7K - zazpika astekaria
LUMA BERRIEN AZTARNAK

Gabarra

Kristina Fernandez

Ohi baino goizago ateratzeko baimena eman diete lanean. Lau eta erdietako trena hartzeko garaiz iritsi dira Zamudioko geltokira, Abrako Itsas Klubaren kirol portutik gabarra ateratzen ari den unean, hain justu. Laneko arropa protokolarioak, tapakiak, autoan utzi, eta okasiorako jantzi dira. Kamiseta ofiziala durangarrak, Castore 2024; zuri-urdina, errealzale gipuzkoarrak; eta Ramones-en kamiseta higatua, futbola axola ez zaionak.

Lehertzear dagoen bagoian arrakalak bilatu dituzte, sardinak latan bezala sartzeko. «Hartu arnasa oraintxe, badaezpada». Ama batek umeari eskutik eutsi dio; «ez urrundu», diotso arduraz, urruntzeko lekua balego moduan.

Uribarriko geralekuan atera dira. Perretxikoen moduan atera dira zokondo guztietatik jokalarien izena daramaten kamiseta zuri-gorriak. «Baten bat hona ekarriko ditek igual bihar», esan du batek umore beltzez, beilatoki ondotik pasatzean.

Apirileko eguzki galdatan iritsi dira udaletxe aurrera. Bostak pasatxo dira, eta ontzia ikusten da eraikinaren ondoan jarri duten pantaila erraldoian, Portugaleteko Zubi Esekitik igarotzen.

Hurbilen geratzen zaien tabernan Estrella Galicia botila bana hartu, eta aldran barneratu dira, hondarretan karramarroak nola. Zubiaren erdialdean topatu dute txoko librea, marea trinkoaren bihotzean.

Gazte beltza birbilgunearen ondoko semaforora igo da sandaliekin. «Iñaki! Iñaki!», hasi dira kantuan batzuk. Argiek kolorez aldatzen duten bakoitzean kalimotxoz betetako bost litroko garrafari hurrupa egiten dio, harrotuta. Jolasa utzi du, hori kolorean sandaliak irrist egin, eta ia erori ostean.

Ez dute ibaia ikusi ere egiten. «Hurbilduko gara bazterrera?». Oihan tropikaleko landaretzan barrena, espaloira iritsi arte. Bisera alderantziz jantzita duen bilbotarra hegoamerikar beltzaranarekin sesioan. «Ez dizudala pasatzen utziko». «Nire lagunak barruan daude, baina». «Ba, eurekin geratu hurrengoan». Espaloira igotzeko keinua egin du. Biseradunak, bultzada. «Hi, txikito, goizeko hamaiketatik gaudek hemen. Ez ukitu barrabilak, entzun?». Mehatxu eran esan dio. Hegoamerikarrak barre egin eta mobila atera du. «Selfie bat?». Argazki lagunkoia atera dute biek. Sestaoko uretan gabarra; garabia garaiak, metalgintza garaiak, Oskorriren musika bozgorailuetatik.

«Hemen ez zagok zereginik». Atzera itzuli dira lehengo bidetik. Burusoila eta ile urdindun mutikoa muturka ari dira. Jenderik gabeko arnasgune txiki bat ireki da haien artean, borroka lasai egin dezaten. Alemaniar tankera duen gizonkoteak airean bota ditu biak, ileurdina gurpil-aulkian doan gizonaren gainera erori denean. «No fight! Today, celebration day!».

Txapeldunak dioen pankarta udaletxeko balkotik zintzilik, euskara hutsean. Atarian, erraldoiak eta dantzariak, ongietorria emateko gertu. Erramun Martikorenaren ahots jostariak janzten ditu Zorrotzaurreko aireko irudiak. «Aupa Erreala!». Ezkerreko kuadrillan kamiseta zuri-urdinarekin dagoen neska ilehoriak besarkada eman dio euren lagunari, konplize bila lur arrotzean. Mutilak luzatzen utzi du besarkada. «Janire dut izena».

Eguzkiak gogor jotzen du, eta batzuk ez dira orduetan lekutik mugitu. Builaka ondoko mutikoak, zerbeza litroak maskurian gorde ezinda. Disimuluan, morroskoa pixa egiten hasi da zerbeza botila hutsean, irribarre gaiztoz, kapela mexikarrarekin isuria tapatuz. Telebistan, San Mamesen lehen planoa; airean, Zea Mays-eko Aioraren ahots indartsua.

Zerbeza parrastada Ramones-en kamisetaren gainera. «Hi bai hi! I wanna be sedated!», lepotik eutsita alboko hordiak. «Berrogei urte, tio! Berrogei urte honen zain!». Berak ez ditu hogei izango. Barre zoroa, topa, trago bakarrean lata hustu eta beste baten bila itzuli da korrora, dantza eta balantza artean. Kapela mexikarra daramanak eman dio. Ito beharrean eztulka hasi da pixa dela ohartzean; eta ito beharrean, barrezka lagunak.

Zurrumurruak garrasi ozen bihurtuta. Helikoptero hotsa, droneak, Athleticen ereserkia, suziriak, lehoidun banderak orroka; ikurrinak, nafarrak, katalanak. Gabarra udaletxe aurrean da. Jende olatuak, gorputzak elkar bultzaka arnasa bakarrean, akonpasatuta. Muniain eta De Marcos koparekin. Eskaileretan ikuskizuna, harro, garaile. Argazkia, aurreskua. Balkoitik hitzak. Euskararen aldeko aldarri gernikarra.

Jendetza erotuta. Festa, orgia. Semaforoko Iñakik iskanbilara jauzi egin du. Janire eta lankide gipuzkoarra musuka, beste kontu batera. Guardia Zibilen patruilari ipurdia erakusten, kapela mexikardun kuadrilla osoa.

Laster, anekdota hutsa izango da futbola. Inork ez du gogoratuko zer ospatzen ari diren, nondik datorren euforia neurrigabea. Berdin izango da arraza, nazionalitatea, sexua, adina, hizkuntza, kamisetaren kolorea. Pasio deslotuen egun gobernaezina baino ez da geratuko; bizitzaren basakeria bere gordinean, Abrako Itsas Klubaren kirol portutik Bilboko udaletxera doazen askapen uretan.

Eta lanera itzuliko dira hiru lankideak biharamunean, trajez mozorrotuta, gotortuta, beste milaka batzuek egingo duten eran. Gabarra aparkatuko dute; nork jakin beste zenbat urtez.