7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Ezker-eskuin


Azken berrogei urtean berritu gabeko taberna batera sartu gara. Irudi du ez zaiela askorik inporta gortinak modatik aparte geratu izana. Paretako goteleak hitz egingo balu, barraren bestaldean dagoen gizonezkoaren lehen jaunartzeko menua kontatuko liguke. Bertako semea da eta baditu 50 urte baino gehiago.

Estrella Galicia garagardo pare bat, bertakoa. «Jatekorik baduzue?». «Jatekoa besterik ez dugu hemen. Eta sukaldean lau emakume, prestatuko ote dute zeozer…». Galiziarrek ez dute zuzen-zuzen erantzuten, beti zeharka. Barruan edo terrazan? Bietan bezero bakarrak gara. Turismoarekin lan asko omen daukate, toki guztietan pilatzen omen da jendea. Guk ez dugu horrelakorik ikusi. Terrazan eseri gara. Garagardoa fresko dago eta gustura egoten da, nahiz eta errepidea gertuegi egon. Terrazak ere ezin du disimulatu denboraren joana. Eguzkiak toldoari kolorea jan zion aspaldi.

Bezero bakarrak gara eta zerbitzariak arreta pertsonalizatua ematea erabaki du. Terrazara etorri eta ondoan eseri zaigu. Ea nongoak garen, noiz etorri garen, hau eta bestea ikusi ote dugun… Ustez sukaldean dauden emakumezkorik ez dugu ikusi.

Solasaldiak hara eta hona egin du. Hemendik gertu dagoen erietxe nagusi batera joan behar izaten dutela medikutara, gertuago ez dagoela ezer. Baina pozik daudela, sekulako aparkalekua daukala erietxeak eta gainera deskontuak izaten direla denbora luzea egon behar dutenentzat. Ofizioak galtzen ari direla, igeltserorik eta arotzik gabe geratzen ari direla. Gazteek ez daukatela lanerako gogorik eta migratzaileak gero eta gehiago ikusten direla. Denek negozio oparoak amesten dituztela, lan gutxi eta diru asko. Gazteek oso zaila daukatela gurasoen etxetik joateko, soldatak eskasak eta alokairuak garestiak. Seme-alabarik ere ez dutela ekartzen, txakurrak errazago. Garai bateko fabrika jendetsuak itxita daudela orain. Orain denen ametsa funtzionarioa izatea dela.

Ez diogu izenik galdetu. 50 eta 60 urte bitarteko gizonezkoa da, tabernaria eta galiziarra. Hortik aurrera, ezer gutxi dakigu. Eskuinekoa edo ezkerrekoa ote den, horixe galdera bueltako bidean. Akaso terrazako solasaldietan ezin sumatu ideologiaren noranzkoa, akaso gauza batzuetan gertu samar egon daitezke batzuk eta besteak; batez ere, haserre kolektiboan. Eta horrek ikara ematen du, ez baita gauza bera mundua eskuinetik edo ezkerretik eraiki nahi izatea. Elkarrekin bizitzera kondenatuta egongo gara akaso, baina ez ditzagun ertzak borobildu. Segur aski tabernari horrek eskuineko botoa ematen du. Usaindu egiten zaie.