SUSTRAI COLINA
IRITZIA

Amaieraz

S.apurgarria,

Noiz amaitzen da uda zuretzat? Marijaia erretzen dutenean, leihoak zabalik lo egiteari uzten diozunean, haurrak eskolan hasten direnean ala, eguneko nekeak abailduta, afalostean telesailak ikusteari ekiten diozunean berriz? Maletak desegitea errutina berreraikitzea dela otu zaizu, ohiturak zernahi egiten duela eramangarriago, horregatik dela hain beharrezkoa, horregatik hain arriskutsua.

Etxera itzultzeaz mintzo dira ingurukoak, oinak errotzeko lur bat berreskuratzeko premiaz edo norbere lubaki intimoan babesteko grinaz. Inork ez dio ezer alokairua ordaindu beharrak sortutako antsietateaz, inork ez du eraso matxista gehien-gehienak etxean gertatzen direla gogoratu nahi. Isiltasunak bakardade sentsazioa areagotzen duela irakurri diozu Kattalin Minerri. Bakoitzak dauka bere babeslekua, bakoitzak bere ziega; leku bera da askotan. Kataluniako president izan ez denak ere igartzen du hori. Ez da politikagintza espektakulu bihurtu den bakarra.

Erreparatu zure bidaiatzeko moduari, zure etxeko dekorazioari, zure harremanei, zure Whatsapp taldeei. Ezkutatzen duzunak erakusten duzunak baino hobeki definitzen zaituelako agertzen duzu horrenbeste. Zuk ere uste zenuen Mugimendu Sozialista eta konpartsen artekoa izango zela udako txosnetako gatazka. Ez zenuen TicketBairik edo jaiguneak aldirietara mudatzeko tema zaharrik espero. Gehiegitan zenbatzen duzu lozorroan dagoena hildakoen saldoan. Gehiagotan sinetsi duzu kontra egiteko kausa komun batek elkarren alde egitera eraman dezakeela. Ez dakizu zer gertatuko den orain. Ez dakizu jakin nahi duzun. Etorkizuna zer izango den ez jakiteak aukera asko zabaltzen ditu. Biharkoaz ahaztu eta gaurkoan zentratzea da zure ikasturte berrirako erronka.

Montserrat Roig-ren “Gerezi-denbora”-ko protagonista bezala zure hirira itzuliko zara zu ere, piztuko duzu wifia, errebisatuko galdara eta zure lan-mahaiaren ondoan sanferminetako arropa eskegita ikusteak uda noiz amaitzen den pentsatzera eramango zaitu berriz. Noiz amaitzen da uda? Hozberoa 30 gradura iritsi aurretik artikulua entregatzeko presarik sentitzen ez duzunean, iratzargailua jartzen duzunean? Beti da zaila amaierak zehaztea. Noiz amaitzen da bikote harreman bat? Banandu aurretik, eten ostean, bikotekide batek besteari “ama” deitzen dionean? Estatistika guztien arabera, uda amaieran, oporretatik bueltan.