jendez lepo bete da plaza, bost egunez jai giroan murgiltzeko aukera parez pare zabaltzen duten gakoen jaurtiketan parte hartzeko.

Baionako bandak girotu du plaza, bere alferkeriaz ezaguna den Leon Erregea esnatu arte.

Lo kuluxka egina, 17.00ak jota jendeari lehen agurra egitera heldu da maiestatea. Beregandik ez oso urrun, kirolari eta artista ezagunek partekatu dute balkoia irekiera ofizialaren ekitaldian.

Surf edo errugbi txapeldunei zein Olinpiar Jokoetarako sailkapena lortu duten beste hainbat kirolariei ere harrera beroa egin diete plazan bildutako milaka lagunek.

Gizarte alorrean lan egiten duten Art Emotion eta Source Iturria Baionako elkarteek ere herritarren txaloak jaso dituzte.

Kirolarien ondoan Patrick Bruel kantaria

Bat, bi eta hiru. Baionako hiru auzo historikoen ateak irekitzen dituzten giltzak jaurtitzeko orduan a zer nolako jai algara plazan!

Jean-Claude Larrieu futbol txapeldun beteranoa, Baionako errugbi taldeko (Neskak) kapitaina den Ingrid Amigorena eta Patrick Bruel kantaria hautatu dituzte aurten giltzak jaurtitzeko.

Jean-Claude Larrieu futbol txapeldun beteranoa, Baionako errugby taldeko ('Neskak') kapitaina den Ingrid Amigorena eta Patrick Bruel kantaria izan dira gakoen jaurtitzaileak. (Patxi BELTZAIZ)
Jean-Claude Larrieu futbol txapeldun beteranoa, Baionako errugby taldeko ('Neskak') kapitaina den Ingrid Amigorena eta Patrick Bruel kantaria izan dira gakoen jaurtitzaileak. (Patxi BELTZAIZ)
 

Guztiz hunkiturik ekin diote lanari eta giltzak aireratu dituzte airoski.

Emozioa ez da falta besten irekitze ofizialean. Zeremoniaren hasieran Udalak eta bestak berritzeko jarduten duen 2032 Kolektiboak bultzaturik iaz jaiak hasi baino oren batzuk lehenago japoituta hil zuten baionarra omendu dute. 

Julie Roualt kantariak lagundurik milaka eta milaka eztarrik ‘Txoria txori’ ereserkia kantatuz Patrice Lannies-en memoria betikotu dute. Omenaldia txalo artean amaitu da,

Hain zuzen, iazko bestek utzi zuten bilan ilunak hala aginduta, «bestak lasaitzeko» xedeaz gogoeta abian eman zuen 2032 Kolektiboak.

Baionako jaiak mendeurrenera helduko diren data ardatz hartuta, kolektiboko kideek hamar bat proposamen eman dituzte mahai gainean besta eredua eraldatzeko.

Besta alternatiboen irekitzea, San Andres plazan

Irekitze ofizialean Patice Lanies-i eskainitako omenaldian parte hartu ondoren, 18.00etan, San Andres plazan antolaturiko jai alternatiboen irekiera ekitaldira bertaratu dira kolektiboko ordezkariak.

Pyrenees ostatuaren fazadan ikurrina eta nafar ikurra ezarri dituzte, baita homofobia eta transfobiaren aurkako mezuak zituzten banderolak ere.

Balkoitik hartu dute hitza Baionako gazte asanbladako kideek jai herrikoi, euskaldun eta feministen abiatzea iragartzeko.

 

Besta alternatiboen babeslekuan, Patxa plazan, giro itzela zegoen gaur iluntzean. (Patxi BELTZAIZ)
Besta alternatiboen babeslekuan, Patxa plazan, giro itzela zegoen gaur iluntzean. (Patxi BELTZAIZ)

Handik aurrera, kale animazioek eta kontzertuak girotuko dute lehen besta gaua Baionan.

Giro polita egunean zehar

Egun osoan zehar besta giroa sumatu da Baionako karriketan.

Ohiturari zor, 1,2 kilometroko bestazaleen lasterketarekin hasi da besta egitaraua.

8.500 bat lagun bildu dira goizeko 08:00ak aldera Biarritzetik abiatu, Angelutik igaro eta Santizpirita zubia zeharkatuta Baionara eguerdiak jota heldu den lasterketan.

Emilie Morier eta Jason Pointeau izan dira, hurrenez hurren, aurtengo txapeldunak.

Bigarren hitzorduak gastronomia izan du ardatz. Hala, goizeko 9.00etatik goiti ekin diote sukaldariek biper omeletak prestatzeari.

Peña eta elkarte ezberdinen arteko lehian giroa paregabe izan da. Alta, epaimahaiak bere erabakia hartu duenean, irabazle bakarra nabarmendu da. Hala, Munduko Biper Omeleta Lehiaketa Gela Ttiki peñak eraman du aurten.