03 NOV. 2024 - 11:47h Jai borobila Barakaldon, EZK Fest-en hirugarren edizioan EZK Fest-en hirugarren edizioa ospatu zen larunbat honetan Barakaldon, Ansioko Azoka eremuan. Bertan izan ziren, besteak beste, Dupla eta Gatibu. NAIZeko ehunka harpidedunek ere jaialdian parte hartu zuten Harpidedunen Txokoan eskuratutako sarreren bidez. Gatiburen kontzertua, Barakaldon. (Monika DEL VALLE | FOKU) NAIZ Jai borobila ospatu zen larunbat honetan Barakaldon, bertan izandako EZK Fest-en. Eguraldia lagun, gozamenerako espazio izan zen Ansioko azoka-eremua. Jendetza espero zen, eta Ezkerraldeak ez zuen huts egin. Labur eta intentso, giroa aparta izan zen hasieratik. Duplak eta Gatibuk hasiera-hasieratik karpa leporaino bete zuten. DJ Azerik dantzan jarri zituen bertaratutakoak kontzertuen arteko tartetxoetan. Buhosek ikuskizun paregabea eskaini zuen, eta eskualdekoa den Ostikda taldeak karpa hankaz gora jarri zuen betiko eta oraingo, bateko eta besteko, doinuekin. Jaia DJ Maricontiza zornotzarrek itxi zuten. Jaialdian batez ere Ezkerraldeko gazteek parte hartu zuten arren, Euskal Herriko hainbat txokotatik hurbildu zen jendea. Orain arteko ediziorik arrakastatsuena eta jendetsuena izan da eta antolatzaileek eskerrak eman dizkiote NAIZi jaialdiari emandako babesagatik. NAIZeko ehunka harpidedunek ere jaialdian parte hartu zuten Harpidedunen Txokoan eskuratutako sarreren bidez. Antolatzaileek parte-hartzaileen jarrera txalotu dute jai giro paregabean eta inongo arazorik gabe ospatu zelako Ezkerraldea eraldatzeko jaio den jaialdia. Ehunka txandalari boluntarioren lanari esker atera zen aurrera jaialdia.