7K - zazpika astekaria
ARKITEKTURA

Itxiturak birformulatuz

Naturari ateak zabaltzen dizkioten eraikinak garrantzitsuak dira bioaniztasunerako. Adibide ona da Vietnamgo haurtzaindegi bat, aurrekontu mugatua izan arren proiektu jasangarri bat aurrera eramatea lortu duena, non haurrek nekazaritzaren eta naturaren balioa ere ikasten duten.

Irudietan, Vietnameko haur-eskola, VTN arkitektura bulegoak diseinatua. (Quang Tran - Hiroyuki Oki)

Badira bi hilabete, adibidez adibide, naturaren eta hiriaren arteko muga lausotzen gabiltzala. Espazio publikoan ekologia berriak sustatzea posible egin duten hainbat auzotegi eredu ezagutu ditugu, eta hasi gara gure etxadiko kaleetan begetazio eta bioaniztasun falta sumatzen. Igande honetan, dimentsioz aldatu eta eraikinetara egingo dugu salto, horietan ere badagoelako zer aplikatu.

Azken urteotan, nabarmena da naturan oinarrituriko soluzioekiko (NBS) interesak gora egin duela eraikinen diseinuaren arloan. Bururatzen zaizkigun aurrenekoak gainazal berdedun estalkiak zein fatxadak diren arren, horiek baino haratago joan gaitezke, besteak beste, hainbat espezierentzat babeslekuak sortuz. Estalkien kasuan, gainera, hainbat erabileratarako metro karratu gehigarriak dira eta aproposa izan daiteke hiri-nekazaritzara bideratzea elikadura-sistema lokalak eta erresilienteak sustatzeko. Elikagaiak hirian bertan ekoizteak klima aldaketara egokitzen eta berau arintzen laguntzen du, baliabideen eraginkortasuna eta gizarte-kohesioa eskaintzeaz gain.

Horren eredu da irudietan ezagut dezakegun Vietnameko haur-eskola, VTN arkitektura bulegoaren eskutik herrialdearen berezko ezaugarriak garaiko beharretara egokitzen dituena. Azkenaldian herrialdeak aldaketa handiak pairatu ditu ingurumenari dagokionez, manufakturan oinarritutako ekonomia baterantz aurrera egiteagatik, besteak beste, eta lehorteak eta uholdeak ugaritu dira. Zirkulu itxi baten gisan, hasierako puntua den elikagaien hornidura arriskuan jartzen dute. Hiriaren hazkunde azkarrak eta urbanizazio geraezinak hautsi egiten dute haurren eta naturaren arteko harremana; trukean motordun ibilgailuek eragindako auto-ilara eta kutsadura atmosferikoa daukate. Eraikina erronka bat da arazo horiei aurre egiteko.

Nekazaritzan oinarrituriko haur-eskolak zaintza funtzio bikoitza daukala esan daiteke, hortaz; haurrak zaintzen dituzte eta haurrei zaintzen erakusten diete baratzearen mantentzeak dakarren erantzukizunaren bidez. Horretaz gain, elikagai eta nekazaritza esperientziak eskaintzen dizkie. Eraztun hirukoitzaren forma duen estalki berdea da honen berezitasuna, daukan geometria bereziak hiru patio sortzen ditu barnealdean umeentzat jolasgune desberdinak eratuz. Irakaskuntza gune guztiak estalki bizidunaren azpian daude, eta, xingola baten mugimendua erreproduzituz, altuera desberdinetako espazioak sortzen dira behean. Gela horietan aireztapen gurutzatua bermatzen da alboetako leihoen bitartez, eta, era berean, argiztapen naturala dute gelek.

Naturan oinarrituriko soluzioak energia aurrezteko metodo arkitektonikoak ere badira: teilatu berdeak eraikina isolatzen du, eta fatxadako landarediak itzala ematen dio inguruneari, babesleku klimatiko atsegina sortuz. Ondorioz, haurtzaindegiak ez du aire girotuaren beharrik, ikasgeletan tenperatura egoki erregulatzen baita sistema jasangarriei esker, eta energiaren %25 aurrezteko gaitasuna dauka. Antzekoa gertatzen da urarekin; estalkiko euri-urak eta inguruko fabriketako hondakin-urak birziklatuz ur gezaren %40 aurrezten da, berdeguneak ureztatzeko nahiz komunontziak betetzeko erabil daitekeena.

Proiektuaren aurrekontua mugatua izan denez, gehiegikeriarik gabeko eraikuntza-sistemak erabili dira, eta naturan oinarrituriko soluzioak izan dira eraikina aberastu dutenak zentzu zabalean, bai konfort aldetik, bai eta kontzeptualki ere haurren hezkuntza programa irekiz. Jasangarritasunaren ikuspegitik, lorpena da ez egon beharra inolako girotze-aparaturen menpe espazioetan tenperatura egokia izateko. Ikus dezakegunez, hori diseinuaren esku dago, eta garrantzitsua da balio horiek gaztetxoei transmititzea, energia ez dezagun txikikerietan xahutu.

Sistema naturalak ezartzeak onuradun bihurtzen ditu ekosistema lokalak. Beharrezkoa da, ahal den neurrian, fatxada zein estalkien gainazalak zaintzea bizimodu berriak sortzen uzten dituen diseinuen bitartez, eta, batez ere, egungo soluzio abiotikoak albo batera utzita. Hirietako ekologia berrietan oinarrituz horiek birpentsatzeak etorkizuneko hirietatik gertuago jartzen gaitu, denon artean parteka daitezkeen espezie anitzeko topagune eta sorgune horietatik, hain zuzen ere.