30 JUL. 2024 - 20:50h Dastamena trebatzeak eragin iraunkorrak ditu gure garunean; BCBLk dauka erantzuna BCBL zentroaren ikerketa batean sommelier profesionalak eta eskarmenturik gabeko kontsumitzaileak jarri dituzte begiak itxita ardo ezberdinak dastatzen. Bi taldeek garunean lurrin eta gustuak ezberdin prozesatzen dituztela frogatu dute. Ardoen konplexutasuna handitu ahala garunean ere aldaketak gertatzen ote diren ikusi nahi izan dute. (BCBL) NAIZ Ardo oso konplexua beharbada mahats mota ezberdinen nahasketaren ondorio da. Isla urdinak dituen more kolorekoa izan daiteke. Lurrin kontzentratu eta hordigarria eduki dezake, tabakoak eta gerezi onduek estalia. Neurrizko garraztasuna eta lur-fruitu gorri ugari. Kafe, erregaliz eta espezie zaporea. Ahoan luze egon eta bukaeran melokotoi kutsua utzi dezake. Hori guztia ondo orekatutako tanino leunek armonizatua.Edozein pertsona ez da ardoaren gainean horrelako deskribapen zehatz eta sakona egiteko gai... ezta edozein burmuin ere! Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroak gidatu duen ikerketa berri batean parte hartu duen sommelier profesionaletako bat da azalpen hori eman duena.Xede batekin abiatu zuten proiektua: gustua eta dastamen-papilak ardoa urtetan dastatzeko prestatzeak garun eta neuronetan efektu bereizgarriak ekar ditzakeen jakitea, bai dastamenarekin eta usaimenarekin loturiko garunaren eremuetan, bai hizkuntza eta oroimenarekin lotutakoetan. Ardo bakoitzeko tanta batBi talde osatu zituzten: batetik, BCCk aukeratutako sommelierrena, bestetik, esperientziarik gabeko kontsumitzaileak. Bi taldeok lau ardo mota, bi zuri eta bi beltz, probatzen ari ziren bitartean, haien garunen jarduera eta egitura aldaketak erregistratu zituzten erresonantzia magnetikoa baliatuz. «Partaideak eskanerrean etzanda zeudela, ardo bakoitzeko tanta bat iristen zitzaien ahora bonba eta hodiek osatutako sistema baten bitartez. Ondoren, egitura, konektibitate eta aktibazio mailako datu kognitibo eta zerebralak erkatu genituen, ardo bakoitza nola hautematen zuten ikusi eta analizatzeko helburuarekin», azaldu du Manuel Carreiras BCBLko zuzendari zientifiko eta lanaren egileetako batek. Konplexutasuna, gakoaPartaideek dastatutako ardoen arteko ezberdintasuna konplexutasunean zegoen.«Sommelierrek diotenez, ardo bat konplexua izan dadin lurrin eta zapore barietate handia eduki behar du eta haiek hautemateko gaitasun zorrotzei esker zehatzago identifika ditzakete. Zentzu honetan, konplexutasuna handitu ahala garunean ere aldaketak jazotzen ziren ikusi nahi genuen».Ardoaren ebaluazioan espektatibek eragin ez zezaten, dastaketa begiak itxita egin zen eskanerraren zein ondorengo jokabide proban. Bertan, ardo berdinak zoriz dastatu behar izan zituzten konplexuena hautatzeko xedez. Gutxien aztertutako zentzumena ulertzeko lagungarriEstatistika metodo aurreratu eta konputazio programek lagunduta lortutako analisien emaitzetan alde esanguratsuak ikusi dituzte bi taldeen artean zentzumenaren informazioa tratatzeko eran.«Egiturari dagokionez, sommelierrek materia zurian ezaugarri iraunkor bereizgarriak zituzten, baita garun aktibazio eta konektibitate handiagoa ere ardoaren konplexutasun maila igotzen joan ahala, bai hizkuntza eta oroimenarekin lotutako eremuetan bai dastamen eta usaimenarekin lotutakoetan. Gainera, desberdintasun hauek handitzen zihoazen esperientzia-urteekin», azpimarratu du BCBLko adituak.Ondorio hauek zera iradokitzen dute: batetik, dastamen estimuluen prozesamenduaren atzean dauden neurona sareetan, eta bestetik, oroimen eta hizkuntzan inplikatutako zirkuituetan, efektu bereizgarriak sortzen dituela dastamenarekin hain hertsiki lotutako ardo dastaketaren gaineko prestakuntza eta espezializazioak.«Neurozientzia kognitiboan gehien aztertu diren zentzumenak ikusmena eta entzumena badira ere, gure ikerketa honek gutxien ikertu den zentzumena, dastamena, argitzen laguntzen du, estimulu mota hauen aurrean garunak nola jokatzen duen ikertzen jarraitzeko bide berriak irekiz», zehaztu du.Mahastizaintza eta ardogintzaren neuromarketinaManuel Carreirasen arabera, mahastizaintza eta ardogintzaren sektorearen neuromarketinari lotuta egon daiteke eskuratutako datuen ikerketa eta erabilerarako bideetako bat etorkizunean.«Baliatutako tresnak lagungarriak izan daitezke, adituak ez diren kontsumitzaileekin probak eginez, errezeta berrien aurrean garunaren erantzuna zein den ikusteko eta ardo bikaina garatzeko formularik onena identifikatzeko».Lakuako Gobernuak eta Espainiar Gobernuaren Estatuko Ikerketa Agentziak (AEI) finantzatutako azterlanaren emaitzak ‘Human Brain Mapping’ aldizkari zientifikoan argitaratu dira eta ikertzaile taldea BCBL, BCC eta Yaleko (AEB) Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko zientzialariek osatu dute.