Ibai Azparren
EGIAREN BILAKETA MALKARTSUA

CONADEP, Argentinako izugarrikeria azaleratu zuen egiaren batzordea

Argentinako desagertutakoen auzia ikertzeko CONADEP batzordearen historia errepasatu du Graciela Fernandez Meijidek. Herrialdeko diktadura ankerra amaitu berri, eredu bihurtu zen CONAPED munduarentzat. Desagertutako mutil baten ama, ministro ere izan zen 91 urteko aktibista.

Argentinako azken diktadura odoltsua (1976-1983) amaitu eta bost egunera, herrialdea aro politiko berri batean murgildu zen, eta demokraziako lehenengo presidentea izan zen Raul Alfonsinek desagertutakoen auzia ikertzeko CONADEP batzordea bultzatu zuen. Munduan aitzindaritzat jotako batzorde horrek, Ernesto Sabato idazlea buru zuela, erregimenak desagerrarazitako pertsonen kasuen inguruan justizia egitea helburu zuten mekanismoak ezarri zituen.

«Diktaduraren ondoren hauteskundeak irabazi zituen alderdiko burua giza eskubideen defentsen aldeko gizona zelako sortu ahal izan zen CONADEP. Giza Eskubideen Eguna aukeratu zuen karguaren zina egiteko. Ordutik, 1983tik aurrera, Argentinako presidente guztiek abenduaren 10ean egiten dute karguaren zina», azaldu du Graciela Fernandez Meijidek. Batzordean bera arduratu zen biktimen familiek aurkeztutako desagertze-salaketak jasotzeaz.

Ernesto Sabatok desagertuei buruzko «Nunca más» txostena Raul Alfonsin presidenteari eman zion unea. (Daniel Merle | Archivo General de la Nación)

Fernandez Meijideren eginkizun nagusia desagertzeei buruzko frogak biltzea eta justiziara bidaltzea zen, baita biktimen helbidea eta atxilotu askori lapurtutako haurrak non ziren ikertzea ere. Sei hilabeteko lanaren ondoren, 1984an “Nunca más” txostena sortzeko balio izan zuten ondorio batzuk atera zituen Fernandez Meijidek. Txosten hori oinarri frogagarri izan zen 1985ean diktadurako buruak kondenatu zituen Batzar Nagusien Epaiketa historikoan.

Desagertuak eta bizirik atera zirenak. Militante politiko eta sozialak, talde iraultzaile armatu eta ez-armatuetakoak, kazetariak, ikasleak, artistak, erlijiosoak... betiko desagerrarazi zituzten Argentinan, bahitu eta torturatu ostean drogatu eta itsasora botata besteak beste. Fernandez Meijidek gogorarazi duenez, CONADEPen xedea herrialdean izandako «estatu terrorismo basatia» ikertzea zen. Argentinatik kanpo ere egin zuen lan, erbesteratuen testigantzak biltzen kasu. «Bizirik irtetea lortu zutenek zentro klandestinoak ikuskatzen lagundu ziguten sarri. Oso nabarmena zen kontatzen zutena egia zela frogatzeko erakusten zuten antsietatea», gogoratu du 91 urteko aktibistak. Fernandez Meijideri diktadurak seme bat bahitu zion. Inoiz ez du haren berri izan.

Batzordeak ia 9.000 desagertu identifikatu zituen. Estatuak kopuru hori eguneratu du, nahiz eta apenas aldatu den: «Dena abiadura bizian egin zen, beraz, baliteke bere garaian izen errepikatuak egon izana. Egun, batzordearen oinorde den Giza Eskubideen Idazkaritzak 8.000 desagerturen zerrenda bat du Interneten», adierazi du. «Ezin izango dugu inoiz desagertuen zifra zehazki jakin. Zaila da, diktadurak aukeratu zuen metodologia arerioak desagerraraztearena izan zelako, neurri batean erakundeak eta familiak nahasteko eta zigorgabetasuna bermatzeko: ez zegoen delituaren gorputzik gabe», gaineratu du. Oraindik ere, desagertuen kopurua polemikoa da, Maiatzeko Plazako Amak bezalako erakundeek 30.000 izan zirela esaten baitute. Batzordeak zehaztutako desagertu kopurua ontzat ematen du Fernandez Meijidek. Izan ere, gaia politizatu egin zela sinisten du, baita «ezinezkoa» dela pentsatzea Argentinako gizarteak, behin demokrazia berreskuratuta, hainbeste biktima salatu gabe utzi izana.

Chela Fontana, Raquel Radio de Marizcurrena, Clara Jurado eta Eva Castillo Barrios amonak, Maiatzeko Plazako Amekin batera, 1982ko protesta batean. (Wikipedia - Maiatzeko Plazako Amonak)

Txostenaren hitzaurrea ere kritikatu zuten «bi deabruen teoria» elikatzen duela uste dutenek. Izan ere, estatu terrorismoa eta ezkerreko talde armatuen indarkeria parekatzen ditu teoria horrek. Aktibistaren arabera, horiek «heroi gisa hartzen dituzte talde armatuak osatu eta krimenak egin zituztenak».

«Guk ez genuen egoera ukatzen. Eskatzen genuen gauza bakarra, bai behintzat nire kasuan, justiziarako eta defendatzeko aukera izatea zen, eta hori falta izan zen. Hori, Estatuaren partetik, giza eskubideen urraketa da. Estatuaren indarrek erasotzen dutenean, hiltzen dutenean, bidegabeki espetxeratzen dituztenean arerioak, desagerrarazten dituztenean, Estatuaren izenean torturatzen dutenean... ezin duzu zure burua defendatu», azpimarratu du.

Ministro, diputatu, idazkari... Mercosurreko Giza Eskubideen Politika Publikoen Institutuak «munduko lehendabiziko egiaren batzorde» gisa definitu zuen CONADEPeko kide izateko giza eskubideekin konprometitutako hamahiru pertsona nabarmen aukeratu zituzten, eta Ernesto Sabato idazlea izendatu zuten presidente. Sei idazkari ere izan zituen batzordeak. Fernandez Meijide da oraindik ere bizirik den bakarretakoa. Bere semea, Pablo, 17 urte zituenean bahitu zuten. Gertatutakoa jakin nahian, lehenik Giza Eskubideen aldeko Batzar Iraunkorrean parte hartu zuen, eta gero CONADEPen.

SMA Memoria Museoa, Buenos Airesen. (Europa Press)

«Semea eraman zuten guztiak hil nahi nituen. Uniformedun bat ikusi eta hil egin nahi nuen. Baliabiderik ez nuelako eta nire izaerarekin bat ez zetorrelako hori egingo ez nuela konturatzean, kasua justiziara eramango nuela erabaki nuen», gogoratu du Fernando de la Ruaren Gobernuan (1999-2001) diputatu, senatari eta ministro ere izan zen emakumeak. «Ezerk ez zuen pentsarazten auzia justiziara eraman zitekeenik, baina lortu genuen. Ezin dut esan horrek semearen desagerpena konpentsatzen duenik, ez dut inoiz astakeria hori esango, baina justizia egin izanak asko lagundu zuen mendeku pertsonalik egon ez zedin», adierazi du. Malvinetako gerran Argentinak 1982an jasandako porrotak demokraziaren etorrera bizkortu zuela eta militarrak baldintzarik jarri gabe joan zirela ere nabarmendu du.

Batzar Nagusien Epaiketaren ostean, goi kargu ez ziren militarrak epaitzeko irekitako prozesuak eten egin ziren Alfonsinen Gobernuak (1983-1989) onartutako bi legeren bidez. Carlos Menemek (1989-1999) indultua eman zien gero militarrei, tartean erregimenaren buruzagiei, eta ezkerreko talde armatuetako buruei. 2005ean, Nestor Kirchnerren agintaldian, Gorte Gorenak Konstituzioaren aurkakotzat jo zituen lege horiek, eta epaiketak berriro hasi ziren.

Graciela Fernandez Meijide aktibista. (@gcba)