GAIAK

Abesbatzak: kolektiboan kantatzearen sinergia magikoa

Edozeini galdetuz gero, jakingo luke abesbatza bat definitzen. Kantaera honek, ordea, oso kutsu zaharkitua du jende askorentzat. Koralaren inguruan hitz egin eta ahots-armoniak erabili izan diren estilo ezberdinen inguruan hitz egingo dugu, gonbidatu berezi batekin: Klara Mendizabal koru zuzendaria.

Klara Mendizabal koru zuzendaria eta Lide Hernando 'Ad Libitun' saioko aurkezlea (Lide Hernando)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Denok entzun izan dugu inoiz abesbatzaren bat; baita horietakoren batean abestu ere, dela haur garenean, dela askok heldutan ere. Taldean abestea oso ekintza kolektibo askatzailea dela ezin dugu ukatu, baina abesbatzek kutsu klasikoegia dute askoten buruetan. Ad Libitumeko saio honetan, kantu koralaren inguruan mintzatuko gara, konpositore klasikoetatik gaur egun arte ahotsen armoniak baliatzeko erabili diren modu ezberdinak ezagutzeko asmoz.

Atalaren hasieran eta amaieran, klasikotasunetik ateratzen diren abesbatzen inguruan mintzatuko gara: pop-ean eta rockean koruak nola txertatu diren ikusiko dugu; gospela bezalako beste kantaerak ezagutuko ditugu; beatboxa integratuz eta ahotsak digitalki manipulatuz %100ean soilik ahotsarekin sortu eta ekoiztutako disko baten berri emango dugu; eta Euskal Herriaren folklorean txertatutako kantaera tradizionalaren inguruan hitz egingo dugu.

Tartean, halaber, Klara Mendizabal koru zuzendari eta sopranoarekin mintzatuko gara. Berak abesbatzetan abeslari eta zuzendari gisa izandako esperientzia azalduko digu, eta koruan abesteko modu ezberdinen inguruan hitz egingo dugu: ahots zuriak, gizonezkoen koruak, abesti modernoen bertsioak… denetarik dago armoniaren basoan!