7K - zazpika astekaria
ORAINTSUKO SUIZIDIO AHALEGINAREN KODEA (OSAK)

Suizidioa: jokabide multifaktorial baten aurrean, askotariko prebentzio tresnak

Arazo larria da suizidioa. Ez da gaixotasun bat, jokabide bat baizik, izozmendi baten punta. Azpian daude saiakerak, eta oraindik azpirago, ideiak. Prebentziorako hainbat tresna daude martxan eta horietako bat da Oraintsuko Suizidio Ahaleginaren Kodea (OSAK). Jokabide suizida errepikatzeko arriskua murrizteko baliagarria dela frogatu du Osakidetzak.


Suizidio arriskuan dauden 20 pertsona baino gehiago detektatzen ditu egunero Gipuzkoan Osakidetzak. Suizidio kasuei dagokienez, Andrea Gabilondo Gipuzkoako Osasun Mentalaren Sareko arduradunak eman dizkigu azken datuak. Hilabetean 63 kasu erregistratu dituzte EAEn: 21 Gipuzkoan, 36 Bizkaian eta 6 Araban.

Gabilondok adierazi duenez, EAEko datuak literaturan argitaratutakoak baino zertxobait txikiagoak dira, «baina eskura dagoen informazioa oso eskasa da, zeren jokabide suizidari buruzko informazio sistema onak izatetik urrun samar gaude oraindik herrialde gehienetan».

Xabier Lertxundi Donostiako Antiguako Osasun Mentaleko Zentroko langilea da. Gestio klinikoko zuzendaritza postu batean ari da; osasun mental ez larriaren, hau da, afektibitate-arazoen eta lehen arretarekin lankidetza egitearen ardura du. Oroitu du 2019an mahai gainean jarri zen arazo larri bat dela suizidioena, ez hemen bakarrik, leku guztietan. Lakuako Gobernuak eta Osakidetzak prebenitzeko estrategia bat abiatu zuten, eta orduan hasi ziren martxan jartzen orain garatzen ari diren tresna ugari.

Horietako bat da duela bi urte, pandemia ostearen testuinguruan, sortutako Oraintsuko Suizidio Ahaleginaren Kodea (OSAK). Protokolo bat da, bere buruaz beste egiten saiatu ondoren Osakidetzako ospitaleetan alta ematen dieten pertsonen osasun-arreta eta segurtasuna hobetzeko helburua duena. «Besteak beste, arreta eman beharko dioten zerbitzuen arteko koordinazioaz eta anbulatorioko lehen hitzordura arteko denbora horretaz arduratzen da. Izan ere, horrelako prozedurarik ezean, badakigu ohikoa dela pertsona osasun sistematik aldentzea eta bere arrisku egoerarako arreta espezifikorik ez jasotzea», azaldu du Gabilondok, kode hau bereziki landu duen profesionalak.

Ospitaleko eta larrialdietako psikiatriako profesionalak, osasun mentaleko zentroetako profesionalak (arreta anbulatorioa) eta lehen mailako arretako medikuak inplikatzen ditu.

Suizidio saiakera bat egiten duten pertsonei zuzendutako protokoloa da. Ospitalean psikiatra batek baloratzen duenetik osasun mentaleko zentro batera iritsi bitartean trantsizio etapa bat dago, eta hutsune hori betetzea eta pertsona babestea da kodearen funtzioa. Ospitaleko psikiatrak saiakera bat ikusten duenean kodea aktibatzen du, eta programa baten bidez iristen da osasun mentaleko zentrora. Orduan, zentroko profesionalek pazienteari deitzen diote telefonoz eta gehienez hiru eguneko epean hitzordu bat eskaintzen diote psikiatra edo psikologo batekin. Horri esker, hagitz epe labur batean lehenengo balorazio bat egiten dute. Pertsona etortzen ez bada, telefonoz deitzen diote, eta lehen arretako medikuari ere abisatzen diote.

Xabier Lertxundi Donostiako Antiguako Osasun Mentaleko Zentroko langilea da. Bere lankideek bezala, egunero erabiltzen du Oraintsuko Suizidio Ahaleginaren Kodea (OSAK).

HIRU DEI

Protokoloak telefono bidezko laguntza bat ere jasotzen du, Osakidetzako erizaintzako profesionalek egiten dutena osasun aholku zerbitzutik. «Horiek hiru telefono dei egiten dizkiote pertsona horri, hurrengo egunean, 15 egunera eta 30 egunera, arrisku egoerarik detektatzen duten ikusteko, osasun mentalean hitzordua eskaini zaiola baieztatzeko, eta hala egin ez bada, zita emateko. Psikohezkuntzako tresnak ere ematen zaizkio eta arazorik badago deitzeko telefono bat eskaintzen zaio. Azken batean, osasun sistemarekiko lotura lantzen da pertsona horrekin», zehaztu du Lertxundik.

«Arreta mota horrek erakutsi du jokabide suizida errepikatzeko arriskua murrizteko baliagarria dela», baieztatu du Gabilondok.

Bi urte darama martxan Oraintsuko Suizidio Ahaleginaren Kodeak (CISR). Denbora horretan 1.500 kasutik gora artatu dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Bi heren emakumeak izan dira. Adinari dagokionez, %35 inguruk 18-35 urte dituzte. Hurrengo talderik ugariena 45 eta 55 urte bitartekoena da (%21). %4 inguru adingabeak izan dira. Pertsona horien %75ek (adinez nagusiak bakarrik zenbatuta) protokoloan jasota dauden osasun aholkuko hiru deiak jaso dituzte.

Xabier Lertxundik erantsi duenez, adinekoen populazioa ere beti izan da arrisku talde bat. «Izan ere, arrisku faktore asko dituzte: isolamendu soziala, bakardadea, gaixotasun kronikoak...».

«BIZI», KOMUNITATEAN LAN EGITEN DUTEN PROFESIONALAK FORMATZEKO

Kodearekin batera, osasungintza publikoak mekanismo gehiago ditu suizidio arriskuari aurre egiteko. «Horien barruan sartzen da arriskuan dauden pertsonak identifikatzea osasun sistemako edozein puntutatik eta osasun mentalera bideratzea, normalean lehen mailako arretatik edo ospitaleko larrialdietatik. Behin osasun mentalean, sistemak jarraipen eta tratamendu espezializatua eskaintzen du, talde multiprofesionalen eskutik (psikiatria, psikologia, erizaintza eta gizarte lana)», azaldu du Gipuzkoako Osasun Mentalaren Sareko arduradunak.

Lanean ari dira, halaber, ingurune komunitarioetatik arriskuan dauden pertsonen identifikazioa hobetzeko eta osasun sistemara bideratzeko, hala nola hezkuntzatik eta gizarte zerbitzuetatik. Hezkuntza Sailak suizidioa prebenitzeko protokolo bat jarri du abian, osasun sistemarekiko koordinazioa barne hartzen duena.

Osakidetzak online prestakuntza programa bat sortu du, “Bizi”, komunitatean lan egiten duten profesionalen gaitasuna hobetzeko, suizidioa prebenitzen laguntzeko eragile gisa. «Gizarte langileak, farmazialariak, poliziak, irakasleak... 2.000 profesionalek baino gehiagok egin dute formazio hori Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Programa laburra eta autogestionatua da, bakoitzak bere erritmoan egiten duena».

SUIZIDIOA EZ DA GAIXOTASUN BAT, JOKABIDE BAT BAIZIK

Xabier Lertxundik argitu duenez, suizidioa ez da gaixotasun bat, jokabide bat baizik, multifaktoriala: «Gaixotasun mentalak sartzen dira hor, faktore sozioekonomikoak, genetika... Noski, suizidioa prebenitzeko esparru ezberdin pila batean lan egin behar da, eta horretan ari gara pixkanaka. Populazioa ere informatu eta sentsibilizatu behar da. Badaude estrategiak zure buruaz beste egiteko bitartekoak mugatzeko, adibidez jendeak bere burua botatzen duen lekuetan esku hartzea. Estrategia pila bat daude, ez bakarrik osasunaren munduan».

Nola ekidin daitezke suizidiora daramaten egoerak? «Esparru ezberdin horietan guztietan lan eginez: bai tratamendu espezializatuetan, osasun zerbitzuetan, epidemiologiaren arloan neurketa moduak hobeto zehaztuz, datu komunikazioak hobeto kudeatuz, komunitatean, adibidez, “Bizi” programarekin, egoera zaurgarrian dauden kolektiboekin harremana duten langileak formatuz, gizartearen ongizatea hobetzeko politikak aurrera eramanez... Gauza asko egiten dira, baina segur aski gehiago egin daitezke».

NOLA DIAGNOSTIKATZEN DIRA ARRISKUAK?

«Suizidio arriskua baloratzea psikiatriaren lan esparrua izan da betidanik. Oro har osasun mentalean lan egiten dugun guztion konpetentzia nagusietako bat da. Arrisku hori ebaluatzea ez da erraza, ez dago arreta estandarrik balioztatua. Egoera horren aurrean arrisku altuagoa edo baxuagoa duten hainbat aldagaik parte hartzen dute, eta aldagai horiek guztiak aztertu, eta planteatu behar duzu zer iruditzen zaizun, arrisku altuko saiakera bat izan den ala ez. Horrek markatuko du zer eskaintza egiten zaion pertsonari edo zer tratamendu emango zaion».

Aldagai batzuk saiakerarekin lotutakoak dira; adibidez, nola izan zen, planifikatua edo ez, hiltzeko desio bat zegoen edo aldaketa desio bat, sufrimendua kentzeko behar bat, erabilitako metodoa hilgarria den ala ez, zein ideia zeuden aurretik...

Faktore soziodemografikoak ere aintzat hartu behar dira. «Berez, zenbat eta helduagoa izan, handiagoa da suizidioa gauzatzeko arriskua. Saiakeretan bi heren emakumeak badira ere, gizona izatea arrisku altuko aldagai bat da, kasu gehiago dira gizonenak. Langabezia, bakardadea, banaketak, harreman sozial gatazkatsuak, gauzei aurre egiteko baliabide pertsonal falta, isolamendu soziala... hainbat aldagai sartzen dira. Eta kasuen %80 edo 90etan gaixotasun mental bat dago azpian, depresioa edo substantzien erabilera».

Faktore horiekin guztiekin arrisku handiko saiakera bat izan den edo ez baloratzen dute, eta tresna desberdinak jartzen dituzte martxan.

«Kontsultetan askotan ideia suizidak ere ikusten ditugu patologia baten barruan. Zergatik jartzen dugun martxan kodea saiakeretan? Gauzatutako suizidioetan aldagairik inportanteena aurretik saiakera bat egitea delako», azpimarratu du osasun langileak.

Getty

NORMALEAN, ANBIBALENTZIA BAT DAGO

Dauden mitoak puskatzeko ere lan egin behar dela defendatu du profesionalak. «Adibidez, sarri entzuten da saiakera batzuk atentzioa deitzeko baino ez direla. Baina serio hartu behar dira beti. Horregatik kodea. Beste mito bat da pertsona batek bere buruaz beste egin behar badu ez duela ezerk ekidingo eta ez duela laguntzarik eskatuko. Hori ez da egia. Ikerketek esaten dute %90ek aurretik komunikatu izan dutela modu batean edo bestean arrisku hori. Normalean ez da erraza zure buruaz beste egitea, anbibalentzia dago pertsonarengan: badaude faktore batzuk geldiarazten dutenak eta besteak egitera bultzatzen dutenak, eta anbibalentzia horrek esku hartze bat egiten uzten digu».

Suizidatzen diren pertsonetatik %30 soilik ari ziren osasun mentaleko tratamendua jasotzen. «Hortaz, badago populazio bat arazoekin, gurekin ez dagoena. Esate baterako, kodeak eta planak ere aipatzen du lehen arretako medikuen papera inportantea dela, batez ere arrisku hauek detektatzeko. Formazioak egiten dira horretarako».

«SUPERA» PROGRAMA PILOTATU DUTE GIPUZKOAN

Behin diagnostikoa eginda eta protokoloaren bidez pertsona osasun mentaleko zentrora iritsita, tratamendu edo laguntza bat edo bestea eskaintzen dute, kasuaren arabera. «Oinarrian gaixotasun mental bat dago gehienetan: depresio bat, edo arazo bat substantziekin. Hori landu behar da, alde batetik. Tratamendu estandarra eskainiko zaio psikoterapiarekin edo farmako terapiarekin, kasuaren arabera. Bestalde, suizidio arriskua lantzeko estrategia zuzen batzuk jarri behar dira martxan. Horretan ari gara».

Badaude tratamendu psikoterapeutikoko programa arautu batzuk, eta horietako bat pilotatzen hasi ziren Gipuzkoan 2022-2023an. “Supera” izena du, Alexander Muela EHUko psikologoak garatutako programa bat da, zortzi saio eskaintzen ditu, ideia suizidei zuzendutakoak. Psikiatra, psikologo eta erizainek parte hartzen dute. Aldaketa batzuk ezartzen dira kognitiboki, ideia agertzen bada ekintza plan bat abiatzen da, hori lantzen da pertsonarekin. Programa balioztatua dago, eta ikusi behar dute ea gai diren martxan jartzeko, baliabide aldetik.

Tratamenduaz aparte, fokua jarri behar da arrisku honetan. «Sare bat jartzen saiatzen gara pazientearen inguruan, hainbat estrategia martxan jarriz, berekin konpartituz zer egin ideia areagotzen bada, zeini abisatu, eta momentu batean, ez badago inguruko sarerik eta arriskua oso handia bada, eskaini dakioke ospitaleratze bat kontentzio moduan, noski».

Getty

NOIZ ARTE?

Kodearen helburua, erran bezala, pertsona osasun mentaleko zentrora iristea da, prozesu horretan babestea. Behin tratamendua jasota, jada arriskurik ez dagoela baloratzen duelarik, pertsona artatzen duen psikiatrak desaktibatzen du kodea. Berriro suizidatzen saiatzen bada, berriro aktibatzen da kodea.

Lertxundik kode honekin lan egiten du, bere lankideek bezala. «Etengabe etortzen zaizkigu abisuak ospitaletik osasun mentaleko zentroetara, eguneroko zerbait da».

Arazo larria da suizidioa. «Jokabide hori izozmendi baten punta da, azpian daude saiakerak, eta oraindik azpirago, ideiak. Datuak izugarriak dira. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Eustaten grafiko bat hartzen baduzu 2003tik 2019ra doana, 2006an kanpoko heriotza arrazoietan erraz pasa zituzten suizidioek trafiko istripuak. Orain trafiko istripuak halako bi dira suizidioak. Trafiko istripuak ekiditeko lan luze bat egin da, eta azkenean lortu da pixkanaka jaistea. Suizidioan begi bistakoa da ez dugula oraindik lortu, baina bide horretatik joan beharko genuke, esparru ezberdinetan lan eginez, arrisku faktoreak ondo identifikatuz, gure bizi kalitatea hobetuz bai sozialki bai ekonomikoki, buru osasuneko zerbitzuak sustatuz, populazio osoa ondo artatzeko, eta informazioa emanez ere bai», nabarmendu du osasun mentaleko profesionalak.