14 JUL. 2024 IRITZIA Tristeenaz Sustrai Colina S.apurgarria, Bizi zaren hirian urteko egunik tristeena izango da biharkoa. Alferrik kontatuko dituzu zure oporrak, hartza ikusi dutela Garden, Julie Douceten El Rio-k kautibatu zaituela, Milena Busquetsen “Las palabras justas” bezalako diario bat idatzi nahi zenukeela zuk ere, Tourrarekin hasitako lo-kuluxkek Olinpiar Jokoekin jarraituko dutela aurten ala, besterik gabe, udazkena dela udaren ederrena. Bizi zaren hirian urteko egunik tristeena izango da biharkoa. Ez tematu orain aste bi zure sorterrian gizonezko batek zure adin jirako andrazko bat desagerrarazi zuela oroitarazten. Biktima ezagutzen ote zenuen galde egin zenuen lehenik. Lotsa eman behar lizuke. Erasotzailea jendarme ohia izateak ez zaitu ezertaz salbuesten. Bizi zaren hirian urteko egunik tristeena izango da biharkoa. Saiatuko zara gaurkoa uztailaren 14a dela azaltzen, askapen ikurrak konkisten sinbolo bihurtu zirela aspaldi, orain libre dabilena eskuin-muturra dela, gainerakoontzat dena dela behin-behinekoa eta hauteskundeek nekez konpontzen dutela ezer. Bizi zaren hirian urteko egunik tristeena izango da biharkoa. Urtearen erdia eztul batean igaro dela jabetuko zara. Tarte horretan zugan zer sedimentatu den itaunduko duzu lotara aurretik, saihetsen artean hustu ez dadin etengabe bete beharreko botila zulatu bat ote daramazun oraindik ala, halabeharrez, bigarren erdia lehenengoa baino hobea izan daitekeen. Bizi zaren hirian urteko egunik tristeena izango da biharkoa. Ahal duenak ihes egingo du, nahi duenak azken bederatzi egunetan munduan zerbait gertatu den galdetuko. Ferianteek azken txanponak zenbatuko dituzte, jai zoriontsuak iragartzen dituzten fikzioetara joko du kaleko saltzaileen errealitateak, garbitzaileei esker ez da inor oinak lurrean itsatsita geratuko. Bizi zaren hirian urteko egunik tristeena izango da biharkoa. Zure arima pertxan zintzilik topatzeko beldurrez zabalduko duzu armairua. Zergatik heltzen diezu semeei maite dituzunak badoazela sentitzen duzunean? Bizi zaren hirian urteko egunik tristeena izango da biharkoa. Tradizioz orain arte, dekretuz gaurtik landa. Bizi zaren hirian urteko egunik tristeena izango da biharkoa. Honezkero sinetsi duzu horrela izan dela beti; aurrerantzean ezin daitekeela bestela izan. Bizi zaren hirian urteko egunik tristeena izango da biharkoa. Laster programatuko dute egun alai bat. Bizi zaren hirian urteko egunik tristeena izango da biharkoa. Saiatuko zara gaurkoa uztailaren 14a dela azaltzen, askapen ikurrak konkisten sinbolo bihurtu zirela aspaldi, orain libre dabilena eskuin-muturra dela, gainerakoontzat dena dela behin-behinekoa eta hauteskundeek nekez konpontzen dutela ezer.