7K - zazpika astekaria

Jarduera fisikoa, ezinbesteko sendagai


Azken mende honek aldaketa ugari ekarri ditu gure bizimodura. Lan baldintzak asko hobetu dira eta garai batean ezinbestean egin beharreko jarduera fisikoak alde batera utzi ditugu. Industria munduan ere automatizazioak eta mekanizazioak indar handia hartu dute, gure egunerokotasuneko esfortzuak asko gutxitu direlarik. Bestalde, elikagai eta nutriente gehiago eskura daudenez, aukera handiak ditugu bizitza osasuntsua jarraitu eta gaixotasunak saihesteko. Aurrerakuntza horiek guztiek onurak dakartzaten bezala, gehiegizko erabilerak kalteak ere ekar ditzake, ohitura sedentarioak eta elikadurarekin lotutako gaixotasunak agertuz.

Badakigu jarduera fisikoak onura psikologiko, fisiko zein sozialak dakartzala, baina gaur egungo gaixotasunen aurrean ezinbesteko sendagai ere bihurtu da. Egungo ohituren ondorioz, gaixotasun kardiobaskularrek gora egin dute eta medikuak errezetatutako pilulekin ez da nahikoa. Esaterako, jarduera fisikoak kolesterol mailak erregulatzen eta presio arteriala murrizten laguntzen du. Bestalde, sedentarismoak eragindako obesitatean ere laguntzen du jarduera fisikoak, 2. motako diabetesa kontrolatuz. Gaixotasun horiei aurre egiten laguntzeaz gain, jarduera fisikoak gure gihar eta hezurrak indartzen ditu. Hortaz, aukera paregabea izan daiteke osteoporosia edo sarkopenia bezalakoei aurre egiteko eta egunerokotasunean izan ditzakegun erorketak edota lesioak saihesteko. Bestalde, minbizia bezalako gaixotasunetan ezinbesteko garrantzia du. Izan ere, birikei, giltzurrunei edota urdailari eraso egiten dieten gaixotasunak izateko aukerak murrizten ditu.

Behin hori guztia esanda, jarduera fisikoa medikuak errezetatutako pilula bat balitz bezala hartu beharko genuke guzti-guztiok. Ez gaitu gaixotasunetatik libratuko, baina bizitza osasuntsuagoa eramaten lagunduko digu. Are, gaixotzeko aukerak asko gutxituko ditugu jarduera fisikoa eginez gero. Oraindik hasi ez bazara, sartu jarduera fisikoa zure egunerokotasunean!