13 NOV. 2024 - 08:05h Zinegintza eta musika 70. hamarkadan: aldaketa garaietan, eklektizismoa nagusi Musikaz ez ezik, zineaz ere aritu gara aste honetako 'Ad Libitum' saioan. 70. hamarkadan zentratuko gara, baina beste bi ale egingo ditugu trilogia osatzeko. Adi, hau ez da soinu-banden inguruko saio bat, baizik eta filmetan erabiltzen diren abestiak hartuko ditugu hizpide. John Travolta eta Olivia Newton John - Grease filmeko protagonistak (Fabio Meoni ) Este navegador no soporta el elemento audio. Lide Hernando Musika eta zinemarena da, ziurrenik, bi arte espresiobideren artean egon daitekeen adiskidetasunik zintzoenetariko bat. Hamarkadaz hamarkada, zinegintzaren industriak abesti ikonikoak sor daitezen eragin du, eta musikak, bestetik, pantailan kontatzen diren istorioei emozioak eta informazioa gehi diezazkiela frogatu du. Ad Libitumeko atal honetan zinegintzaren hamarkada berezi batek oparitu zigun musikari erreparatuko diogu.70. hamarkada ez da, musikaren ildotik, zinegintzaren garairik gogoratuena. Soinu banden kontua prestigio handia duen gauza bat izan ohi da; eta 60. hamarkadan zehar, Alfred Newman edota Bernard Herrmann bezalako konposatzaileek gailurrera eraman zuten artisautza hau. 70. hamarkadarako, ordea, hauek jada erretiran zeuden, eta urte gutxi batzuk igaro behar izan ziren gerora ikonikoak bihurtuko ziren John Williams (Jaws, Star Wars) edota Jerry Goldsmith (The Omen, Alien) etortzerako. Usteen kontra, ordea, arakatzen hasiz gero, 70. hamarkadak abesti ikoniko batzuk eman zizkigun zinean. Atal honetan atzera bidaiatuko dugu abesti horietan barrena. James Bond frankiziak emandako abesti ezagunenetariko bat, 'Live and let die', 73.an atera zen; eta Bob Dylanen abestirik ezagunena, ‘Knockin’ on heaven’s door’, esaterako, urte bereko film baterako egin zuen. Jada existitzen ziren abestiak ere baliatu ziren zineman, nahiz eta batzuentzako hori errazkeria izan. Baina hamarkada markatuko zuen zerbait egon bazen, hori film musikalak izan ziren: 'Cabaret', 'Saturday Night Fever', 'Grease' eta 'Hair' dira horietako batzuk, eta ez denak. Entzun Ad Libitum saioa, 70. hamarkadak emandako filmetako musika ederraz gozatzeko!