17 OCT. 2024 - 21:30h Hondartza lehorra eta hesiak denboraleetan kostaldea babesteko gakoak direla frogatu du Aztik Bizkai eta Gipuzkoako 13 hondartzatan denboraleek izandako inpaktuaren jarraipena egin du Aztik hiru urtez. ‘Ocean and Coastal Management’ aldizkarian argitaratutako emaitzek diotenez, hondartza lehorra eta hesi naturalak eta artifizialak funtsezkoak dira kostaldea denboraleen aurrean babesteko. Olatu erraldoiak Mutrikun. (AZTI) NAIZ Azti zentro teknologikoak azken hiru urteetan denboraleek Bizkai eta Gipuzkoako itsasertzeko 13 hondartza adierazgarritan izan duten inpaktua aztertu du. ‘Ocean and Coastal Management’ aldizkarian argitaratu diren aurkikuntzek ezaugarri geomorfologikoen garrantzia azpimarratzen dute. Bi faktoretan zentratzen dira ikerlariak kostaldea modu eraginkorrean kudeatzeko. Alde batetik, hondartza lehorraren zabalera eta altuera (hau da, itsasgoraren gainetik dagoen hondartza gisa definitzen dena), eta bestetik, hesi naturalen (dunak) eta artifizialen (hormak) altuera. Ondokoak izan dira aztertutako hondartzak: Bizkaian La Arena, Arrigunaga eta Arriatera; eta Gipuzkoan Saturraran, Ondarbeltz, Deba, Itzurun, Santiago, Gaztetape, Malkorbe, Zarautz, Antilla eta Hondarribia. Biometria-sarearen bidez Ikerketa egiteko, Aztik kostaldeko 150 kilometrotako luzeera estaltzen duen bideometria-sarea erabili zuen, KOSTASystem teknologian oinarritutakoa. Sare horrek hondartza nagusiak aldi berean monitorizatzea ahalbidetzen du, eta funtsezko datuak ematen ditu kostaldea kudeatzeko tresnak garatzeko. Tresna horiek erabilgarriak dira hondartzaren bilakaera morfologikoa epe luzera aztertzeko. Gainera, epe laburrera begira, hainbat dira dituen aplikazioak: okupazio-dentsitatea, itzulera-korronteak detektatzea eta iragartzea eta denboraleen eraginaren jarraipena egitea, besteak beste. Zarautz, kaltetuenetakoaTeknologia horri esker, denboraleen aurrean emandako erantzunetan oinarrituta, hiru kategoriatan sailkatu ditu hondartzak ikerketa taldeak. Lehendabizikoa, olatuek defentsa-hesietan duten inpaktua eta gainditzeak nagusi diren hondartzak. Horren adibide garbia Zarauzko hondartza da, non hondartzaren altuera 3,5 metrotik beherakoa den eta hare lehorraren zabalera ez den 30 metro baino gehiagokoa. Mota horretako hondartzek dute kalteberatasun handiena denboraleetan. Donostiarekin batera, Bizkai eta Gipuzkoako kostaldean denboraleek eragindako kalteengatiko aseguru-erreklamazio gehien dituen udalerria da Zarautz. Bigarren multzoa, olatuek defentsa-hesietan noizbehinka eragiten duten hondartzak dira. Adibidez, La Arena hondartza, 4 eta 6,5 metro arteko garaierarekin eta 40-75 metroko hare lehor zabalerarekin. Mota horretako hareatzek kalteberatasun txikiagoa dute denboraleetan izandako kalteen aurrean, aurreko taldearekin alderatuta. Hirugarrenak, olatuek defentsa-hesietan eraginik ez duten hondartzak dira. Kalteak izateko joera txikiagoa dute. 7,5 metroko altuera dute eta 50 metrotik gorako hare lehor zabalera. Honen adibide dira Hondarribia edo Arrigunaga. Zenbat eta zabalago eta altuago hondartza eta hesia, babestuago «Gure ikerketen emaitzen arabera, zenbat eta handiagoa izan hondartza lehorraren zabalera eta altuera eta defentsa-hesiaren altuera, orduan eta handiagoa da denboraleen aurkako babes naturala», laburbildu du Aritz Abalia Aztiko ozeanografia operazionaleko adituak. «Horrek azpimarratzen du parametro horiek oso garrantzitsuak direla denboraleek eskualde mailan izan dezaketen eraginaren ebaluazioan. Eta honetaz gain, balio horiei eusteko beharra azpimarratzen du ikerketak, higadura mugatuz, kostaldeko eremuak babesteko», zehaztu du Abaliak. Biometria-estazioak mantentzearen garrantzia Ikerketa taldeak bideometria-estazioak epe luzerako datuak biltzeko etengabe mantentzearen garrantzia azpimarratu du, funtsezkoa froga zientifikoetan oinarritutako kostaldea kudeatzeko. Era berean, ikerketa hau urrats garrantzitsua dela uste du kostaldearen erresilientzia hobetzeko, alerta goiztiarreko eskualde-sistema sendo bat garatzeko oinarriak ezarriz. Bideometria sarea Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Portu Agintaritzak, Zarauzko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu dute. Gainera, azterlan hau Kostarisk ikerketa aplikatuko mugaz gaindiko laborategiaren testuinguruan dagoen lankidetza zabalago baten parte da, eta Europako finantzazioa jaso du Urban Klima 2030 eta Regions4Climate proiektuen bidez. Aztiren KOSTASystem bideometria-sarea Estatu espainiarren eta frantsesean eta Marokon erabiltzen da helburu ezberdinekin. Besteak beste, hondartzen jarraipen morfologikoa monitorizatzeko balio du. Baita klima aldaketaren inpaktuak ebaluatzeko, aurreikusteko eta arintzeko ere, itsas mailaren igoera eta muturreko olatuak aztertuz. Horrez gain, hareatzetako joan-etorria kontrolatzeko eta hondartzetako segurtasuna hobetzeko ere erabiltzen da.