Amaia Uribe
IRITZIA

Gerra

Odol tantak negar malkoekin nahastu dira berriro Ekialde Hurbilean. Erasoari mendekuarekin erantzun dio berriro Israelek. Gutxi zuten zibilek dena galdu dute berriro Gazan. Hamasek egin duena basakeria bat izan da. Baina Israelen erantzunak ez dauka justifikaziorik. Ospitale bat bonbardatzen duenak ez dauka bihotzik. Korridore humanitarioak ez zabaltzeak ez dauka aitzakiarik. Haurrak itsasoko ura edaten egoteak ez dauka azalpenik. Nazioarteko laguntza sartzen ez uzteak ez dauka zentzurik.

Mendebaldeko agintariak hasieratik lerratu dira Israelen alboan. Estatu Batuek “Hemen gaude eta ez gara mugituko” esan diote Netanyahuri. Von Der Leyenek ere babes osoa erakutsi dio Israelgo Gobernuari. Genozidioa zuritu dute. Ahaztu egin zaie, honen guztiaren jatorrian okupazio bat dagoela, eta euren keinu eta adierazpenekin argi utzi dute biktima guztiak ez direla berdinak. Israelgo hildakoek Palestinako hildakoek baino gehiago balio dute askorentzat. Israelgo bahituek bonben azpian etxetik ihesi doazen familiek baino arreta mediatiko handiagoa merezi dute askorentzat. Izan ere, gerra guztiak ez dira berdin neurtzen.

Hedabideetan ere ikusi dugu hori. Hilabeteak eman ditugu Ukrainako gerraz berbetan. Aldiz, Gazako biktimen sufrimenduak ez ditu egunero albistegiak ireki. Lehenengo egunetan bai. Eraso handiren bat egon denean ere bai. Baina Leonorren desfile militarrak edota inbestidurako negoziazioek minutuak kendu dizkiote gerrari.

Festibalean zeuden gazteek eta Ivan Ilarramendik ez dute inolako errurik. Al-Ahli ospitalean zeuden zibilek ere ez. Save The Children gobernuz kanpoko erakundeak esan du Gazako biktimen herena haurrak direla. Haur errugabeak. Hamas zer den ez zekiten haurrak. Izan ere, gerra honek, garaileak baino gehiago, galtzaileak utzi ditu bi aldeetan eta, zalantzarik gabe, zibilak dira berriro galtzen ateratzen direnak. Kibutzetan indarrez sartzeko agindua eman zuen Hamaseko liderra Qatarren dago, ondo babestuta. Sirena bat entzuten den aldiro Israelgo Gobernuko agintariak bunkerrean sartzen dira. Eta bien bitartean, euren gerraren erdian, hildako errugabeen zerrenda gorantz doa.