05 SET. 2024 - 12:06h Biarritzen irekiko du Muguruzak nazioarteko bira, anaia Iñigoren omenezko kontzertuarekin Biarritzeko Atabal aretoak hartuko du Fermin Muguruzaren nazioarteko birako lehen kontzertua, abenduaren 17an, bere anaia Iñigo Muguruzak 60 urte beteko zituen egunean. Anaiari omenaldia egin nahi dio horrela. Horrez gainera, beste bi geltoki izango ditu nazioarteko birak: Dublin eta Merida. Fermin Muguruzak Iñigo anaia omenduko du Biarritzen. (Ikor KOTX) NAIZ Fermin Muguruzak Biarritzeko Atabal aretoan irekiko du nazioarteko bira, abenduaren 17an, hain justu bere anaia Iñigo Muguruzak 60 urte beteko zituen egun berean. Muguruzak iragan den ekainean iragarri zuen, hamaika urtez nazioarteko birarik egin gabe egon ostean, Kortatuk bere lehen maketa atera zuenetik 40 urte betetzen diren urtea izanik 2025ean nazioarteko bira bati ekingo ziola. Europa, Amerika eta Asiako hainbat hirik hartuko dute bira hau eta, ostegun honetan iragarri duenez, 2019an zendutako bere anaia Iñigo Muguruzaren omenezko kontzertu batekin irekiko du bira. Izan ere, anaiarekin batera sortu zituen Kortatu eta Negu Gorriak, eta haren omenezko kontzertua 60 urte beteko zituen egun berean egingo dute. Hiru egun beranduago, Bilboko Miribillan 16.000 lagunen aurrean joko du Muguruzak. Dublin eta Meridan ere kontzertuak Horrez gainera beste bi kontzertu ere batu dira birara, Dublin eta Meridan emango dituenak. Dublinen, 2025eko apirilaren 25ean igoko da Button Factoryko oholtzara, eta, Meridan, maiatzaren 10ean eskainiko du kontzertua, IFEMEn. Hiru kontzertu berri hauetarako sarrerak jada salgai daude, www.muguruzafm.eus webgunean. Bira honetan zehar, musikagintzan daramatzan lau hamarkadak hainbat lagunekin ospatuko ditu Muguruzak, eta Kortatu eta Negu Gorriaken hastapenetatik hasi eta bakarkako lan berrienetako abestiak errepasatuko ditu.