7K - zazpika astekaria

Haurdunaldia eta jarduera fisikoa (I)


Haurdunaldia, obulua ernaltzen den unetik, umearen jaiotza iristen den momentura arteko prozesuari deritzogu, eta 9 hilabete luzez gertatzen da. Prozesu honetan emakumeak aldaketa ugari pairatzen ditu. Aldaketa gehienak arlo fisiologikoan ematen dira. Sistema kardiobaskularrari erreparatuz, funtzio kardiakoa areagotzen da, sistema baskular periferikoaren basodilatazioaren (15-20 taupada/min gehiago) eta odol bolumen (% 30-60 inguruko) igoeraren ondorioz. Arnas aparatuan, O2 kontsumoa %16-32 areagotzen da. Digestio aparatuan, urdaila, hesteak eta gibelak desplazatzen dira eta goragaleak, errefluxuak, idorreria... agertzen dira. Giltzurrun, gernu eta ugalketa aparatuetan, bularrak eta umetokia handitzen dira; umetokiaren hazkundeak maskuriaren konpresioa dakar, sarriago mikzionatuz. Gernua kentzeko atzerapenak agertzen dira, infekzioak sustatuz. Sistema endokrinoan ematen diren aldaketek, basodilatazioa, muskulu leunaren erlaxazioa, umetokiaren hazkuntza, pisua irabaztea, gantzen birbanaketa, lotailuen laxotasuna, tiroidearen erregulazio konplexua, metabolismo basalaren %25aren handitzea... dakar. Muskulu-eskeleto aparatuan, artikulazioen hiperlaxitatea eta gainkarga gertatzen da, lordosi lunbarra handitzen da, gehiegizko pisua pelbiseko eskualdean, lurzoru pelbikoaren disfuntzioa izateko arriskua areagotzen da... Aldaketa psikologikoak ere izaten dira, beldurrak, kezkak, zalantzak, autoestimuaren krisiak, autokonfiantzan dudak ageri dira, aldaketa fisikoek sortutako arbuioak...

Aldaketa hauei aurre egiteko, gero eta arruntagoa da emakumeak haurdunaldi garaian Jarduera Fisikoa (JF) egitea. JF-ak emakumearen pisua kontrolatzen laguntzen du, eta hipertentsioa edo haurdunaldiko diabetesaren ehunekoa ere murrizten du. JF-aren bitartez amak bizkarreko minak apaltzen ditu, goragalea gutxitzen zaio, erditzeko osteko errekuperazioa azkartzen du... Jaioberriari erreparatuz, plazentaren gaitasun funtzionala hobetzen du, erditze goiztiarra ekiditen du, malformazioa edo jaiotze osteko umearen pisu baxua izatearen arriskuak gutxitzen ditu. Arlo psikologikoan ere onura dakar, JF-ak ongizate emozionalean eragina duelako.