Haurrak
Gure haurtzaroa gara, eta gutxi gehiago. Askotan entzun izan dut hori, eta ados nago. Adinean aurrera noala, gero eta adosago gainera. Pentsatzen egon naiz bizitza ez ote den kiribilean josten. Haurrak garela jartzen da oinarria, eta ondoren, kiribilean-kiribilean, beti horren bueltan. Haurtzaroko pozak eta minak gurekin batera hazten, zahartzen, zimurtzen dira.
Maiz, gurpil aulkietan paseatzen dituzten aitona-amonen begietan ikusten ditut behin izan ziren neska-mutikoak. Begirada bihurri, garden hori. Dena ikusteko eta gozatzeko duenaren itxaropen printza hori. Haurrak haur direlako eta aitona-amona askok ikusitakoa ahaztu zaielako, lanbrotu.
Maite ditut haurrak, maite ditut haurrak maite dituztenak, eta ez naiz fio besteez, haurrik onartzen ez duten hoteletara joaten direnez. Haurrik gabeko jatetxeak, haurrik gabeko hotelak eta orain azkena haurrik gabeko hegazkinak. Dagoeneko bada aire konpainia bat zerbitzu hori eskaintzen duena: bidaiatu lasai haurrik gabeko eremu batean. Aparteko tarifa bat ordainduta erosten da haurrik gabeko “lasaitasuna”.
Irakurri dudanez, hegazkinean haurrak baldin badaude, aparteko toki batean jartzen dituzte, gortina batzuen atzean, inor ez dezaten molestatu. Bakarrik espero dut ez dietela mozalik jarriko, negarrak, algarak eta oihuak tapatzeko.
Tristatzen nauen joera bat da. Bizilagunen artean ere gertatzen ari da. Telebistan ikusi nuen aurrekoan “albiste bitxia”. Haurrak gauez negar asko egiten duela eta, bizilagunek ohar bat jarri zuten atarian, haur txikiaren gurasoei zuzenduta: gauez negar asko eta ozen egiten duela, hurrengo egunean lanera joan behar dutela, gurasoek zergatik ez duten lehenago isilarazten, bizilagunen loa eta ongizatea kaltetzen ari dela...
Beste munduko konturik ez, denak mundu honetako kontuak eta betidanik gertatu direnak.
Baina nik zapaldu nahi nukeen munduan bizilagunek enpatia sentitzen dute ondoko etxeko haurraren negarra entzuten dutenean. Ahoko minez edo gaixo egongo ote den pentsatzen dute, eta gurasoen ezinarekin akordatzen dira. Nik zapaldu nahi nukeen munduan bizilagunek gaizki lo egiten dute ondoan bizi den haurraren negarrarengatik, baina hori elkarren ondoan bizitzearen normaltasun baten barruan ulertzen dute.
Ez dut haurrak jasaten ez dituen mundurik nahi. Honezkero haserretu da baten bat, baina ni ez naiz fio haurrak maite ez dituztenekin.