24 JUL. 2022 «GAUEKO EZTABAIDAK», FILOSOFIA IRISGARRIA Argudioa gako Hitz egitea baina hitz egite aldera hitz egin gabe, ikuspuntua defendatzea baina gaiari helduta eta aurreiritzien ordez argudioak erabiliz. Horrelako elkarrizketa aldarrikatu du Agustin Arrieta Urtizberea filosofo eta idazleak bere azken liburuan. Haren eredu, lau gaztek hiru gautan hainbat gairen gainean dituzten solasaldiak: «Gaueko eztabaidak» elkarrizketa filosofikoa. Getty Xabier Izaga Hitz egiteko gaitasuna dugu, gramatikari izan gabe ere. Hizkuntzaren bidez besteekin komunikatzeko gai gara, gure galderak, zalantzak, ezagutzak besteei jakinarazi eta besteenen berri jasoz. Filosofatzeko gaitasuna ere badugu, filosofoen eta korronte filosofikoen zerrenda ezagutu gabe ere. Elkarrizketa, hain zuzen, filosofatzeko metodo bat da, bide bat, alegia. Hala ere, gutxienez biren kontua da eta, esate baterako, komunikazio kanala hiztun berak une oro betetzeak, bestea ulertzeko ahaleginik ezak, aurreiritziek eta arrazoitu gabe arrazoiaren jabe agertzeak galarazi egiten dute elkarrizketa. Argudiatzea da gako nagusia. Eta filosofian aditua izan gabe ere, “Gaueko eztabaidak” liburuko gai filosofikoen gaineko solasaldiak ulerterrazak gertatuko zaizkio irakurleari; hainbat auzi filosofiko, entretenigarri. Agustin Arrieta Urtizberea errenteriarrak filosofiara hurbiltzeko ezohiko proposamena dakar Erein argitaletxearen eskutik plazaratu duen lan horrekin, egunero fakultatean bere ikasleekin egiten duen bezala. Bere azken liburuan, kongresu batera joan eta bertan elkar ezagutu duten lau gaztek gauero mahai baten inguruan izango dituzten eztabaidak bildu ditu, edonon entzun eta edonoren interesekoak izan daitezkeen gaien gainekoak, gaurkoak eta betikoak. Besteak beste, egia, zientzia, erlijioa, maitasuna, sexu-generoa, artea, fikzioa, balioak eta zoriontasuna eztabaidagai dituztela, nork bere ikuspuntua agertuko du. Batzuetan eztabaida gogor samarrak dira, oso ikuspuntu desberdinak daude, baina baita sintonia bat ere eta, halako tentsio uneak gorabehera, errespetuz eta giro onean bukatuko dituzte protagonistek beren solasaldiak. «Errespetua eztabaidaren gasolina da», dio pertsonaietako batek. Egile batek ezinbestean izan ohi ditu beste sortzaile batzuengandik jasotako eraginak. Elkarrizketa mota horren falta sumatzen du Arrietak jendarte honetan. Eta gaueko eztabaida horietan parte hartzeko proposamena egin nahi dio irakurleari; izan ere, horixe du helburu nagusia: «Lau ikuspegi diferente daude, baina niri gustatuko litzaidake irakurleak bosgarren bat edo seigarren bat mahai gainean jartzea, eta halakorekin ados dagoela esatea, eta halakorekin ez dagoela ados… niretzat hori izango litzateke arrakasta». Elkarrizketa filosofikoa. Idazkera argi eta atsegina du Arrietak; ez alferrik, ibilbide luzeko filosofo, irakasle eta fikzio idazlea ere bada, eta saio ugariz gainera, narrazio bilduma bi argitaratu ditu: “Istripuak” (Alberdania, 2008) eta “Irlak eta beste kontakizun batzuk” (Erein, 2015). Kontuz, baina, bere azken liburua sailkatzerakoan, genero bat baino gehiagotik duen arren, “Gaueko eztabaidak” ez baita fikzioa, ez fikzio hutsa. Egileak zehatz-mehatz sailkatu du: elkarrizketa filosofikoa. Formatu klasiko hori aukeratu du, Platon, Galileo, Hume eta bestek erabili zutena. Edonola ere, ariketa literariotik zerbait ere badu lanak. Batzuek eleberri bezala deskribatu dute, beste batzuek saiakera dela esan dute eta baten batek, antzerkia. Badago denetik pixka bat eta fikziotik zeozer badu, egileak aitortu duenez. Pertsonaiak diseinatu ditu, testuinguru bat asmatu, nahiko minimizatua, herri txiki bat, lau gazte, haien deskribapen xeherik egin gabe, baina eztabaidan aurrera egin ahala irakurlea haiek ezagutzen joango da. Hala ere, fikzioa, dena, argudiaketa filosofikoaren zerbitzura dago. Liburu denda batean, Filosofia atalean kokatuko luke Arrietak, «beharbada saiakera filosofikoan eta, aukera balego, egokiena litzateke elkarrizketa filosofikoa generoaren barruan, bere txikian genero bat baita». Bi motibo nagusik bultzatu dute egilea lan hau idatzi eta argitaratzera. Alde batetik, elkarrizketak oso gustuko ditu; beste aldetik, fakultatean Filosofiarako Sarrera irakasten hasi zenean, agertoki berri bat aurkitu zuen, ikasgai zabalago bat, irekia: gelako eztabaida, «niretzat festa bat», eta gainera, ikasleek bere eskoletara ordu arte ukitu gabeko gai asko eramaten zituzten, hala nola feminismoa eta haren inguruko auzi ugari, eta indarberritu egin omen zen. Urtero eredu bat errepikatzen zela ikusi zuen, ahots batzuk, argumentu batzuk, eta prototipo batzuk diseinatu zituen, bere pertsonaiak. Eguneroko eztabaiden esperientzia eta eredu literario eta filosofiko bat ditu lanaren oinarri. Getty Ikasleengandik ikasleengana. “Gaueko eztabaidak” filosofia gustuko duen edonorentzat idatzita dago, baina ikasleen artean, eta ez unibertsitatean bakarrik, bere tokitxoa egitea nahi luke, Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan. «Neurri batean uste dut beraiek eman didatela materiala, eta nik egin dudana ariketa bat da», eta bere helburuetako bat hori nolabait ere ikasleengana itzultzea dela dio: «Hori gustatuko litzaidake, hori nire nahia da, beste gauza bat da zer arraio gertatuko den». Mahai gainean jartzen dituen gaien inguruan hainbat ikuspuntu daude, eta testuan aldeko eta kontrako ikuspuntu horiek borrokan jarri nahi izan ditu. Izan ere, argumentuak «borroka eremua» direla dio, «zentzu negatiboan hartu gabe». Lau pertsona daude, bakoitza errepide bat da, hasieran nahiko paraleloak, bakoitzak bere bidea dauka, baina gero gurutzatzen hasten dira, batzuetan guztiz bat datoz bi eta beste biak ez; hasieran elkarrengandik urrun daudenak, bat oso zientziazalea eta beste bat zientzia etsai duena, eztabaidatzen hasita, argudio pila bat tarteko, elkarrengana gerturatuko dira. Elkarrizketan aurrera egin ahala, «ez nauzu konbentzitu, baina zer pentsatua eman didazu» eta gisako esaldiak irakurriko dira. Horra elkarrizketa filosofikorako jarrera. Hiru gau, hainbat gai. Hiru bloketan eta euren arteko loturaren arabera egituratu ditu Arrietak gaueko eztabaida horiek. Lehenengo gauean egia da erdigunean dagoen ideia, eta egiaren inguruko auzi asko eztabaidagai: egia eta erlijioa, egia eta zientzia, egia erlatiboa, egia absolutua, Mendebaldeko egia, Ekialdekoa… Bigarren gauean halako tentsioa sumatzen da bakoitzak bere ikuspuntuari leial izateko «ditxosozko koherentzia bat bilatu nahian», baina baita tartekako hurreratzea ere eta, eztabaidaren bidez, eraldaketak gertatzen dira. Artea, generoa, maitasuna eta jorratzen diren beste gaiak bere ikasleengan oso presente daudela dio egileak, eta haiengandik asko ikasi duela: «Asko pentsatu behar izan dut, agian nik Filosofia ikasi nuenean nire agendan ez zeuden gaiak direlako. Maitasun erromantikoa, generoa, sexu bereizketak… hori dena ikasleek ekarri dute olatu baten moduan gurera, eta hori eskertzekoa da». Hirugarren gaueko gaia, nolabaiteko ondorio gisa, zoriontasuna da, «helburuen helburua». Eta zoriontasunaz hitz egitean biluztu egiten dira solaskideak: nolako mundua nahi duten adierazten dute, eta beharbada ez datoz bat itxuraz ematen duten horrekin. «Zoriontasuna oso kontzeptu politikoa, etikoa da, eta kontzeptu hori nola ulertzen duzun jakitea oso inportantea da zu benetan nolakoa zaren ezagutzeko», dio Arrietak. “Gaueko eztabaidak” duela hiru hilabete pasa Donostian aurkeztu zuenetik oraintsu arte beste zenbait aurkezpen eta hitzaldi egin ditu egileak han-hemenka, filosofiarekin lotura duten hainbat lagunekin batera. Saio horietan, luzatu izan dira aurkezleen azalpenak eta ondorengo solasaldiak, baina laburrak izan diren sentsazioarekin irten dira haietara joan diren lagunak. Irati Zubia Landak, Arrietaren ikasle ohi eta Filosofian doktoregaiak, Donostiako aurkezpenean esan zuenez, egileak filosofia irakasteko duen modua liburura eraman du. Izan ere, protagonistak haren ikasleak izan litezke, haren ikasleak dira nolabait. Landaren ustez, elkarrizketak ez dira batere artifizialak, nonbait ere formatuak lagunduta, natural eta gertukoak baizik: «Elkarrizketa humanoak eta zorrotzak dira. Badaude gai filosofiko sakonak kaleko eztabaidetan agertzen direnak». Gai filosofikoei beren dimentsio guztietan begiratu behar zaiela dio Arrietak; lan akademikoetan maiz kontu sofistikatuagoetan, teknikoagoetan, eztabaida korapilatsuagoetan aritzen direla, baina gai filosofikoek beti itzuli behar dutela jatorrira; horregatik jarri du bere azken liburuaren fokua kongresutik kanpo dituzten eztabaidetan. «Kongresuan ere izango dira gauza garrantzitsuak, baina azkenean filosofiak ibilbide oso hori egin behar du, goitik behera eta behetik gora kontuan hartu behar ditu alderdi guztiak». Wikipedia