07 SET. 2024 - 17:51h Jaietan izan diren «jarrera ez onargarriak» salatu eta errespetua eskatu du Lekeitioko Udalak Lekeitioko San Antolin jaietan izan diren apurketa eta «jarrera ez onargarriak» direla eta, herritarrei «arduraz eta errespetuz» jokatzeko deia egin die Udalak. Lekeitioko kaia, Antzar Egunean, ostegunean. (Andoni CANELLADA | FOKU) NAIZ Lekeitioko Udalak oharra kaleratu du, San Antolin festak hasi zirenetik herrian izan diren apurketa eta «jarrera ez onargarriak» direla eta kezka azaldu eta herritarrei «arduraz eta errespetuz» joka dezatela eskatzeko. Udalaren iritziz, «komenigarria» da lekeitiarrek gertaera horien berri izatea, festak amaitzeko«falta diren egunetan denon artean horrelakorik berriro ez gertatzea ziurtatzeko». Gertaera horietako batzuk zerrendatu ditu oharrean: «Antzar Egunean plaza azpiko komunetan mutilen komunak goitik behera apurtu zituzten. Eremua prezintatuta utzi zen, baina gaur goizaldean berriro bertan sartu eta gehiago apurtu dituzte». Azaldu duenez, aurten Udalak komun horiek inoizko gau gehienetan zabaltzea erabaki zuen, «herritarren erosotasunerako». Horretaz gain, Antzar Egunean Arropaineko aparkalekuko hesia ere apurtu zuten. Larunbat goizaldean, berriz, Turismo bulego aurreko zabor edukiontzi guztiak erre egin dituzte, «baita Beitia parekoren bat ere». «Hori gutxi balitz, Txatxo tabernako atea ere apurtu eta barrura sartu dira». Jarrera matxistak emakume tabernariekiko Udalak zehaztu duenez, apurketa horietaz gain, hainbat tabernari kexatu egin dira, «sekulako errespetu faltak bizi izaten ari direlako parrandan dabiltzanen aldetik». «Bereziki» salatu dute tabernari emakumeenganako jarrera matxistak «etengabeak» izaten ari direla. Udal erakundeak nabarmendu duenez, honakoa «balorazio puntual bat baino ez da, herritarrei alarma puntu bat piztu eta jokabide hauek berriro gerta ez daitezen guztion konpromisoa eskatzeko». Sinetsita dago «lekeitiarrok gure herria zaintzea maite dugula eta zeresanik ez, gure herritarrak zaintzea. Beraz, Sanantolinetan ere zaindu ditzagun herria eta herritarrak. Eta norbait kontrakoa egiten ari bada, exijitu diezaiogun pertsona horri ere arduratsua izatea», amaitu du oharra.