18 OCT. 2024 - 00:00h Ahoa, osasun arazo askoren prebentziorako abiapuntua Txantxarra ugariena bada ere, bestelako aho-hortzen gaitzak ere badira, eta horiek, askotariko ondorioak izan ditzakete gorputzean, baita eragin zuzena kirolarien errendimenduan ere. Prebentzioa eta ohitura osasuntsuez gain, profesionalen esku jartzea da egokiena. Laura Agirregomezkorta eta Enara Uribarren, Tolosako Etxebeste hortz klinikako lantaldearekin. (GARA) Maitane Aldanondo Gabilondo DONOSTIA Aho-hortzen zaintzak berebiziko garrantzia du; ez bakarrik horien arazoei aurre hartzeko, oro har, osasuntsu egoteko baizik. Izan ere, gorputza bakarra da eta atal guztiak elkarri lotuta daude. Ohiko gaitzak zeintzuk diren eta horiek prebenitzeko zer egin jakiteko, Tolosako Etxebeste Hortz Klinikako atea jo du GARAk. Lau hamarkada daramatza eskualdeko biztanleen aho-osasuna zaintzen, eta egun, Laura Agirregomezkorta odontologoak eta Enara Uribarren higienistak dute bereziki emakumez osatutako lantaldearen ardura. Edozein adinetako pazienteen artean, arazo arruntena txantxarra dela nabarmendu du Laura Agirregomezkortak. Emandako datuei erreparatu besterik ez dago: gaur egun, Euskal Herrian esneko hortzetako kariesaren prebalentzia %29,1ekoa da bost urterekin, eta %35ekoa zazpi urterekin. Behin betiko hortz-haginetan, prebalentzia %2,6koa da zazpi urterekin eta %33koa hamalau urterekin. Hori horrela, prebentzioa eta heziketa ezinbestekoa direla uste du profesionalak. Kariesa saihesteko ezinbestekoa da «ahoaren garbiketa zaintzea eta azukrea ekiditea», baina baita dieta zaintzea ere, odontologoak zehaztu duenez, «badaudelako txantxarraren aurkako erresistentzia hobetzen laguntzen duten elikagaiak». Horrez gain, helduei dagokienez, ugariak dira gaixotasun periodontalak ere; hau da, hortzen euskarriari eragiten diotenak. «Oso garrantzitsua da pazienteak ondo ulertzea zer den, nondik datorren eta zeintzuk izan daitezkeen faktore eragileak. Horri lotuta, aho garbiketan heziketa on bat eskaintzea da helburua, baita ondorengo mantenuaren garrantzia azaltzea ere». Oso maiz ikusten duten beste patologietako bat bruxismoa da. Honek hortzen higadura eta mina eragiten ditu, baina ez hori bakarrik: buru eta lepoko minak, ahoa ireki eta ixtean soinua, hortzoietan kalteak, belarriko mina... «Garrantzitsua da bruxismoaren jatorria zein den jakitea eta horren arabera tratatzea, fisioterapiarekin, ferula batekin edo bakoitzak behar duen tratamenduarekin». LESIO ETA MIN ITURRI Kontuan hartu beharreko ideia da gorputza bat izanik, aho eta hortzeriak «lotura estua» duela gorputzeko hainbat eta hainbat gaitzekin, esaterako, gaixotasun kardiobaskularrekin edota diabetesarekin. Ildo beretik, «eragin zuzena du kirol errendimenduan eta lotura izan dezake zenbait lesiorekin», eta horietako batzuk aipatu ditu odontologoak. Karies batek infekzioa sor dezake eta horrek kirolariaren ongizatea kaltetu, masailezur okertuak gorputzeko zenbait atalen konpentsazioak eskatuko ditu eta horrek, adibidez, orkatilan lesio bat ekar dezake; hortz edo hagin baten faltak, hortzeriaren posizio ezegokiak edo murtxikatzeari lotutako ohitura ezegokiek ere errendimendua erasan dezakete. Halaber, mihi-hari murriztailea dutenek ahosabai estua izan dezakete eta horrek arnasteko moduarekin lotura du. Aho osasuntsu bat izateari gero eta garrantzia handiagoa ematen zaiola uste badu ere, «bide luzea» dagoela egiteko dio Agirregomezkortak. «Prebentzioa ezinbestekoa da eta heziketa egoki baten beharra dago», betiere pazientearen motibazioaren eskutik. Errutina aproposena zein den galdetuta, «garbiketa egokia eta maiztasun egokian, dieta zaintzea eta ohitura osasuntsuak» zerrendatu ditu Agirregomezkortak. Horri gehitu behar zaio hortz klinikara bisita, kasuan-kasuan, sei hilabetean behin edo urtean behin. Nahiz eta beharra ulertu, askori kosta egiten zaie, beldurra tarteko. Jakitun dira Etxebeste Hortz Klinikan; horregatik, garrantzi handia ematen diote «gertutasunari, pazienteak pixkana konfiantza har dezan eta bisita ahalik eta atseginena izan dadin». Hortik aurrera, ikuspegi indibidualizatu eta integralaz, ahalik eta tratamendu aproposena eskaintzen diote, espezialista laguntzaileek zein puntako teknologiak lagunduta.