24 MAR. 2024 ARKITEKTURA «Landare zaindegia» Iaz Timisoaran ikusi ahal izan zen instalazio batek, Errumaniako hiri hau Europako Kultur Hiriburu izan zenean, egileari gogorarazten dio horrelako proiektuek bioaniztasuna mantentzen laguntzen dutela. Izaki bizidun guztiak zaintzeak gure bizitza eta gure hiriak hobetzeko aukera ematen digu. Proiektua 2024ko EU Mies Award sarietan izendatua izan da. MAIO, Nomadic Studio eta Studio Peisaj bulegoen arteko elkarlanaren emaitza da. (Marius VasileBianca Azap + Dan Purice) Nekane Azpiazu Lejardi Timişoara 2023ko Europako Kultura Hiriburuaren ekitaldian ikusteko aukera izan den instalazioetako bat da “Nursery, 1306 plants for Timişoara”, eta espazio publikoa diseinatzeko modu berriak egon daitezkeela frogatu du proiektu eraberritzaileak. Testua apaintzen duten irudiek baliteke gogoratzea duela hilabete hizpide izan nuen Parto Atelier bulegoaren Upfarming proiektua. Izan ere, biek defendatzen dute bioaniztasun fokuak izan daitezkeen azpiegitura bertikalak hirietan txertatzea, bakoitzak bere xede propioarekin. Aldamiozko egitura duen dorre berdeak erakutsi nahi digu zein funtzio betetzen duten landareek nahiz zuhaitzek hirian eta nolako gaitasuna daukaten espazio publikoa atsegingarriagoa egiteko klima erregulatuz. Dena dela, horretaz gain, badu zerbait berezia proiektu honek, haren filosofia are gehiago indartzen duena, eta niretzat zaintzaren inguruko lanketa da. Izenak zerbait salatu nahi digu hasieratik; izan ere, badakigu ingelesezko nursery terminoak haurtzaindegi esan nahi duela, eta kasu honetan landareek ordezkatzen dituzte haurrak. Haztegi hutsa baino gehiago da instalazioa, eta bizidun oroz arduratzea eta horiek zaintzea zein garrantzitsua den azpimarratu nahi digu, batez ere, elkarren beharra baitugu espezie guztiok hiri orekatuetan elkarbizitzeko. Timişoarako azpiegitura ikusgarriak 10 hilabetez zaintzapean izango ditu hainbat landare, beste leku batzuetan landatuak izan arte. Bisitariak zaintzaz jabetu nahi dira orokorrean, inguruan daukagun bizi ororen zaintzaz, eta horrekin batera dator hiriko espazioak birpentsatzea eta imajinario berriak sortzea. Proposamena planteamendu tradizionaletatik aldentzen da, berdeguneak lurretik aldenduz eta gorantz maila desberdinetan metatuz. Horrela, hiriguneetan hain mugatua den espazioa optimizatzen da, ingurune jasangarriagoa eta osasuntsuagoa sustatuz. Egitura bertikala aldamioekin osatzen da eta Timişoaran ikustea ohikoak diren gainontzeko arkitektura mugimendu tradizionaletatik guztiz aldentzen da, besteak beste, barrokoa edota art nouveau estiloa. Kontrastearen eta itxura gordinaren bitartez, gaiaren eta egoeraren premiaz ohartarazi nahi da, berehala eta edonon eraiki daitezkeen larrialdi egiturak balira moduan. Horretaz gain, muntatu, konfigurazioa aldatu nahiz desmuntatu egin daiteke, berrerabiltzeko eta lekualdatzeko aukera eskainiz, hots, hirien beharrizanetara moldatuz. Instalazioak jakin-mina sortzen du jendea bertaratuz. Bisitariek eraikina eskalatu dezakete ibilbidean zehar Timişoarako ondarea beste ikuspuntu batetik behatzeko espazioetatik igaroz, eta azken solairuak hiriburuaren ikuspegi zabala oparitzen digu, beste inondik ere lortu ez daitekeena. Begetazioaren artean sortzen diren espazioek jendea biltzeko, tailerrak nahiz erakusketak egiteko edo hitzaldiak antolatzeko balio dute, aldamio-egitura erraldoia sormenaren eta konpromisoaren komunitate bilakatuz. ‘Landare zaindegia’ deitu ahal diogun azpiegitura habitat berria da 1306 landarerentzat, baita horiek erakarritako zenbait animaliarentzat ere, eta hirian horrelako puntu bat izatea sekulako aktibazioa da hiri-ekosistema osasuntsuarentzat. Begetazioak bero-uharte fenomenoa gutxitzen laguntzen du, eta airearen kutsadura arintzen du haren kalitatea hobetuz. Udako -eta azkenaldian, ez hain udako- egun bero horietan kalean egotea atseginagoa da begetazioaren gerizpean. Proiektua, dagoeneko desmuntatua eta birlandatua hiriko espazio berdeetan, 2024ko EU Mies Award sarietan izendatua izan da. MAIO, Nomadic Studio eta Studio Peisaj bulegoen arteko elkarlanaren emaitza da. Hiri diseinuaren ikuspegi berria zabaltzen du, jasangarritasuna, bertikaltasuna eta berdeguneak integratzea bilatu nahi dituena. Ez da lehen aldia horrelako instalazio aldarrikatzaile bat ekartzen dudana (gogoratu Takk taldearen lorategi gurpildunaz), eta aurreratzen dizuet antzeko ildotik doan beste eredu berritzaile eta berezi bat dudala poltsikoan. Proposamena planteamendu tradizionaletatik aldentzen da, berdeguneak lurretik aldenduz eta gorantz maila desberdinetan metatuz.