02 DIC. 2024 - 13:27h Gabon gaueko bi afari berezi Izaro Andresekin Kursaalean, ‘Izaro Gabonetan’ Izaro Andresek disko berezi bat kaleratu du gabon girorako, ‘Izaro Gabonetan’. Eta diskoa aurkezteko bi kontzertu berezi egingo ditu Donostiako Kursaalean, abenduaren 22an eta 23an. Aspalditik omen zuen hain kuttunak dituen gabonekin zerbait egiteko gogoa, eta orain topatu du momentua. Izaro Andres, ‘Izaro Gabonetan’ diskoaren eta kontzertuen aurkezpenean. (Maialen Andres | FOKU) Iraitz Mateo «Gabonak ez dira errazak izaten kontzertu handi bat prestatzen zabiltzanean, norbaitek doministiku bat egiten badu, zuzenean etxera joaten gara ez gaixotzeko», aitortu du Izaro Andres musikariak, eta aurten hain gustuko dituen gabonak «libreago» pasako dituela kontatu, bi kontzertu handi antolatu baititu ‘Izaro Gabonetan’ lan berria aurkezteko: abenduaren 22an eta 23an izango dira Kursaalean. Gabon gau «pertsonal» bat egin nahi du abeslari mallabiarrak, «egin gabonetako disko bat zure familia horri» leloa hartu zuen sormen prozesurako akuilu gisa, eta jada familiatzat duen bere bandarentzat diskoa egitea erabaki zuen: «Kontziente naiz zelako oparia den jaiotzea, oraindik bizirik egotea eta denok elkarrekin egotea, oraindik guztiok gaudelako taldean, eta garaiezinak garelako; sekula ez gara izango orain garen bezalakoak». Horregatik, abenduan egingo dituen kontzertuek ere kutsu hori izatea nahi du, oholtza gainean mahai bat egongo da, «mahai osteko kantaldi bat izango da, askoz jostariagoa», zehaztu du. Bandak ere mahaiaren bueltan abestea nahi zuen, lehenago egin ez bezala. Andresentzat bere publikoa jada «bere familiaren» parte da, eta hortaz, beraiekin ere gabonak ospatu nahi zituenez, kontzertu berezi horien bidez sortu nahi ditu topaketa berezi horiek: «Nire familiaren parte da publikoa, ez ditut denak ezagutzen eta beraiek ni pertsonalki ere ez, baina benetan maite ditut eta sentitzen dut beraiek ere maite nautela; zerbait imantatua garela sentitzen dut, elkartu gabe ez daukagula indar hori, baina elkarrekin bai». Kursaalean bertan egin duen aurkezpenean azaldu du beti izan duela gogoa gabonetan zerbait berezia egiteko, baina ez duela momentua topatu: «Uste dut aurten duela zentzurik handiena, ‘Cero de Enero’-ren bira honetan; behin mendia igota eta jaitsita, lan terapeutiko hori eginda gozatzen nabil». Konposizio lanetan zebilela, pianoaren FA nota ezagutu eta gabon kanten kutsua sumatuta hasi zen gabon kanta hauek idazten. Sormen prozesua Bost kanta idatzi behar zituen izatez, baina «gora etorri» eta zortzi idatzi zituela azaldu du. Sorkuntza prozesua oso ezberdina izan dela onartu du, baina «oso interesgarria» aldi berean. «Nire disko propioak idazten ditudanean, ez daukat kontrol askorik nire prozesuaren inguruan, nahiko botakako prozesua da, nire gorputzak badaki zer kontatu eta ni gehiago naiz arkatza eramaten duen eskua». Baina, kasu honetan, alderantzizko bidea egin du, gaitegi bat zeukan, eta imaginario horrekin zer eraiki pentsatu behar zuen. Andresek nazioarteko pop musikaren sonoritatea euskal gabonetako tradizio eta imajinarioarekin uztartzea izan du helburu lan berrian, eta data hauen bueltako kontzeptuak eraman nahi izan ditu kantuetara. Iruditegi amerikarrak eta Euskal Herriko ohiturak eta oles kantuak uztartu. Izan ere, hasiera batean, berak txikitatik kantatu izan dituen abestiak euskaratu eta bertsionatzea zuen buruan, baina pianoan zebilen egun batean ‘Gure gabon gaua’ konposatu eta abesti guztiak berak sortzea erabaki zuen. Musikari mallabiarrarentzat garrantzitsua izan da gabonen inguruan berak beti presente izan dituen kontzeptuak diskora ekartzea. ‘Olentzero’ kantua esaterako, oso berezia da Andresentzat, berarentzat Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin abestea «ametsa» izan delako, «nire bizitzako crossoverra», zehaztu du, kalejira, alaitasuna, zalaparta, nortasuna eta komunitatea isladatu nahi izan ditu. Gabon giroko gaiak Elurra eta lerak ere presente daude kantuetan zehar, «elur-bisuts batek barrutik nolako soinua duen» ekarri nahi izan du. ‘Falta zarenetik’ abestia berezia da Andresentzat, «gabonak ere badira nahiko momentu kritikoa familia gehienentzat, falta den jendea dela eta, nola eman ukendu bat momentu horiei edo pertsona horiei», buruan izan du konposatzeko unean. Bestalde, egun bere abestirik «kuttunena» momentu honetan ‘Ura eskutik eskura’ dela aitortu du. Azaldu du oles kantu bat dela, gaur egunera ekarria: «Atez ate abesten diren eta abesten ziren kantuen berrikusketa garaikidea da; bizia, tradizionala, etxe-usaina eta denboraren poderioz ur berriaren tradiziotik edaten duena, zikloari hasiera ematen diona, bidea irekitzen duena». Zuzeneko estreinaldia abenduaren 22an (19.00) eta 23an (19.30) izango dela gogoratu du, jada sarrerak Kursaalen webgunean edota leihatiletan eros daitezkela argitzearekin batera. Eta, gaineratu du, grabatu egingo dela kontzertua, «une hau kapsulatu nahi dut eta».